Bertsioak bertsio, miaketa sakonarekin jarraitzea beharrezkoa zela erabaki zuen armadak, geletan ehunka turista baitzegoen oraindik gordeta. Baita Deccan Mujaideen taldeko hainbat kide ere. Herenegun -eta azken zifren arabera- 119 hildako eta 315 zauritu eragin zituzten leherketak eta tiroketak bere gain hartu zituen talde horrek.
Ekintzaileek Taj Mahal hotela eta Nariman House egoitza ere hartu zituzten gotorlekutzat. Lehenengotik bahitu guztiak atera ostean, ekintzaileak atxilotzeko asmoz sartu ziren militarrak bertara. Tiroketak izan ziren, etengabe, lekukoen arabera. «Ahalegin guztiak egiten ari gara terrorista horiek hiltzeko edo bizirik harrapatzeko. Baina operazioa tentuz egin behar dugu, errugabeak hilko ez baditugu», adierazi zuen Hoodak. Nariman Housen dagoen sinagogara sartzekoak ere baziren, han zazpi ekintzaile gordeta zeudelakoan.
Hildako gehiago
Artean, orduak igaro ahala, hildakoen zifra ere gora ari zen egiten. Azken informazioen arabera, 119 dira hildakoak eta 315 zaurituak. Zenduen artetik 97 indiar zibilak dira, eta hamalau, poliziak. Gainontzeko zortziak, berriz, atzerritarrak dira. Erresuma Batuko Atzerri Ministerioak berretsi du britainiar bat dagoela tartean. Baita japoniar bat eta italiar bat ere, Tokioren eta Erromaren arabera. Erietxera eraman dituztenetatik, berriz, 269 indiarrak, 22 kanpotarrak eta 24 poliziak.
Herenegun Bombayko hamar tokitan izandako erasoetako biktimak dira horiek guztiak. Iluntzeko 21:30ean -16:00ak Euskal Herrian- izan zen lehena, Trident Oberoi hotelean. Goizaldean, 01:30 aldera, Taj Mahal hoteletik ke zerrenda trinkoak hasi ziren ateratzen. Bi horien ondoren, Tower hotelean ere gertatu ziren leherketak. Cama and Albless ospitaleari, Metro zinemari, turistak sarri ibiltzen diren aldeko taberna eta jatetxeei, Colaba polizia etxeari eta Chhatrapati Shivaji tren geltokiari ere eraso zieten.
Ekintza horiek guztiak Decca Mujaideen taldeak hartu zituen bere gain, herenegun bertan.«Indian preso dauden mujaidin guztiak -ekintzaile islamistak- askatzea nahi dugu», adierazi zion India TV telebista kateari Oberoi hotelean gordeta zegoen ekintzailetako batek, itxura. Hala ere, egiletza hori ezbaian jarri du Indiako Gobernuak. Manmohan Sing lehen ministroak atentatuen atzean atzerritarrak daudela ziurtatu zuen atzo emandako prentsaurrekoan; «agerikoa da hori». «Sinesmenak sinesmen, bai ekintzak egiten dituztenek, bai terrorismoa babesten dutenek, guztiek ordaindu beharko dute». Era berean, halako atentatuak ekiditeko asmoz Ikerketa Agentzia Federala osatuko dutela aurreratu zuen.
Indiako armada, berriz, Pakistanera begira dago. Hooda jeneralak NDTV telebista kate pribatuari esandakoaren arabera, atxilotu duten ekintzaileak punjabi hizkuntza darabil. Hizkuntza hori Punjab eskualdean hitz egiten dute, Pakistanen.
Era berean, Indiaren eta Pakistanen arteko negoziazioen bigarren itzulia izan dute testuinguru erasoek. Sha Mehmud Kureshi Pakistango Atzerri ministroa herrialdean zen herenegundik, Pranab Mukherjee Atzerri ministro indiarrarekin biltzeko. Eta horrek indartu egin du armadaren hipotesia.
Bestalde, Europako Legebiltzarreko hainbat kide ere Bombayn ziren atentatuak gertatu zirenean. Nazioarteko Merkataritzako Batzordekoak ziren zortzi eurodiputatuak, Ignasi Guardans kataluniarra buru-CiU alderdikoa-. Gaur azken orduan dira Parisera iristekoak, Frantziako Gobernuak jarritako hegaldi batean.
Ekintzaileen jopuntu bihurtu den herrialdea
1993ko martxoaren 12a. Islamistei egotzitako atentatu olde batean 257 lagun hil eta milatik gora zauritu ziren Bombayn.1999ko uztailaren 2a. Gaisanen bonba bat zartarazi zuten tren geltokian, eta 70 lagun hil zituzten.
2003ko abuztuaren 25a. Gutxienez 52 lagun hil eta hamabost zauritu ziren Bombayko merkatu baten aurkako erasoan.
2005eko urriaren 29a. Hiru bonba jarri zituzten New Delhin, eta 62 hildako eta 155 zauritu eragin.
2006ko uztailaren 11. Ia aldi berean lehertutako zazpi bonbak 185 lagun hil eta 700dik gora zauritu zituzten Bombayko tren geltoki nagusian.
2007ko otsailaren 19a. India eta Pakistan lotzen dituen trenbideari eraso eta 66 lagun hil ziren, eta 60tik gora zauritu.
2007ko abuztuaren 25a. Gutxienez 30 lagun hil eta 60 zauritu ziren Hyderabad hirian, bi atentatutan.
2008ko maiatzaren 13a. Jaipur hiri turistikoari eraso eta 50 lagun hil eta ehundik gora zauritu zituzten.
2008ko azaroaren 26a. Bombayko hotel eta gune turistikoen aurka egindako hainbat erasotan ehundik gora lagun hil eta 300dik gora zauritu zituzten.
Terrorismo mota hau barkaezina da, oso zitalaeta basatia, eta benetako ezinikusia eragiten du»
Taro Aso
Japoniako lehen ministroa
Bombay, Indiako ekonomiaren bihotza
Hemeretzi milioi lagun bizi dira Bombayn, eta munduko bosgarren hiria da tamainaz. Urtero milioika turista iristen dira hara, eta bertako portutik irteten dira Indiako itsasontzien erdiak. Hiri horrek bakarrik sortzen du herrialdearen barne produktu gordinaren %5. Horiek hala, ez da harritzekoa herenegungo atentatuek Estatuaren ekonomian kalteak eragitea. Segurtasun neurri gisa burtsak ateak itxi zituen, baita hiriko banku nagusiek ere, lehendik kolokan dagoen ekonomiaren egoera are gehiago ahulduz.Agintariak, bestetik, beldur dira hiriko luxuzko hotelen aurkako erasoek turismoari ere kalte egingo ote dioten epe ertainean.