Kataluniako erreferenduma

Independentziaren aurkako aldarria eraman dute Bartzelonara

Antolatzaileek esan dute 930.000 pertsona bildu direla; Udaltzaingoaren arabera, berriz, 350.000. Espainiako banderak eskuetan, Puigdemonten aurkako oihuak ozen entzunarazi dituzte.

Espainiaren batasunaren aldeko manifestazioa egin dute Bartzelonan. ALEJANDRO GARCIA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2017ko urriaren 9a
07:11
Entzun

Puigdemont kartzelara" eta "gelditu kolpistak" gisakoak edonon entzun zitezkeen atzo eguerdian Bartzelonako kaleetan. Izan ere, milaka lagun bildu zituen Societat Civil Catalanak antolatu eta eskuineko alderdi nahiz erakundeek babestutako manifestazioak. Nahikoa da! Berreskuratu zentzua! lelopean egin zuten independentziaren aurkako protesta. 

Manifestazioa eguerdiko hamabietan zen abiatzekoa, Urquinaona plazatik. Baina ordua baino lehenago iristen hasiak ziren Espainiako hainbat herri eta hiritatik joandako autobusak —ehundik gora antolatzaileen arabera—. Tartean, alderdi politikoetako ordezkariak, besteak beste Madrilgo erkidegoko presidente Cristina Cifuentes eta Ciudadanoseko Albert Rivera.

Goizean goiz izan zen bestelako elkarretaratzerik; esaterako, 400 pertsona inguruk Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean egin zutena.

Antolatzaileek eskatua zuten protesta baketsua izan zedila. Ordea, izan ziren liskarrak ere. TV3 kateko hainbat kazetarik salatu dute iraindu eta jo egin zituztela manifestazioaren berri ematen ari zirela. 

Akusazioak eta oharrak

Protesta amaieran, Mario Vargas Llosa idazleak eta Josep Borrell ministro ohi sozialistak hartu zuten hitza. Batak zein besteak ohartarazi zioten Carles Puigdemont presidenteari "alferrik" ari dela "Espainia zatitzeko ahaleginetan". Literatura Nobel saridunak adierazi zuen nazionalismoak direla "pasiorik okerrenak" eta historian "heriotza gehien" eragin dutenak. 

Societat Civil Catalanak leporatu zion Generalitateari independentistak ez diren katalanek "bizi duten bazterketa" bultzatzea. "Nazionalistak amildegiaren ertzeraino heldu dira, eta orain handik jaurti nahi dute herrialdea. Gaur, banatutako gizarte bat gara, eta, egoera okertzea nahi ez badugu, zubiak eraikitzen hasi behar dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.