Indiako hiriburuan gutxienez 20 lagun hil dituzte egunotan, herritartasun legearen aurkako protestetan; hinduek eta musulmanek izan dute gatazka, eta 189 zauritu ere izan dira. Gehienak balek eragindako zaurien ondorioz hil dira; horien artean Rattan Lal Poliziaren buruzagietako bat dago —herenegun hil zen—.
Egoera hori ikusita, Amit Shah Barne ministroak dei egin die politikariei «hitzaldi probokatzaileak» ez egitera, orain arteko tentsioa areagotu dezaketelakoan: «Alderdi guztiek beren arteko desberdintasunak gainditu behar dituzte bakea berriz ezartzeko». New Delhi ekialdean, esaterako, protestariek su eman diote meskita bati.
Legeak baimena ematen die herritartasuna eskuratzeko Afganistango, Pakistango eta Bangladeshko errefuxiatuei, «erlijio gutxitu» hauetako parte badira: hindua, sikha, budista, jainista, parsia eta kristaua. Musulmanek, ordea, ez dute aukera hori izango —erlijio nagusia da hiru herrialde horietan—.
Lege hori aplikatuko zaie Indiara 2014ko abenduaren 31 baino lehen sartu zirenei; herrialde horretan 1.350 milioi biztanle bizi dira, eta 4.000 talde etniko baino gehiago daude. Erlijio nagusia hindua da (%80,5), eta hurrengoa, islama (%14); 180 milioi musulman inguru bizi dira Indian.
BJP eskuin muturreko alderdi hindu nazionalistaren gobernuak sustatu zuen legea, iragan abenduan, eta orduan argudiatu zuen «erlijioagatik jazarritako» migratzaileei asiloa eman nahi dietela. Halere, NBE Nazio Batuen Erakundeak kezka azaldu zuen, legeak «oinarri diskriminatzailea» duelako, musulmanen kaltetan.
Barne ministroaren arabera, lege horren bidez gobernuak herritarren errolda egin nahi du, «infiltratu bakoitza identifikatu eta Indiatik botatzeko».