Inoiz erregistratutako hilabeterik beroena izango da aurtengo uztaila

Lehen 23 egunetan, 16,95 gradu izan da planetaren batez besteko tenperatura, eta 2019ko uztaileko marka gainditu du, 16,63 gradukoa

Pertsona bat korrika, Qatarren, joan den hilaren 19an. ALI HAIDER / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Aintzat hartuta zer tenperatura neurtu dituzten hilabete honetako aurreneko hiru asteetan, Munduko Meteorologia Erakundeak eta Copernicus EB Europako Batasunaren Klima Aldaketarako Zerbitzuak jakinarazi zuten, atzo,aurtengo uztaila izango dela planetan inoiz erregistratutako hilik beroena. Eta marka hori zuzenean lotuta dago klima aldaketarekin. «Inoiz baino beharrezkoagoa da berotegi gas gutxiago isurtzea», azpimarratu zuen, ohar batean, Petteri Taalas erakundeko idazkari nagusiak.

Uztaileko lehen 23 egunetako batez besteko tenperatura 16,95 gradu izan da, eta inoiz erregistratutako hilabete beroenaren errekorra hautsi du: 2019ko uztaila zen hori, eta 16,63 gradukoa izan zen marka. Kontuan hartu behar da joan den uztailaren 6an inoizko egunik beroena erregistratu zutela —17,08ko batez besteko tenperatura—, eta hilaren 3aren eta 23aren artean igarotako egun guztietan gainditu zela egunik beroenaren aurreko marka, 2016ko abuztuaren 13an neurtua: batez beste, 16,8 gradu.

Copernicusen eta meteorologia erakundearen arabera, Europan, Asian eta Ipar Amerikan azken asteetan nozitu dituzten bero boladen ondorioz gainditu da errekorra. EBren Klima Aldaketarako Zerbitzuak nabarmendu du uztaileko aurreneko eta hirugarren astean planetaren batez besteko tenperatura 1,5 gradu gainetik egon dela industrializazioaren aurretiko garaiarekin alderatuta (1850-1900). 2015eko Parisko Hitzarmenean, helburu gisa zehaztu zuten 1,5 gradu baino gehiago ez igotzea tenperatura XXI. mendearen amaieran aurreko aro horrekin konparatuta, baina, mendearen lehen laurdena bete aurretik, dagoeneko, gainditu da ezarritako muga.

Horren harira, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziak aurreikusi du, gainera, %98ko probabilitatea dagoela datozen bost urteetako bat, gutxienez, inoiz erregistratutako beroena izateko; eta, aldi berean, %66ko probabilitatea dago hurrengo bost urteetako batean, gutxienez, tenperaturaren batezbestekoa berriro izan dadin 1,5 gradu beroagoa 1850-1900 epekoa baino. Aintzat hartu behar da El Niño klima fenomenoa sortzen duten baldintzak detektatu dituztela duela aste batzuk Ozeano Barean, eta horrek itsaslaster beroa eragiten duela. Azkeneko aldiz 2016an izendatu zuten klima fenomeno hori, baina orduan planetaren batez besteko tenperaturak ez zuen 1,5eko langa gainditu industrializazioaren aurretiko garaiarekin alderatuta; 1,26 altuagoa izan zen.

«Irakinaldiaren aroa»

«Muturreko klima nozitu dute milioika pertsonak uztailean. Horrek erakusten du klima aldaketaren errealitate gogorra, eta, gainera, etorkizuna aurreratzen du», ohartarazi zuen atzo agentziaren idazkari nagusiak. NBEren idazkari nagusi Antonio Guterres ere mintzatu zen azken datuak argitara atera ondoren, eta adierazi zuen bukatu dela berotze globalaren garaia, eta «irakinaldi globalaren aroan» sartu dela planeta. «Klima aldaketa hemen dago; beldurgarria da, eta hau hasiera besterik ez da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.