Independentzia berreskuratzeko bidean

Eskoziako osteguneko bozetan abertzaleak dira faborito; erreferenduma egin nahi dute 2010erako

2007ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Londresen menpe dago Eskozia 1707tik. Alabaina, eskoziar guztiak ez daude egoera horrekin kontent. Oraingoz, bozetan jarrera unionista da nagusi, baina itxura guztien arabera, gehiengo hori aldatu egingo da ostegunean Edinburgoko legebiltzarrerako egingo dituzten hauteskundeetan. Hilabeteak dira jarrera abertzalea sendotzen ari dela, eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionala (sozialdemokrata) nagusitzeko aukera inkesta nahiz hedabideetan islatzen dela. Oraindik bidea dago independentzia berreskuratzeko, baina autodeterminazio erreferendumaren eztabaida herritarren eta politikarien ahoetan dago.

Historian inbaditzaile eta okupatzaile askori egin behar izan diete aurre eskoziarrek, tartean erromatar, bikingo eta ingelesei. 1707an Ingalaterrako monarkiaren menpe geratu arren, beren izaera independentea eta burujabetza berreskuratzeko nahia atxiki izan dute, Londresko zein Edinburgoko legebiltzarretan independentistek ibilbide gorabeheratsua izan badute ere. Orain badirudi haizea alde dutela.

Londresek ia hiru mendez zuzenean agindu ondotik 1999an berriro martxan jarri zuen Eskoziak bere legebiltzarra, Edinburgon (Dun Eideann, gaelikoz). Lehenago, 1979an, Parlamentua leheneratzearen aurkako jarrera nagusitu zen, orduan eginiko erreferendumean.

Egun Erresuma Batuko Alderdi Laborista da nagusi Edinburgon, eta Liberal Demokratekin dago koalizioan. Laboristek 50 diputatu dituzte, eta liberal demokratek 17. Bigarren indarra da SNP, 26 diputaturekin --bat Legebiltzarreko presidentea da--, eta Alderdi Kontserbadoreak 17 ditu, 2003an lortutako diputatuetako batek independenteen altzora jo ondoren. Berdeek (SGP), sozialistek (SSP eta Solidarity alderdiak), herritar zaharrek (SSCUP) eta independenteek osatzen dituzte talde parlamentariorik txikienak.

Inkestetan, gorabeherak gorabehera, sendo ageri da olatu abertzalea, ontzi laborista astintzen. The Herald egunkaria zen apiril hasieran laboristen garaipena aurreikusten zuen bakarrenetakoa, baina iragan ostegunean kaleratutakoaren arabera, SNPk botoen %38 jasoko du --orain hiru aste %34rekin ageri zen--, laboristek %34 (%4 gutxiago), liberal demokratek %13 (%2 gutxiago) eta kontserbadoreek %11 (%1 gehiago).

Ildo berean, Strathclydeko Unibertsitateko politika aditu James Mitchellen kalkuluen arabera, SNPk 49 diputatu lortuko ditu, laboristek 45, liberal demokratek 19 eta kontserbadoreek 14. Ez dituzte alderdi txikiagoen eta independenteen aurreikuspenak eskaini.



UNIONISTEN URDURITASUNA. Eskozia Londresen menpe geratu zenetik 300. urtemugaren -joan den urtarrilaren 16a- haritik, eta bozak gerturatu ahala, Londresen tonua gogortuz joan da abertzale eskoziarrekiko. Dena den, independentistak ez dira lo geratu, eta hainbat ekimen jarri dituzte abian.

Urtemugaren kariaz, Alderdi Laboristako kide eta Erresuma Batuko Ekonomia ministro Gordon Brownek esan zuen Erresuma Batuaren existentzia «arriskuan» zegoela. Brownen alderdikide eta Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairrek batasuna defendatu, eta merkataritza eta segurtasunerako mesedegarritzat jo zuen. Bai Blair bai Brown eskoziarrak dira, eta biek britainiarrek «partekatutako balioak» goraipatu zituzten orduan. Eskoziaren independentzia haren ekonomiarako «hondamendia» litzatekeela ohartarazi zuen Blairrek. Bereizketari «ideia zahar eta zaharkitua» deritzote laboristek.

Aldiz, Alex Salmonden SNPk, batasunaren urteurrena baliatuta, 1707, Aukeratzeko eskubiderik ez; 2007, aukeratzeko eskubidea lelodun kanpaina hasi zuen.

Halaber, hauteskunde kanpainan oihartzun handia izan du 100 enpresaburuk alderdiari espresuki sostengua eman izana, joan den astean. 1999ko bozetan antzeko zerrenda aurkeztu zuten laboristek.

SNPren aldeko zerrendaz gain, Alderdi Liberalaren diru-emaile nagusia izandako Brian Dempseyk berriki esan du laboristak sostengatzen segitzen duen arren, ez duela dudarik esateko Alex Salmondek «zintzoki eta ederki» beteko dituela Eskoziako lehen ministroaren karguaren eginkizunak.

Sean Connery aktore beterano eskoziarrak ere bere babesa adierazi dio SNPri.

Olatu abertzalea gerarazten saiatu dira beste enpresaburu batzuk, eta independentziaren kontrako agiria sinatu dute horietako 150ek, baina ezein alderdiri sostengua adierazi gabe.



ERREFERENDUMERAKO AUKERA. SNPk bozak irabaziz gero, erreferenduma egin nahi du independentziaz. Jakinarazi duenez, ez du berehala egingo; lehenik «trantsizio tarte bat» utziko luke, herritarrak«SNPren gobernuaren onurez konturatzeko». Herritarrei ondo azalduko lieke independentziak ez lukeela kaosik eragingo, «trantsizio baketsua eta positiboa» baizik.

Urtarrilean zabaldutako inkesta bati jarraiki, eskoziarren %80k uste dute erreferenduma egitea dela Eskoziaren geroa erabakitzeko modurik onena. Beste inkesta batek, aldiz, zioen eskoziarren %36k uste dutela batasunak eragin positiboa izan duela, eta %27k, berriz, negatiboa.



PETROLIOAREN GAKOA. Eskoziak dituen baliabide naturalak, batez ere Iparreko Itsasoko petrolioa eta gasa, aberastasun iturri handiak dira, baina ez daude Eskoziaren esku. Erresuma Batuko Gobernuak kudeatzen ditu. Aberastasun iturri izateaz gain, tirabira politikoen iturburu dira, independentziazaleen eta unionisten eta Londresko gobernuaren artean.

2005eko abenduan Eskoziaz ez arduratzea eta herrialdeko aberastasunekin Londresko gobernuaren «zulo beltza» bete nahi izana egotzi zioten laboristei SNPk, Alderdi Kontserbadoreak eta hainbat sindikatuk.

SNPko diputatu Kenny MacAskillek BERRIAri adierazi dionez, petrolioak Eskozia garatzen asko lagunduko luke. «Gure esku balego, Europako herrialderik aberatsena izango ginateke, baina zoritxarrez [Erresuma Batuko lehen ministro ohi] Margaret Thatcherrek sindikatuak suntsitzeko erabili zuen irabazien zati handi bat, eta Tony Blairrek, aldiz, Irakeko gerran. Halere, petrolioa ez da ezinbestekoa. Finlandia, Irlanda, Islandiak... ez dute petroliorik eta Eskozia baino hobeto daude orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.