Inbasioa hasi du Turkiak

Turkiako armadak 10.000 soldadu baino gehiago sartu ditu Iraken mendeko Kurdistanen, PKK gerrilla suntsitzeko asmozAnkarak laguntza eskatu dio nazioarteari, eraso militarren arrakasta ziurtatzeko

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko urriaren 21a
00:00
Entzun
PKK-ko gerrillari kurduek egindako ekintzak berehalako erantzuna izan du, eta Recep Tayyp Erdoganen gobernuak iragarritako mendekua betetzen hasi da: Turkiako armadako 22 batailoik igaro dute Irakeko muga, gutxienez 10.000 soldadurekin, Ankararen informazio zerbitzuek ustez mapan kokatutako PKKren baseak suntsitzeko asmoz. Armadaren datuak dira horiek, baina Fira agentziak, armadaren iturri anonimoak aipatuz, 20.000 inguruan jarri du kopurua. Lurrez egindako inbasioa indartzeko, helikopteroen zirkulazioa ere izugarria da. 2008tik ez zuen armadak muga lurrez zeharkatu, eta 10.000 soldadurekin egin zuen. Orduan ere PKK amaitzeko asmoz sartu ziren, baina ez zuten lortu. Oraingoan, helburua lortzeko etenik gabeko erasoan hasi da.

Herenegun, PKK Kurdistango Langileen Alderdiko ekintzaileek 24 soldadu hil zituzten, Turkiako Kurdistanen, Irakeko mugatik gertu —armadak eman du kopuru hori; gerrillariek diote ehun inguru izan zirela—, eta Turkiaren armadak inbasioa Irakeko mugako bost gunetan hasi du.Turkiaren mendeko Kurdistango Çucurka eta Yuksekova herriak militarrez josirik daude, eta herritar asko alde egiten hasi dira, hantxe bertan izan daitezkeen erasoen beldur; militarrak egonda ere, atzo bertan leherketa bat izan eta militar bat hil baitzuten, eta, kontrol zorrotza izanda ere, PKKrekin aurrez aurrekoak egon daitezkeela uste dute. Diyarbakir hiri kurduan Turkiak duen base militarretik atera diren helikopteroak Zap eta Zagros ari dira bonbardatzen, artilleria astunak lagunduta, Iraken aldean, non armadaren arabera, PKKren baseak dauden. Gertatzen ari dena, baina, ez dago zehatz jakiterik, are gutxiago zibilekin zer gertatzen ari den.

Turkia, laguntza eske

Turkiak ez du bakarrik aritu nahi PKK amaitzeko zereginean, eta nazioarteari laguntza eskatu dio. Hasteko, Iraki. Hark lehenik gerrillarien ekintza gaitzesteari ekin dio: «PKKren ekintza terroristak gaitzesten ditu Irakeko Gobernuak, eta baieztatzen du beste behin Irak ez dela izango talde armatu terroristen babesleku».

Bagdadekin akordioa egina du bere lurretan sartzeko, han nahierara ekiteko. Baina Turkiak gehiago nahi du: elkarlana. Irakeko armadaren parte hartzea nahi luke erasoetan, «hitzetatik ekintzetara» igarotzea, Erdoganek zehaztu duenez. Egun batzuk igaro ditu Ankarak Bagdadi publikoki presio egiten, eta, azkenean, nahi duen erantzuna jaso du: «Behar izanez gero» militarrak mugaldera bidaliko dituela agindu du Nuri al Malikiren gobernuak. Dena den, garbi du «interes nazionalak» eragiten dituen gaietan berea izango dela erabakia, ez turkiarrena.

Irakeko Gobernuak Kurdistango Eskualde Autonomoaren izenean ere hitz egin du, eta esan du bi gobernuek «horrelako ekintzak [PKK-k egindakoa] errepika ez daitezen konpromisoa» dutela. Atzo bertan, Mashud Barzani kurduen presidentearen iloba Nechirvan Barzanik Erdoganekin bilera bat egin zuen egoeraz hitz egiteko. Hitzorduaren aurretik, lehen ministroak aurreratu zuen litekeena dela miliziano kurduek Turkiako armadari laguntza ematea.

AEBek ere dagoeneko hartu dute konpromisoa Turkiako armadarekin lan egiteko, besteak beste, AEBetako zerbitzu sekretuen informazioa partekatzeko. AEBek oraindik base garrantzitsuak dituzte Iraken, eta militar kopuru esanguratsua. Hala ere, AEBek turkiarrei ohartarazi diete galga jartzeko zibilen kontrako erasoei.

Gainerakoan, nazioarteak gogor gaitzetsi du PKKren ekintza, batez ere Europak eta AEBek. Haiek PKK terroristen zerrendan sartzen dituzte. Dena den, ez dute ezer esan, PKKren erasoaz gain kurduak jasaten ari diren jazarpenari buruz.

Mobilizazioak

Turkian atzo hainbat mobilizaziotan milaka herritar atera ziren kalera, PKKren militarren hilketa salatzeko; kurduen alderdi eta elkarteetara jo zuten ondoren, eta haietako batzuei gogor eraso zieten. BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi kurduaren Ankarako egoitzan, besteak beste, Turkiako bandera ezarri zuten, eta kideen kontrako oihuak eta irainak egon ziren. Kuklareli unibertsitateko gazteei, berriz, Turkiako ereserkia kantarazi zieten, eta, oro har, Turkian barna izandako liskarretan dozenaka kurdu eraman zituzten atxilo.

BDPk Turkiako armadari eta PKK-ko ekintzaileei hitz egin dezatela eskatu die, gerra amai dezatela. Abdullah Ocalan PKK-ko buruzagiak kartzelatik duela hiru egun esan zuen elkarrizketarako prest daudela eta Ankarako gobernuak zabaldu behar duela ate hori. Turkiak 75 milioi biztanle dauzka, eta 15 milioi dira kurduak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.