INDIAKO ATENTATUA. «Beldur itzela pasatu dugu»

Erasoek parez pare harrapatu dituzte Karmelo Bilbao eta Jaione Atxutegi Larrabetzuko (Bizkaia) senar-emazteak, eta gaua ihesean eman dute, lagunen etxean aterpea eta abegia aurkitu duten arte.

2008ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Indiako lagun batzuen etxeko abegi onean bezperako amesgaiztoa ahaztu nahian zeuden atzo Karmelo Bilbao eta Jaione Atxutegi Larrabetzuko (Bizkaia) senar-emazteak. Goizaldeko tiro hotsen burrunba artean itzali gabe zegoen Atxutegik BERRIAren deiari erantzun zionean. Afalduta eta nekeak jota, aireportura bidean zeuden, Espainiako Gobernuak bidalitako hegazkinean Euskal Herrira itzultzeko. Bombayko Trident hotelean geldituko dira oraingoz bizkaitarren ondasunak. «Asteartean heldu ginen eta astelehena arte egoteko asmoa geneukan. Indiako ezkontza bat ikusi nahi genuen, baina ezinezkoa da», adierazi zuen Atxutegik.

Bikotearen hotela Oberoi hotelarekin lotuta dago, eta hara joan ziren herenegun gauean afaltzera. Jaten hasterako, 22:30ean -18:00etan Euskal Herrian-, ingurukoen izuak ohartarazi zituen erasoez. «Tiroak entzuten hasi ginen gugandik gertu, eta tabernako jendea handik alde egiteko eskatzen hasi zen. Sukaldean sartu ginen, ez genekien norantz joan. Batzuek beherantz egin zuten eta guk gorantz. Laugarren solairura igo ginen, eta tiro hotsak behetik eta goitik entzuten genituen». Gero, hotelean behera egin zuten.

«Igerilekuaren ondoan izan ginen, eta handik itzelezko leherketak izan ziren, granadekin eta horrelakoekin». Erasoaldia hasi eta ordu erdira hoteleko langileekin elkartu ziren beheko solairuan. Kalera atera ziren, baina tiroek bultzatuta hotelera atzera ere. «Zulobideetatik dendak dauden lekuetara joan ginen, baina hor ere bizpahiru alditan atera behar izan genuen. Jendea oso izututa zegoen. Oso txarto pasa genuen».

Azkenean aparkaleku baten atarian aurkitu zuten aterpea, harik eta bulego batera joan ziren arte. Handik, atzo goizean, beste auzune batean bizi diren lagunengana. «Beldur itzela pasatu dugu», aitortu zuen Atxutegik. «Trident hoteletik 50 metrora egon gara gau osoan. Kalean soldaduak ikusten ziren, baina telebistak jakinarazten zuen setiotik urrunago, 200 edo 300 metrotara».

Liskarrek bere horretan jarraitzen zuten atzo iluntzean: «Ez dago auto ilararik, polizia ugari dago kaleetan. Ez da egoera onbideratu. Hemengo jendea oso arduratua dago, egoera asko luzatzen ari dela esanez. Afaltzera etorri garenean ere granada erasoak eta tiroketak izan dira hotelean».

Karmelo Bilbaok, Atxutegiren senarrak, goizaldeko izua irudikatu zuen Radio Euskadi irratiari eginiko adierazpenetan: «Tiroka hasi zitzaizkigun, zerbitzari bat zauritu zuten, eskaileretatik korrika hasi ginen, tiroka jarraitu ziguten, beste mutil bat erori zen, eta ondoren suak hartu gintuen».

Julen Garamendi, Espainiako kontsuletxean ari den euskal herritarra, eraso guneetatik at hirian zegoen giroaz mintzatu zen Euskadi irratian. «Ordu laurdenera gaude. Ez dago jende askorik kaleetan. Guztiei esaten ari zaizkie etxean gelditzeko eta itxaroteko».

Ignasi Guardans CIU Convergencia i Unioko Europako Legebiltzarreko diputatuak ez du berehalakoan ahaztuko atzokoa. Hoteletik afaltzera atera ziren, eta erasoetatik salbu izatea ahalbidetu zien zoriak, Radio Euskadin esan zuenez. Hala ere, jatetxean pasa zuten gaua. Bruselak bidaliko duen hegazkinaren zain zegoen atzo, Bombaytik irteteko.



Ez da egoera onbideratu, eta jendea oso arduratuta dago hemen, egoera asko luzatzen ari dela esanez»

Jaione Atxutegi
Atentatuen lekukoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.