Indiako ipar-ekialdeko Assam estatuan gutxienez 64 lagun hil zituzten atzo goizean, lau hiri ezberdinetan hemezortzi bonba leherrarazita. Hildakoez gain, 335 zauritu ere eragin zituzten erasoek, eta horietako 75 egoera larrian zeuden, Tarun Gogoi Assamgo lehen ministroak jakinarazi zuenez. Guwahati izeneko estatu hiriburua izan zen ekintzaileek bereziki zartatu zutena, gutxienez hiri horretan izan zirelako hildakoen erdiak. Erdiguneko auzunea jendez gainezka zegoen atentatuek herio izua sortu zutenean.
«Ingurua oinezkoz, bulegoetako langilez eta saltzailez beteta zegoen izugarrizko leherketa jazo denean», adierazi zuen Arindam Dasek, orduan erosketak egiten ari zen lekukoak. Gobernuko bulegoetatik eta Probintziako Batzarretik gertu, fruitu eta barazkien merkatuak suntsitu zituzten. Poliziaren arabera, hamalau lagun hil zituzten Probintziako Batzarraren ondoan, eta beste 22 Gobernu bulegotik hur. Epaitegi baten aurrean eztandarazi zuten beste bonba bat, eta sei lagun hil zituzten kiskalita. Autoetan ezkutatuta zeuden bonba gehienak.
«Sei edo zazpi gorpu ikusi ditut erabat erreta lurrean, egun beltza da guretzat», esan zuen Jeet Hazarika 32 urteko abokatuak. Polizia autoei eta su-hiltzaileei harrika egin zieten herritar askok hondamendira iritsi zirenean, atentatuengatik sumindurik. Bizirautea lortu zuten lekukoek ikaratuta kontatu zuten elbarritutako gorpuak ikusi zituztela, eta baita suntsitutako autoen artean odolostutako zaurituak ere.
Guwahati hiriburuan ez ezik, Kokrajhar, Barpeta Road eta Bongaigao hirietan ere eragin zituzten leherketak ekintzaileek. Gutxienez hamazazpi pertsona hil zituzten Kokrajharren hiru bonba eztandarazita, eta bost hildako gehiago Barpeta Roadeko atentatuan. Horrez gain, Bongaingoko findegi batean bi polizia zauritu ziren, susmagarri iritzi zioten motor bat aztertzen ari zirela lehertu ondoren. Atentatuak 11:20an hasita ordu beteko epean egin zituzten, eta talde batek aurrez ondo prestatutako erasoak izan zirela ondorioztatu zuen laster Poliziak.
Inork ez du bere gain hartu
ULFA Assam Askatzeko Fronte Batasuna talde independentistari egotzi zizkioten segurtasun indarrek hilketak, Himanta Biswa Sarm Assamgo Osasun ministroaren ahotan, ULFAk lehenago ere atentatu andana egin duelakoan. ULFAk ukatu egin zuen, ordea, zerikusirik zuela, eta bere aurkako «desinformazio kanpaina» salatu zuen, atentatuen ondoren.
Ekintzaileok 1979an Gobernuaren aurkako oldarraldia hasi zuten independentziaren bila New Delhik Assam lurraldea kolonizatu nahi duela arrazoituta. Gatazkan 10.000 lagun hil dituzte bi aldeek hiru hamarkadotan. Indiako Gobernuarekiko negoziazioek porrot egin zuten 2006an. Assam estatuan ez ezik Indiako Manipur, Nagaland, Meghalaya, Tripura eta Mizorma estatuetan independentzia eskatzen duten mugimenduak daude, eta 50.000 lagun hil dira gatazkotan Indiak 1947an independentzia erdietsi zuenetik.
Nolanahi ere, poliziak Jihadeko ekintzaile islamisten erasoak izan daitezkeela ere ez du baztertzen. Manmohan Singh Indiako lehen ministroak ez du inor akusatu, baina «errugabeen aurkako ekintza basatiak» gaitzetsi ditu.
India iparraldeko lau hiritan gutxienez 64 lagun hil dituzte, hemezortzi bonba lehertuta
Ordubetean egin dituzte atentatu denak, Assam estatuan, eta hildakoak eta 335 zauritu eragin dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu