INGURUMENA. KLIMA ALDAKETA. Geroaren aldeko ituna

Gaur jarriko da indarrean Kyotoko Protokoloa, Lurraren berotzea gelditu eta klima aldaketa saihestu asmo duen ituna; haren arrakasta, ordea, sinatu nahi ez dutenen esku egon daiteke, Washingtonen esku, alegia

Edu Lartzanguren.
2005eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Elurrak engaina ez gaitzan. 2003, 2002 eta 2004 izan dira, segida horretan, inoiz neurturiko bigarren, hirugarren eta laugarren urterik beroenak. Zientzialari eszeptiko batzuk badiren arren, gero eta gutxiagok jartzen dute zalantzan Lurra berotzen ari dela,berotze hori gizakiok isuritako gasek eragiten dutela eta tenperaturen igoerak klima aldaketa ekarriko duela. Bero eta hotz bolada gogorrak, uholdeak eta lehorteak iragarri dituzte. Poloetako izotza urtu eta itsasoaren maila igoko da. Kyotoko Protokoloa sinatu zuten 1997an, berotzeari aurre egiteko asmoz, eta gaurtik indarrean da. Haatik, erantzunak eman baino, galderak sortzen ditu itunak. Hona nagusienak:

g Zer da Kyotoko protokoloa? Berotegi efektua eragiten duten gasen isurketak murrizteko 1997an eraturiko egitasmoa da. Petrolioa, ikatza eta gasa erretzeak sortzen duen karbono dioxidoa da lurraren berotzearen erantzule nagusia. Ez bakarra, ordea. Beste bost gas ditu jomugan itunak: nekazaritzak eta zabortegiek askaturiko metanoa, ibilgailuek isurtzen duten oxido nitrosoa eta industria prozesuetan sorturiko PFC, HFC eta SF6a.

g Zeintzuk dira Kyotoko itunaren helburuak? 2008 eta 2012. urteak bitartean, 1990. urtean aireratzen zuten gas kopurua %5,2 murriztea hitzartu dute ituna sinatu dutenek. Europako Batasuneko herrialdeek %8 murriztu beharko dute, eta Japoniak %5. Herrialde bakoitzak bere helburua dauka, negoziazioak oso zailak izan zirelako. Industria iraultzatik etekin handiena ateratako herrialdeek erantzukizun handiagoa dutela hitzartu zuten, eta, beraz, kutsatzailerik handienak Ameriketako Estatu Batuak eta Japonia isurketak murrizten lehenak izan beharko liratekeela itundu zuten. Estatu industrializatuetan 34k onartu zituzten helburuok eta bakoitzaren egoeraren arabera kalkulatu zituzten.

g Bete al dira helburuak orain artean? 1990 eta 2000. urteen artean %3 gas kutsakor gutxiago isuri zen. Edonola ere, Ekialdeko herrietako industria gehiena galdu zen eta horrek eragin zuen jaitsiera. Mendebaldeko estatuek %8 gehiago isuri zuten. Herrialde bakoitzak bere isurketen berri eman behar dio NBEren Klima Aldaketaren Ituneko idazkaritzari, eta helburuak betetzeko bidean zenbat aurreratu duen (aurreratu baldin badu) azaldu behar dio. Irlandako kasua argigarria da: isurketak %13 handitzeko baimena eman zioten, ekonomia aski atzeratua zuelako. Orduz geroztik, Irlandako ekonomiak sekulako loraldia izan du eta dagoeneko gainditu du muga, %29an. NBEren arabera, Europako lau herrialdek soilik beteko dituzte helburuak.

g Zer da Kutsatzeko eskubideen azoka? Hainbat herrialdek helburuak errazago bete ditzaten sorturiko mekanismoa da. Dagokien baino gehiago kutsatzen duten herrialdeek protokoloak ezarritako mailaren azpitik dabiltzan estatuek erabili ez dituzten eskubideak erosteko aukera dute. Horrez gain, beste aukera bat eman diete estatu aberatsei, eztabaida handien ondoren, gehiago kutsatzeko baimenak lortzeko: ustez kutsadura murrizten duten ekimenak gauzatzen badituzte, zuhaitzak landatu esaterako, gas kutsakor gehiago aireratzeko kredituak lor ditzakete. Azoka horri esker, etxean isurketak murriztu nahi ez dituen herrialde aberats batek inbertsioak egin ditzake beste batean, honen isurketak murrizteko. Zentzugabea dirudi, baina hau da mekanismo honen atzean dagoen logika: isurketen murrizketa globala lortu behar da, Lurrari ez zaio axola zein herrialdetan egiten den murrizketa.

