Ez dago argi nor, noiz eta nola izendatuko duten Kataluniako Generalitateko presidentea. Oraindik ere Carles Puigdemont da horretarako hautagai sendo bakarra, baina hura Bruselan egoteak sortzen dituen trabak gainditu ezinik dabiltza oraindik ere alderdiak. Horiek hala, gaur biltzekoak ziren Junts per Catalunya eta ERCko buruzagitzak auziaz hitz egiteko.
Joan den aste amaieran, JxCk presidentea urrutitik izendatu ahal izateko lege proposamena erregistratu zuen, baina ez zuen ERCren babesik jaso. Azken horrek ohartarazi du asteburuan inbestidura "eraginkorra" nahi dutela, eta Puigdemonten zilegitasuna onartzen duten arren, harena presidentetza "sinbolikoa" beharko lukeela.
Bitartean, prentsara bidalitako komunikatu batean ANC Kataluniako Batzar Nazionalak JxCko hautagaiaren alde egin du eta berretsi du hark behar duela izan Generalitateko buruzagi berria. Horretarako, inbestidura saioa Parlamentuan egitea defendatu du, eta eskatu die alderdi independentistei euren gain har ditzatela horrek ekar ditzakeen "erantzukizun eta ondorio penalak".
Matxinada
Auzitegietan, berriz, aurrera doa Kataluniako auzia. Bartzelonako Instrukzio Epaitegiko 13. salako epaile Juan Antonio Ramirezek jakinarazi die, urriaren 1eko erreferendumarekin lotuta, auzipetutakoei matxinada delitua ere ikertzen ari direla.