Independentismoa aise nagusitu da Groenlandiako hauteskundeetan. Hiru alderdi nagusiek botoen %79,8 eskuratu dituzte, eta eurenak izango dira Inatsisartut herrialdeko parlamentuko 31 eserlekuetatik 26. Halere, hauteskunde kanpainako gako nagusia ez da Danimarkarekiko harremana izan, Greenland Minerals enpresak irlan eraiki nahi duen metal arraroen meategia baizik. Hala, IA Inuit Ataqatigiit (Inuit Komunitatea) alderdi sozialista eta ekologista, proiektuaren aurkako protesten gidaritza eraman duena, izan da bozkatuena.
Groenlandiako herritarren gehiengoa Danimarkatik banandu eta herrialde independente bihurtzearen aldekoa da. Argi utzi dute hori herenegun eginiko bozek. Lehen hiru alderdi bozkatuenak independentistak dira, eta duela hiru urteko emaitzak hobetu dituzte: bost eserleku gehiago eurentzat. IAk botoen %37,4 eskuratu ditu, azken hauteskundeetan baino 11,6 puntu gehiago, eta hamabi diputatu izango ditu. Uharteko gobernuaren gidaritzan zegoen alderdiak erea, Siumutek (Aurrerantz), gora egin du, hamar eserleku eskuratuta, eta Naleraqek, berriz, lau diputatu izango ditu, orain arteko kopuru bera.
Unionisten artean, Demokratiit (Demokratak) eta Atassut (Komunitate Sentipena) alderdiak izan dira legebiltzarrean sartzea lortu duten bakarrak. Lehenak botoen ia erdiak galdu ditu, eta hiru diputatu lortu. Bigarrenak, berriz, bi eserlekurekin jarraituko du.
Hala, aldaketa nagusia independentismoaren lidertzan egon da, eta, uharteak 1979an autonomia eskuratu zuenetik bigarren aldiz, baliteke Siumut gobernutik kanpo geratzea. Alderdi barruko arazoek eta, batez ere, Australiako Greenland Mineralsek —kapitalaren %80 txinatarra du— Kuannersuit eremuan egin nahi duen biltegiaren proiektuak dimisioa ematera behartu zuten Kim Kielsen lehen ministroa.
Lurraldea aberatsa da mineraletan, eta, enpresaren arabera, lur arraroen Mendebaldeko biltegi handiena bihurtuko litzateke, munduko bigarren garrantzitsuena. Egun, Txinak kontrolatzen du metal horien ustiaketaren %80, eta, besteak beste, produktu elektronikoak eta armamentu militarra garatzeko erabiltzen dira.
Horrez gain, baina, zinka, fluorita eta uranioa ere ustiatuko lituzkete, eta azken elementu hori maneiatzeak ingurunean eragin dezakeen kalteak sortu du harrabotsa. IA gai izan da meategiaren aurkako protestak hauteskundeetara eramateko, gobernuko alderdia, Demokratiit unionistarekin batera, proiektuaren alde agertu den bitartean. Haien esanetan, meategiak Groenlandiak Danimarkarekiko duen dependentzia ekonomikoa murriztuko luke.
Australiako enpresak 2007an lortu zuen meategia ustiatzeko lizentzia, baina uharteko agintariek lanak hasteko baimena eman zain dago. Hori hurrengo gobernuaren esku geratuko da, eta ezkerreko alderdiaren garaipenak zaildu egin dezake halakorik gertatzea, IAk adierazi baitu proiektua geldiaraziko duela.
Gobernua osatzeko negoziazioak hasiko dituzte orain, eta, IAko buru Mute Egedek adierazi duenez, «hainbat aukera» aztertuko dituzte. Horietako bat Naleraq alderdiarekin bat egitea litzateke, hango hedabideen arabera. Biak independentistak eta uranioa ustiatzearen aurkakoak dira, eta gehiengo osoa izango lukete.
Groenlandiak 2009an onartutako estatutuaren arabera, eskubidea du independentzia aldarrikatzeko, herritarren gehiengoak hala nahi izanez gero. Uharteko 56.000 biztanleen zati handiena baiezkoaren alde dago, baina alderdiak orain arte ez dira ados jarri prozesua gauzatzeko pauso eta epeetan. Izan ere, uharteko BPG barne produktu gordinaren erdia, 500 milioi euro inguru, Danimarkak emandako diru laguntzek osatzen dute. Horri aurre egiteko, baliabide naturalen kudeaketa Nuukeko gobernuaren esku geratu zen.