Independentzia eta islamismoa

MNLA eta Ansar Dine miliziek, bat egin, eta estatu islamikoa sortu dute Mali iparraldeko Azawad lurraldean

mikel rodriguez
2012ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Joan den apirilaren 6an aldarrikatu zuen MNLA Azawadeko Nazioa Askatzeko Mugimenduak Mali iparraldeko Azawad lurraldearen independentzia. Bitarte horretan, Maliko agintariek ez dute bete lurralde hori indarrez berreskuratzeko mehatxua, eta hilabete baino gehiagoko de facto-ko independentzian, Azawad itxura hartzen hasi da: MNLAk eta Ansar Dine milizia islamistak, bat egin, eta estatu islamikoaren sorrera aldarrikatu dute, xaria lege islamikoan oinarrituko dena. Mendebaldeak eta Errusiak ere mesfidantzaz begiratzen dute eremu horretan gertatzen ari dena, haientzat mehatxu bikoitza dena sinbolizatzen baitu: herri minorizatu batek alde bakarreko ekimenez lortutako independentzia eta islamismoaren garaipena. «Afrikan munduko jokalari nagusien interesek talka egiten dutenez gero, Maliren iparraldeko gertakariak agenda globalean daude, ez soilik hango eremukoan», adierazi du Errusiako presidenteak Afrikarako duen ordezkari Mikhail Margelovek.

Frantziak 1960ko hamarkadan alde egin ondotik, Mali independentearen esku gelditu zen Azawad. Horregatik, tuaregek matxinada bat baino gehiago egin dute Bamakoko boterearen aurka. Dena den, azken gerra herrialde arabiarretako iazko matxinaden ondorioa dela uste du Margelovek, «bereziki» Libiako gerrarena. MNLAko milizianoak Muammar Gaddafi koronelaren aliatuak ziren, eta, hark boterea galdu ondoren, Maliko Gobernuaren aurkako matxinada berpiztu zuten, hein batean Libiako gerran lortutako armekin. Errusiako diplomatikoak dio Gaddafiren erregimenaren deuseztatzeak eremu osoa ezegonkortu duela. «Estatu berri horren aldarrikapenak Maliren batasuna ez ezik Nigerkoa eta Mauritaniakoa ere arriskuan paratzen ditu». Izan ere, herrialde horiek ere tuaregen lurrak hartzen dituzte. Apirilean independentzia aldarrikatu zuenean, ordea, Maliren menpeko eremura mugatuko zuela agindu zuen MNLAk.

Kolonialismoaren ondoren ezarritako herrialdeen desegiteaz gain, bertze beldur bat agertu du Vladimir Putinen ordezkariak: «Erradikalismoa hazi egin da. Nazioartearen begietara, Magrebetik Afrikako Adarreraino arku berdea sortu da». Hau da, Saheleko eremuan talde islamisten presentziaren areagotzea. MNLA milizia sekularra da, baina Maliko armadaren borrokan Ansar Dine tuaregen talde islamista ere garrantzitsua izan da. Teorian, talde hori ez zen independentista, eta Mali osoa estatu islamiko bihurtzeko helburua zuen. Iragan asteburuan, baina, Azawadeko Gao bigarren hirian akordioa egin zuten bi taldeek. Atayer ag Mohamed MNLAko bozeramaileetako batek adierazi du xariaren aplikazioa ez dela «hain erradikala» izanen.

Bertze auzi eztabaidagarri bat tuareg matxinoek Magreb Islamikoko Al-Qaedarekin duten ustezko lotura da. Tonbuktu hartu zuten egunean, mundu osoko hedabideek nabarmendu zuten jihadisten bandera beltzak paratu zituztela eraikinetan. Malik eta Mendebaldeak Al-Qaedarekin lotzen dute Ansar Dine.MNLAk, ordea, Al-Qaedaren etsaitzat du bere burua. Ag Mohameden arabera, bi miliziek Al-Qaeda «akabatzea» hitzartu dute.

Bamakoren erantzuna

Azawadeko Estatu Islamikoaren aldarrikapenak Parisen harrapatu du Dioncounda Traore Maliko behin-behineko presidentea—duela astebete egin zioten erasoan jasandako zauriak sendatzera joana da—. Haren hutsunean, Hamadoun Traore Informazio ministroak adierazi du Malik ez duela kontuan hartu aldarrikapena, «are gehiago estatu islamikoa izanda». «Malik bakarrik gaindituko du egoera», adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.