Bertan ekoiztutako sendagai merkeen aldeko sententzia bat onartu du Indiako Auzitegi Gorenak: Suitzako Novartis enpresa farmazeutikoari ukatu egin dio leuzemiaren aurkako sendagai baten patente lizentzia. Novartisek Glivec markaren izenpean merkaturatzen du imatinib mesilatoa munduko hamaika herrialdetan; lizentzia esklusiboa du haietako 40tan. Indiako merkatuan sartzeko, herrialdean lehendik merkaturatzen zuten sendagai generikoaren patentea lortu nahi zuen. Orain, auzitegi gorenak ebatzi du Novartisen produktuak ez dakarrela berrikuntzarik aurrekoarekin alderatuta, moldaketa bat baizik; horregatik, enpresa europarrari lizentzia ukatzea erabaki du.
Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko Lina Menghaneyren arabera, Indian osasun arloan hartutako erabakirik «garrantzitsuena» da. Izan ere, minbiziaren aurkako sendagai horrek hilero 2.022 euroko kostua du gaixo bakoitzarentzat, enpresa pribatuak merkaturatuz gero; Indiako sendagai generikoak, aldiz, 155 euroko kostua du.
«Pobreen farmazia»
Gaur egun, sendagai merkeen esportatzaile nagusia da India; Txinaren ostean, gehien ekoizten duen herrialdea ere bada. Herrialde pobretuetan erabiltzen diren hiesaren aurkako botiken %80 handik datoz; «pobreen farmazia» deitzen diote horregatik. 1970etik datorren politika bat dago garapen horren oinarrian; izan ere, urte horretan sendagaien patente lizentziak enpresa pribatuei ez ematen hasi zen India, berak ekoiztutako botika merkeen merkatua sustatze aldera.
2005ean MME Munduko Merkataritza Erakundean sartu zenean, indarrean sartu ziren jabetza intelektuala bermatzeko araudiak eta patenteak. Sendagaien kasuan, ordea, lege berezi bat du Indiak: soilik aurreko produktu generikoarekiko berrikuntza dakarten sendagaiei emango die lizentzia, substantzia berri horiek sendagaiaran eraginkortasuna hobetzen badute.
Indiak patente lizentzia ukatu dio Novartis enpresaren sendagai bati
Herrialdeak berak ekoizten duen sendagai generikoa merkatuan mantentzeko xedez hartutako erabakia da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu