Katalunia. Independentziara bidean

Independentziari buruz galdetuko dute azaroaren 9an

«Nahi duzu Katalunia Estatu bihurtzea?» izango da lehen galdera; baietz badiote, independentziaren alde egin ahalko duteRajoyk ez du onartuko galdeketa egiterik, «Konstituzioaren aurkakoa» delako

Samara Velte.
2013ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Kataluniaren burujabetzari buruzko herri galdeketak baditu eguna, formulazioa eta prozedura. 2014ko azaroaren 9an izango da, eta kataluniarrek galdera bati erantzun beharko diote lehenbizi: «Nahi duzu Katalunia Estatu bihurtzea?». Erantzuna baiezkoa bada, zehaztu beharko dute ea estatu hori independentea izatea nahi duten ala ez.

Kataluniako alderdi subiranista nagusietako buruzagiek adostu zituzten atzo galdeketaren nondik norako nagusiak. Ateak itxita eta abisu eman gabe bildu ziren CiU, ERC, ICV-EUiA etaCUPeko ordezkariak Generalitateko egoitzan ordu eta erdiz; eztabaidaren xehetasunik ez zuten argitara eman, baina amaieranjakinarazi zuten Artur Mas presidenteak Convergencia i Unio koalizioaren izenean aurkeztutako proposamenak egin zuela aurrera. Kataluniako Gobernuak aste hasieran zirriborratu zuen galdera bikoitzaren plana, ERCk estututa. Izan ere, amaitzear zen hark emandako epea: urte amaierarako eguna eta galdera zehaztu ezean, 2014ko aurrekontuak onartzeko babesa ukatuko ziola egin zion mehatxu.

Alderdi independentisten eskariak, ordea, ez dira bete galderaren formulazioari dagokionean: ERCko eta CUPek nahiago zuketen galdera bakarra egin izan balitz, eta hark zuzenean Kataluniaren independentziari buruz itaunduko balu; esate baterako, «Katalunia estatu independentea izatea nahi al duzu?». ICVk, berriz, erabakitzeko eskubidearen alde dauden guztiak gogobetetzeko moduko «galdera barneratzailea» eskatu zuen.

Azkenean, bi izango dira erreferendumeko galderak: «Nahi duzu Katalunia Estatu bihurtzea?», eta gero, «Baiezkoan bazaude, nahi duzu Estatu hori independentea izatea?». Lehenengoan aipatzen den «estatua» zer den ez dute zehaztu; independentea ez den estatua nolakoa litzatekeen ere ez. Kataluniako hedabideek iradoki dutenez, Espainiaren menpeko estatu federal bat aldarrikatzen dutenei egindako kontzesioa da CiUren proposamena —PSCk defendatutako aukera da, hark akordioan parte hartu ez zuen arren—. «Galdera bikoitzak baiezko zabala ahalbidetuko digu», azaldu du Joan Herrera ICVko koordinatzaileak: «Federalistak eta independentistak elkartuko ditu, eta oraingo egoera irauli nahi dutenei batzeko aukera emango die».

Akordio azkarra eta zabala

Atzo aurkeztutakoa akordiorako oinarria da; orain alderdi bakoitzak berretsi beharko du. Ituna «oso azkar» adostu dutelako pozik agertu da Mas: «Bi egunetan soilik lortu dugu, eta oso ona dela uste dut». Generalitateko buruaren arabera, formulazioak bi baldintza betetzen ditu: parlamentuko gehiengoaren babesa dauka, eta «galdera zabal baina aldi berean argi eta zehatza» planteatzen du. «Estatus politikoa aldatu nahi duen orok bozkatu ahal izango du, eta horren ondoren estatu independentea nahi duen orok ere bai».

ERCko buru Oriol Junqueras ere konforme agertu da adostutakoarekin: «Argi dago galderak barne hartzen duela ERCk ezinbestekotzat jotzen duena. Ez genuen hain galdera luzea nahi; independentziari buruz bozkatzeko aukera nahi genuen, baina ulertzen ditugu beste taldeen eskaerak». Junquerasek azaldu duenez, soilik lehen galderari baietz erantzuten dietenek bozkatu ahalko dute independentziaren alde edo kontra: «Gehiengo handiak bigarren galderari ere erantzungo diola espero dugu». Baina «lehenengo zatian baiezkoak irabazten badu eta bigarrengoan ezezkoak, independentismoak galdu egin duela ulertuko dugu».

