INGURUMENA. KLIMA ALDAKETA. DETLEF SPRINZ. «Europan ere inork ez du egin nahi esperimentu berderik»

Edu Lartzanguren.
2005eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Klima Aldaketa Ikertzeko Potsdamgo Institutuko (Alemania) aditua da Detlef Sprinz. Kyotoko Protokoloak lurraren berotze prozesuan izan dezakeen eraginaren inguruan mintzatu zaigu.

Izango al da diferentziarik Kyotoko ituna indarrean jarrita?

Bi alor aztertu behar ditugu: alde batetik klimari dagokiona, eta, bestalde, etorkizunari begira espero dugunari buruzkoa. Kontsentsua dago esateko itunak, egun dituen ezaugarriekin, ez duela eragin handirik izango ingurumenean. Edonola ere, muga bat ezartzen die herrialde industrializatuei, eta hori filosofia aldaketa izugarria da: estatuok badakite orain ezin dituztela gas isurketak mugarik gabe areagotu.

Filosofia aldatuta ere, tenperaturekigotzen jarraituko dute.

Egia da. Hori gelditzeko, ordea, berotegi efektua eragiten duten estatu guztiak itunean sartu beharko lirateke, Ameriketako Estatu Batuak, kasu. Txina eta Indiari, bestalde, ez die Kyotoko itunak mugarik jartzen oraindik.

AEBek kanpoan gelditzea erabaki dute. Egongo al da aurrera egiterik kutsatzaile nagusia gabe?

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak ez du Kyotoko Protokoloa sinatu nahi, baina AEBetan badira honen inguruko kezka handia duten estatu batzuk, ekialdeko eta mendebaldeko kostaldean. Zer edo zer egitea oso serio aztertzen ari dira. Edonola ere, klima aldaketaren kontrako sistema bat eraiki daiteke AEBak gabe. Adibidez, garapen bidean diren estatuei proposa dakieke beren isurketak mugatzea oso epe luzean, 50-60 urtera. Onartuko dute, ziurrenera, orain isurketa muga horretatik oso urrun daudelako. Edonola ere, herrialde industrializatuei dagokie ahalegin handiena egitea, logikoa denez.

Europako Batzordeak uko egin zion joan zen astean 2012rako murrizketa helburuak ezartzeari. Ez al da galdu AEBak estu hartzeko aukera bat?

AEBak konbentzitzea ia ezinezkoa izango da. Kontuan hartu behar da klima aldaketaren eztabaidan oso atzeraturik daudela, Europaren aldean. Nazioarteko ingurumen politikan beraiek baino atzerago egon gara, bereziki Kaliforniarekin konparatuta, baina gai honetan kontrakoa da. Europan ere murrizketetan oso azkar ibili nahi ez duen jende asko dago. Inork ez du esperimentu berderik egin nahi etxean.

Ez al da dagoeneko beranduegi klima aldaketa gelditzeko?

Dagoeneko hainbat aldaketa gertatzea saihestezina dela argi dago. Ezin dugu saihestu, esaterako, Artikoko mendebaldeko izotz plaka haustea, edo Groenlandia urtzea. Kalte arinak saihestezinak dira dagoeneko, baina kalte handiak ez gertatzea gure esku dago oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.