Indigenen jabetza eskubidea mugatzearen aurka ebatzi dute Brasilen

Nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren lobbyaren eta eskuin muturraren argudioen kontra egin du Gorenak. Eskatzen zuten indigenen lurren aitortza mugatzea 1988an okupatuak zituztenetara

Indigena talde bat, herenegun, Brasilgo Auzitegi Gorenaren parean, ebazpena ospatzen. ANDRE BORGES / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Brasilgo Auzitegi Gorenak berretsi du konstituzionala dela herri indigenek beren lurralde historikoaren gainean duten jabetza eskubidea, lur horiek tradizionalki eta etengabe okupatu baldin badituzte. Eta argitu du eskubide horrek ez duela denbora mugarik. Hala, Gorenak baztertu egin du eskubide horren eragina denbora tarte jakin batera murrizteko eskaria. Ekintzaile indigenek garaipen historikotzat jo dute, baztertu egin dituelako nekazaritza eta abeltzaintza industrialari lotutako lobbyek eta ultraeskuineko indar politikoek aurkeztu dituzten argudioak. Talde horiek eskatu zuten indigenek lurren gainean duten eskubidea mugatu zedila Brasilgo Konstituzioa onartu zenean okupatuta zeuzkaten eremuetara, hau da, 1988ko urriaren 5ekoetara. Baina, herenegun, eskubidea epe jakinik gabe berrestearen alde bozkatu zuten bederatzi epailek; bi agertu ziren kontra.

Konstituzioaren 231. artikulua hartu dute oinarritzat Goreneko magistratu gehienek. Jasotzen duenez, hauek dira lurralde indigenak: Brasilgo jatorrizko herriek era jarraituan bizitokitzat eduki eta jarduera produktiborako erabili dituztenak, eta ezinbestekoak direnak natur baliabideak eta ohitura eta tradizio indigenak babesteko. Azaldu dutenez, konstituzioak «jatorrizko eskubideak» aitortzen dizkie herri indigenei lur horien gainean; beraz, eskubide horiek konstituzioa baino lehenagokoak dira, eta ezin dira legez mugatu.

Gorenak ontzat jo izan balu nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren lobbyaren eskaria, aitortza horretatik kanpo utziko zituzkeen indigenek 1988a baino askoz ere lehenago tradizionalki okupatu zituzten lurrak baina kolonoek indarrez kendutakoak.

Indigenen eskubideen aldeko ekintzaile askok emozioz ospatu zuten epaia. Horietako ehunka Gorenaren eraikinaren aurrean bildu ziren epaiaren zain, eta pantaila handien bidez ikusi zuten auzia. Indigenek aldarrikatzen dituzten lurretako asko Amazonia oihanean daude, eta, beraz, elkarte indigenek uste dute epaia garrantzitsua dela ingurumena babesteko. Amazonia da munduan biodibertsitaterik handiena duten natur eremuetako bat, eta zientzialariek ezinbestekotzat jo dute hura babestea klima larrialdiari aurre egiteko. Datuek frogatzen dute indigenen esku dauden lurraldeetan zaindu direla hobekien basoak eta biodibertsitatea.

Indigenei lurren gaineko eskubide konstituzionala aitortuta, Gorenak legezko formulak sortu beharko ditu orain, argitzeko zer egoera juridikotan gelditzen diren indigenek aldarrikatzen dituzten hainbat lur eremu, urteetan lur jabe handiek okupatu dituztenak; gehienetan, argitu gabeko lege oinarriarekin.

Epaile batzuek nabarmendu dute lur jabe horietako askok tokiko administrazioei erosi zizkietela okupatu dituzten eremuak, administrazioek lurren salmentarako baliatu zituztelako 1988ko konstituzioaren aurretik zeuden hutsune legal handiak.

Eztabaida Senatuan

Auziak eztabaida piztu du talde politikoen artean. Senatuko batzorde bat lege proposamen bat aztertzen ari da Gorenak baztertu duen denbora muga ezartzeko. Senatua datorren astean da proposamena bozkatzekoa, eta, onartzen badu, goi ganberara itzuliko da azken bozketa egiteko —Diputatuen Ganberak bide eman zion haren tramitazioari maiatzean, 283 ordezkariren babesarekin, eta kontrako 155 botorekin—. Senatari batzuek ohartarazi dute ekinaldiak ez duela ibilbide luzerik izango, Gorenera iritsiko delako konstituzioaren aurkakoa izateagatik.

Datu ofizialen arabera, Brasilgo indigenek herrialdeko eremuaren %14 okupatzen dute, 700 esparrutan baino gehiagotan banatuta. Estatua beste 490 eremuren gaineko eskariak aztertzen ari da. Lur indigenen demarkazioa egitea estatuko erakundeen betebeharra da, konstituzioak zehazten duenez. Botere publikoak, herri indigena bati lursail bat egokitzean, haren gaineko eskubide preskribaezina aitortzen dio, eta beste batek ezin du eremu horretako baliabiderik ustiatu Kongresuaren baimenik gabe.

Luiz Inacio da Silva Lula presidenteak berriz abiarazi ditu lur indigenen mugak zehazteko mekanismoak. Estatuburuak adierazi izan du indigenen jabetza eskubideari denbora muga bat ezartzearen aurka dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.