ICVk, esaterako, baiezko botoa eskatuko du lehen galderan, baina bigarren erantzuna «uneko testuinguruaren arabera» erabakiko du. «Guretzat, ezinbestekoa zen galdeketa legezko bideetatik egitea», azaldu du Herrerak. «Kataluniaren eta Espainiaren arteko harremana parekoa izatea nahi dugu».

Desberdin mintzatu da CUPeko Quim Arrufat. Azken akordioak plataformaren baldintza batzuk soilik kontuan hartzen dituen arren, ontzat eman du adostutakoa: «Hemen bildutako indar politikoak asebetetzeko akordioa da. Orain arte inoiz gertatu gabeko urrats bat egin dugu gaur: orain hasiko da Espainiako Estatuarekin gatazka demokratiko bati ekiteko atzerako kontaketa». CUPek ere nahiago zukeen galdera bakarra egingo balitz, baina alderdien arteko adostasunaren izenean babestu du ituna.

Espainia, mugiezin

Galdeketaren nondik norakoak zehaztuta, Madrilera begira jarri da berriro Kataluniako presidentea: «Orain, Kataluniako parlamentuko gehiengoari arreta eskainiko dion estatu espainiar bat behar dugu. Eskua luzatuta daukagu, eta espero dugu Estatuaren erantzuna lagungarri izango zaiola Kataluniako herriari bere etorkizuna erabakitzerakoan». Hain zuzen ere, Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten hiru alderdi katalanek —CiUk, ERCk eta ICVk— erreferenduma antolatzeko eskumena Generalitatearen esku uzteko eskatuko diote Espainiako Gobernuari. Datorren astean ekingo diete proposamena Espainiako Diputatuen Kongresura eramateko tramiteei.

Proposamena entzun ere ez dute egin nahi, ordea, Madrilen. «Bermatzen dizuet galdeketa hori ez dela egingo. Edozein eztabaida eta negoziaziotik kanpo dago gai hori», esan du, lehor, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak. Kataluniaren independentziari buruz galdetzea Espainiako Konstituzioaren aurka doala argudiatu du, haren oinarrietako bat urratzen duelako: «Espainiako nazioaren batasun zatiezina». «Subiranotasuna espainiar guztien jabetza da, eta soilik espainiarren osotasunarena», gaineratu du: «Konstituzioa eta legeak betetzeko eta betearazteko hitza eman dut, eta galdeketa hori ez da egingo».

Espainiatik erantzuten azkenengotarikoa izan da Rajoy. Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentearekin bildu osteko prentsaurreko batean egin ditu Kataluniari buruzko adierazpenak. Van Rompuyk babesa adierazi dio Espainiako gobernuburuari, eta ohartarazi du Katalunia estatu independente bihurtuz gero, Europako Batasuneko itunak ez liratekeela automatikoki indarrean sartuko.

Rajoyren aurretik, antzera mintzatu dira Espainiako Gobernuko eta PPko beste goi kargudun batzuk. Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroaren arabera, Kataluniaren independentzia «Espainiaren subiranotasun nazionalari eta lurraldearen osotasunari» eragiten dion auzia da, eta beraz, espainiarrei ere badagokie katalanen etorkizunari buruz erabakitzea. Bestela, «espainiarren oinarrizko eskubideak—erabakitzeko eskubidea, hain zuzen ere— urratuko» lituzkete. «Katalunia Estatua da: Espainiako Estatua» esan du Alfonso Alonso PPk Kongresuan duen eledunak: «Eta Estatuaren eta Estatuko instituzioen ohiko ordezkaria —Generalitatekoa, alegia— Artur Mas da. Bere funtzioa bete behar du: legea betetzea eta betearaztea».

Espainiako bi alderdi nagusiak erabat ados daude gai horri dagokionez, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak jakinarazi duenez. Erreferendumik egongo al den galdetuta, Rajoyrekin «dena hitz eginda» dagoela erantzun du, eta ez duela uste galdeketa gauzatuko denik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.