India 18 milioi kasura heldu da azken orduetan

arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 29a
11:12
Entzun

Oxigenoa lortzea jarri du lehentasuntzat Narendra Modi lehen ministroaren gobernuak. Indiako erietxeek joan den astean iragarri zuten koronabirusak jotako gaixoentzako oxigenorik gabe geratuak zirela, eta botikak ere amaitzen ari zitzaizkiela. Azken orduetan, gainera, inoizko kutsatu gehien atzeman dute: 379.257. Horiekin, 18 milioi pasa dira herrialde hartan atzemandako positiboak, eta 204.832 hildakoak —horietatik 3.600, azken 24 orduetan—.

Kutsatzeak gutxitze aldera, gobernuak iragarri zuen atzo aplikazio berri bat jarri zuela martxan 18 urtetik gorako guztiek txertaketarako ordua hartu zezaten. Herritarrek, baina, salatu zuten hura abian jarri eta ordu gutxira kolapsatu egin zela, eta hainbat orduz erorita egon zela ataria; berriz martxan jarri zenerako, ez zegoen txandarik libre. Txertaketa kanpaina indartsu hasi zuten urtarrilean, baina motelduz joan da asteek aurrera egin ahala. Egun, 1.400 milioi herritarretatik %10ek bakarrik jaso dute lehen txertoa, eta soilik %1,5ek biak.

India da txerto gehien ekoizten duten herrialdeetako bat, baina, gobernuak 45 urtetik gorakoak txertatzen hasteko baimena eman zuenetik, horiek ere bukatuz joan dira. Oposizioak leporatu dio lehen ministroari txertoak atzerrira saldu izana herritarrentzako dosiak bermatu gabe.

Nazioarteari eskatu dio laguntza New Delhik, eta jaso du erantzunik. AEBek iragarri dute 83 milioi euroko laguntza emango diotela herrialdeari botika eta bestelako baliabideetan, besteak beste, mila oxigeno bonbona eta N95 motako 15 milioi maskara, baita AstraZeneca txertoaren hogei milioi dosi ere. Laguntza bihar hasiko da heltzen. Errusiak ere bi hegazkin bidali ditu Indiara, zaintza berezietarako hainbat baliabiderekin.

Munduan biztanle gehien duen herrialdeko hamar estatutan biltzen dira kutsatzeen %74. Horietatik, Maharashtra eta New Delhi dira okerren daudena, eta, ondorioz, itxialdia ezarri dute agintariek bietan. Pandemiak osasun sistema ez ezik hileta guneak ere kolapsatu ditu. Hiriburuan, aparkalekuak errausketa gune bilakatu dituzte hainbat auzotan. Bien bitartean, herritarrak gaixo dituzten senideentzako botika eta oxigeno bila dabiltza —biak ala biak amaituta daude bai ospitale eta bai botiketan—.

Ez dago argi zerk eragin duen Indian bigarren olatuak horren gogor jo izana. Baina adituek uste dute birusaren aldaerak, eta batez ere B1617 aldaerak, zeinak bi mutazio izan dituen eta askoz ere kutsakorragoa den, zerikusia izan duela, segurtasun neurriak ez betetzearekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.