g Nolako eragina izan du Washingtonen ezetzak? Ameriketako Estatu Batuak dira gas kutsakor gehien (%36,1) isurtzen dutenak. Edonola ere, AEBetako Senatuak Kyotoko Protokoloa berrestearen kontra bozkatu zuen. AEBetan beldur dira Txina eta India bezalako herrialdeak lehiakorrago bihurtuko diren, isurketak murriztu behar ez dituztelako. Washingtonen ezetzak kolokan jarri zuen ituna, hau ezartzeko ezinbestekoa zelako gas isurien %55en erantzuleak sinatzea. Errusiaren baietzak salbatu zuen ituna iazko urrian, isurien %61 bilduta. Hasieran sinatu zuten 34 estatuetatik soilik hiruk egin dute atzera: Estatu Batuak, Australiak, Liechtensteinek eta Monakok.g Lortuko du Kyotoko protokoloak Lurraren berotzea gelditzea? Zientzialari gehienen arabera, protokoloaren helburuak txikiegiak dira eragina izateko. Berotegi efektua eragiten duten gasak %60 eta %70 artean murriztu beharko lirateke klima aldaketa gelditu ahal izateko. Edonola ere, protokoloa garrantzitsutzat jotzen dute, oro har, negoziazio marko orokorra sortzen duelako eta datozen urteotan isurketa murrizteko helburuak handitzeko aukera ematen duelako. Gaur formalki indarrean jarriko bada ere, gurpil zoroan kateatuta dago Kyotoko Protokoloa. Europako Batasunak 2012. urtetik aurrerako helburuak ezarri asmo zituen, protokoloaren lehen fasetik harantzago. Washington ontzira igoarazteko presio bidea zen, gaia serioa dela eta aurrera doala esateko modu bat. Joan zen astean, ordea, atzera egin zuen Bruselak, eta «gomendioak» baino ez zituen eman. Gurpil zoroa: Kyotoko itunetik harantzago egin gabe, ezin Estatu Batuak konbentzitu, eta AEBak konbentzitu gabe zaila aurrera egitea. Bistan da protokolo honek nekez salbatuko duela Lurra. Baina bistan da, era berean, ez dagoela besterik.

-

Kyotorako bidea



1827: Jean-Baptiste Fourier zientzialari frantziarrak lehen aldiz erabili zuen berotegi kontzeptua.

1895: Atmosferan gero eta karbono dioxido gehiago egoteak ekar ditzakeen arazoez ohartarazi zuen Svante Arrhenius zientzialari suediarrak. Erregai fosilak erabiltzeak Lurra berotu zezakeela ikusi zuen.

1957: Gizateria «eskala handiko esperimentu geofisikoa» egiten ari dela ohartarazi zuen Roger Revelle AEBetako ozeanografoak. Haren kide David Keelingek CO2 mailak kontrolatu zituen lehen aldiz, eta urtez urte gora egiten ari zirela jabetu zen.

1979: Munduko Klimaren Konferentziaren lehen bilera. 1985: Berotegi efektuaren inguruko lehen nazioarteko bilera handia. «Datorren mendeko lehen erdian gas hauek gizakiaren historiako berotzerik handiena eragingo dute», ohartarazi zuten.

1987: Inoizko urterik beroena.

1988: Nazio Batuen Erakundeak Klima Aldaketaren Inguruko Gobernuarteko Taldea (IPCC) sortu zuen. Datu zientifikoak aztertzen ditu talde horrek. 1990: IPCCren arabera, azken mendean 0,5 gradu berotu da planeta. NBE klimaren inguruko ituna negoziatzen hasi zen, datuotan oinarrituta. 1992: Klima Aldaketaren Ituna sinatu zuten 154 estatuk. 2000. urterako, gas isurketak 1990eko mailara jaistea jarri zuten xede. 1995: Inoizko urterik beroena. 2100. urterako tenperaturak 1 eta 3,5 gradu artean igoko direla esan zuen IPCCk. 1996: Lehen aldiz, derrigorrezko isurketa murrizketak onartu zituen Washingtonek. 1997: Kyotoko Protokoloa sinatu zuten.1998: Urterik beroena, milurteko mende beroeneko hamarkadarik beroenean. 2001: George W. Bush AEBetako presidenteak Kyotoko ituna berresteari uko egin zion. 2002: Bigarren urterik beroena. Europako Batasunak eta Japoniak berretsi zuten ituna, baina Australiak ez. Errusiaren esku gelditu zen ituna salbatzea. 2003: Hirugarren urterik beroena munduan. Europan, berriz, azken 500 urteko udarik beroena: 30.000 pertsona inguru hil zituen beroak. 2004: Errusiak ituna onartuzuen Munduko Merkataritza Erakundean sartzearen truke. Laugarren urterik beroena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.