Bart gauerdian amaitu zaio Damaskori indarkeria utzi eta Arabiar Ligarekin hitzartutako plana betetzeko epea. Hildakoak, ordea, gero eta gehiago dira Sirian: ostiraleko protestetan soldaduek tiroketekin jarraitu dute, eta hogeitik gora pertsona hil dituzte, eta 30 lagun baino gehiago zauritu, eta atzo hemeretzi hil zituzten. Armadak eta Poliziak, gainera, armak isilarazteko gailuak erabili ditu oposizioak Erbin meskitaren aurka antolatutako manifestaldia sakabanatzeko. Eta hori guztia Arabiar Ligak Bashar Al Assaden erregimenari jarrera aldatzeko ezarritako hiru eguneko epearen barruan.
Azaroaren 2an onartu zuen Damaskok Arabiar Ligaren plana. Zibilen aurkako erasoak eteteko, tankeak hiriguneetatik ateratzeko eta oposizioarekin elkarrizketak abian jartzeko eskatu zion erakundeak, eta horretarako bi asteko epea ezarri zion. Gainera, nazioarteko ordezkarien talde bat bidali nahi du Siriara, herrialdearen berri gertutik izateko. Halakorik ezean, erakundetik kaleratuko dutela mehatxu egin zion.
Asteazkenean bete zen bi asteko aldia, eta, oposizioko iturrien arabera, gutxienez 400 pertsona hil ditu Al Assaden erregimenak denbora tarte horretan. Nazioarteak eta Arabiar Ligak berak gogor kritikatu dute Siriak konpromisoari muzin egin izana, nahiz eta Ligak oraindik ez duen kanporaketa gauzatu. Hori gertatu aurretik, baina, planari baldintza batzuk ezartzen dizkion gutuna bidali du Damaskok erakundera; hala nola 500 kide izan beharrean 40 ikuskatzailez osaturiko ordezkaritza izan dadila. Zenbait adituren arabera, Siriak hori onartzea «aurrerapausoa» da; besteentzat, aldiz, Al Assadi eskaerak egiteko gaitasuna murriztu zaio, erregimenak erasoekin jarraitu baitu.
Erregimenari aurre egiteko, hain zuzen, Erresuma Batuko Atzerri gaietako ministro Wiliam Haguek aditzera eman du bihar bilera bat egingo duela matxinatuen buruekin Londresen, Siriako oposizioarekin harremanak sendotzeko asmoz. Gainera, taldeokin harreman diplomatikoak izan dituela argitu du.
Indarkeria amaitzeko Arabiar Ligak Siriari jarritako epea bukatu da
Damaskok ez du jarrera aldatzeko keinurik egin; gutxienez hemeretzi pertsona hil dira atzoko liskarretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu