Indarkeriak gora egin du Kongon, oposizioak bozetan iruzurra salatu ondoren

Gobernuak arduragabetasuna egotzi dio oposizioari; gutxienez lagun bat hil dute liskarretan

Erredakzioa
2011ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Kongoko Errepublika Demokratikoko hiriburua gudu-zelai bilakatu zen atzo. Oposizioko kideak eta Polizia elkarri tiroka aritu ziren ordu luzez, eta gutxienez lagun bat hil dute. Ostiralaz geroztik, indarkeriak gora egin du Kinshasan, Etienne Tshisekedi oposizioko buruak presidentetzarako bozen emaitzen berri izan orduko —botoen%32 eskuratu ditu— iruzurra egon dela salatu baitzuen, eta bere burua presidente izendatu zuen. Emaitza ofizialek, baina, egungo presidente Joseph Kabilari ematen diote garaipena, bozen %49rekin.

Hauteskunde kanpaina osoan tentsioa handia izan da Kongoko Errepublika Demokratikoan. HRW Human Rights Watch erakundearen arabera, hemezortzi lagun hil zituzten istiluetan kanpainan. Hauteskunde osteko egunak ere tentsioz betetakoak izan dira, eta ostiraletik, emaitza ofizialak jakinarazi zituztenetik, indarkeriak goia jo du hiriburuan. Oposizioko ehunka gaztek kalera jo dute harriekin, aihotzekin eta molotov koktelekin armatuta. Polizia, berriz, negar eragiteko gasekin eta airera tiro eginez jendetza sakabanatzen saiatu da. Hainbat auzotan, gainera, barrikadak eraiki dituzte pneumatikoei su emanda.

Gobernuak iruzur salaketak ukatu ditu, eta CENI Hauteskunde Batzorde Nazional Independenteak emandako emaitzak hauteskunde prozesuari «sinesgarritasuna» ematen dioten bakarrak direla gaineratu du. Era berean, oposizioari jarrera «arduragabea» izatea leporatu dio, eta liskarren erantzule jo du.

Konponbide eske

Afrikako Batasunak lasaitasunerako deia egin du, eta eragile politikoei herrialdearen «ahultasuna» kontuan hartzeko eskatu die. Izan ere, azken hamabost urteetan bi gerra zibil jasan ditu Kongoko Errepublika Demokratikoak, eta bost milioi lagun inguru hil dira gatazka horietan. Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ere irtenbide baketsuen alde egiteko eskatu die alderdi politikoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.