Indarkeria baretzea lortu eta gero, gaur bozen bigarren itzulia egingo dute Ginean

Herrialdeko bi etnien arteko ezinikusiak eraginda, bitan atzeratu dituzte presidentea aukeratzeko bozak

2010eko azaroaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gineako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian lehiatuko diren bi hautagaiek anaitasun eta bakerako deia zabaldu dute. Iragan ekainaren 27an egin zuten lehen itzulia, eta ordutik hainbeste eraso gertatu dira, ezen bi aldiz atzeratu behar izan dute hauteskunde data. Gaurko bozetan parte hartzeko eskubidea duten 4,2 herritarrek Cellou Dalein Diallo lehen ministro ohiaren eta Alpha Conde oposizioko beteranoaren artean aukeratu beharko dute. Ekainean Diallok botoen %43 lortu zituen eta Condek, %17.

Kolonialismoak diseinatutako Afrikako herrialde gehienetan bezala, etnien arteko ezinikusiakgirotu zuen ekaineko lehen saioa. Hauteskunde egunaren aurretik eta ondoren izandako indarkeria katea eteteko nahia azaldu dute, haatik, Peul etniako Diallok eta Malinke giza taldeko Condek. «Geuk, Cellou Dalein Diallok eta Alpha Condek, bozketa baketsu, aske eta demokratiko baten alde jarduteko konpromisoa berresten dugu», adierazi dute aho batez bi hautagaiek, elkarri bostekoa ematearekin batera, Konakry hiriburuan. Ildo beretik, bakerako deia egin diete Gineako herritarrei, nazioarteko hainbat goi ordezkariren aurrean.

Hautagaien jarrerak Afrikako mendebalderako Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiorde Said Djinnit askietsi du. «Boz hauek baldintza aski baketsuetan gertatuko direlako itxaropena daukat», adierazi du Djinnitek. Horrez gain, Gineako armadaren jokaera ere txalotu du, eta bide horretan jarraitzeko eskatu dio, «demokrazian sendotzeko gai dela agerian uzteko».

Demokraziarantz bide luzea gelditzen zaie egiteko, ordea. 1958an Frantziarengandik independentzia lortu zuenetik; izan ere, aginte demokratikorik inoiz ez dute izan Ginean. Armadak berak 26 urtez agindu du zuzenean Ahmed Sekou Toure, Lansana Conte, Moussa Dadis Camara eta Sekounaba Konate presidenteen kargualdietan. Aurtengo urtarrilaz geroztik jarduneko presidente den Konate jeneralak hitzeman zuen hauteskundeak egongo zirela, eta hitza bete du.

Uagaduko akordioaren haritik

Lehen txandaren ostean gertatu ziren borrokak Gineako etnia nagusiak diren Peul eta Malinke gizataldeen arteko etsaigoek hazi zituzten. Gatazkari irtenbidea aurkitzeko xedean, Gineako indar politiko gehienen ordezkariak Uagadugun (Burkina Faso) bildu ziren, eta bozketak modu baketsuan egiteko akordio bat sinatu zuten, iragan irailaren 2an.

Itun hori hizpide zuela, AB Afrikako Batasuneko ordezkari berezi Ibrahim Fall baikor azaldu da gaurko hauteskundeei begira. «Nahigabekorik ez dela egongo ezin da erabat ziurtatu, baina giro aski baketsuan egingo den bigarren txanda batera goazela uste dut», adierazi du Fallek. Horrek ohartarazi du, baina, «zurrumurruek hazitako liskarrak» gertatu direla azken asteotan. Hortaz, etnien arteko etsaigoa handitu lezakeen adierazpenik ez egiteko zinki eskatu die beste behin Fallek bi hautagaiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.