Ingurumena

Inoiz baino ekologista gehiago hil zituzten 2020an munduan

2020an ingurumena babesteko egitasmoetan zebiltzan 227 ekintzaile hil zituzten, horietako hiru laurdenak Latinoamerikan, Global Witness taldeak plazaratu duen txostenaren arabera.

Oihan bat soilduta, Kolonbiako La Macarena eskualdean, 2020ko irailean. MAURICIO DUEñAS / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko irailaren 13a
09:02
Entzun

Garai latza pairatzen ari dira ingurumenaren defentsan ari diren ekintzaileak munduan. 2020. urtean inoiz baino ekintzaile gehiago hil zituzten munduan, Global Witness gobernuz kanpoko erakundeak plazaratu berri duen txosten baten arabera. Latinoamerika da gunerik beltzena. Izan ere, hilketaren hiru laurdenak han egin dituzte.

227 ekintzaile hil dituztela kalkulatu du erakundeak, hau da, astero lau hilketa baino gehiago. Kolonbia da munduko lekurik arriskutsuena ingurumenaren aldeko ekintzaileentzat, datuon arabera. Izan ere, herrialde horretan bertan 65 hil zituzten. Ondoren datoz Mexiko (30 hildako), Filipinak (29) eta Brasil (20). Gainera, kopurua handiagoa izango dela uste dute txostengileek, eraso asko salatzen ez direlakoan.

Kolonbiako Somos Defensores erakundeak parte hartu du txostenean, eta, denera, 184 eraso zenbatu ditu. «2020 izan da orain arteko urterik txarrena. Asko areagotu dira ingurumenaren eta giza eskubideen aldeko ekintzaileen aurkako erasoak», esan du erakundeko Lourdes Castrok. Zehaztu duenez, gehienetan indigenak izan dira erasoon jomuga, eta ekintzon atzetik sarri enpresa handiak eta lur jabeak daude, baina baita paramilitarrak eta matxino taldeak ere.

Global Witness erakundeak gobernuei eskatu die ingurumenaren aldeko ekintzaileak hobeto babesteko.

«Gobernuek babesa serio hartzen ez duten bitartean, eta enpresek herritarrak eta planeta etekinaren aurretik jartzen ez duten bitartean, jarraitu egingo dute klima hondamendiak eta hilketek», idatzi du erakundeko Chris Maddenek.

Afrikako kasua ere nabarmendu dute txostengileek. Han zazpi ekologista hil zituzten 2019an, eta 18 iaz.

Horrez gain, Interneten bidezko mehatxuak eta jazarpena ere asko areagotu direla ikusi dute txostengileek.

Mexikoko Oscar Eyraud Adamsen kasua nabarmendu dute. Mexikon hil zuten 2020ko irailean, Baja Kaliforniako Kumiai komunitate indigenari ura segurtatzeko lanean ari zenean.

Hondurasko Guapinol komunitatea ere nabarmendu dute. Babesturiko ingurune batean burdin oxidoa ustiatzeko baimena eman dio hango gobernuak konpainia bati, eta horrek arriskuan jarri du indigenen ura. Herritar askok protesta ekintzak egin dituzte, eta horietako batzuk espetxean dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.