Inoiz itzali ez den gatazka

Yemengo hegoaldeko independentistek borroka armatua hasiko dute; liskar gogorrak lehertu dira egunotan

mikel rodriguez
2013ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Azken urteotan, Yemenek hainbatetan bereganatu du komunikabideen arreta, gehienbat Ali Abdullah Salehen agintearen aurkako matxinadarengatik, Al-Qaedari lotutako talde islamisten presentziagatik eta AEBek piloturik gabeko hegazkinen bidez egiten dituzten eraso anitzengatik. Ezegonkortasun politikoa da nagusi Yemenen, estatua kolokan paratzen duten hainbat gatazka dituelako; hain zuzen, horietako bat berriz ere lehenbiziko lerrora itzuli da, hegoaldean liskar gogorrak hasi baitira zati horren independentzia aldarrikatzen dutenen eta batasunaren aldekoen artean. Hego Yemengo Mugimendu independentistak borroka armatuari ekinen diola ere iragarri du. Duela hemeretzi urte izan zen iparraldearen eta hegoaldearen arteko gerra zibila, baina gatazka ez da inoiz itzali.

1990 arte Yemen bi estatutan banatuta egon zen: Ipar Yemenek herrialdearen ipar-mendebaldea hartzen zuen, eta Hego Yemenek hegoaldea eta ekialde osoa. Azken urteetan Hego Yemenen independentzia aldarrikatzen duen mugimendua anitz indartu da, eta borroka ugari izan ditu armadarekin, Poliziarekin eta batasunaren aldekoekin. Azken liskar gogorrak joan den ortzegunean izan ziren, eta ordutik, gutxienez, zazpi lagun hil dituzte.

Hilaren 21ean Abd Rabbo Mansur Hadiren presidentetzaren urteurrena bete zen. Salehekin presidenteorde izan zen Hadi; matxinadaren ondoren, oposizioko talde nagusiekin ados paratuta izendatu zuten presidente, Saleh ordezkatu eta trantsizio politikoa zuzentzearen truke. Urteurrenaren harira, Aden hegoaldeko hiri nagusian bi manifestazio egin ziren: bata, Hego Yemengo Mugimenduarena, gobernuarenaurka; bertzea, berriz, Al-Islah alderdi islamistak deituta, gobernuaren alde. Polizia independentistei oldartu zitzaien, eta sei manifestari hil zituen. Ordutik, hegoaldeko hiri gehiagotara hedatu dira liskarrak, tiroketak gertatu dira Poliziarekin eta armadarekin, eta Al-Islahen egoitzei eraso diete.

Egoera horretan, Hego Yemengo Mugimenduko buruzagi Ali Salim al-Baidhek borroka armatuari ekinen diotela iragarri zuen herenegun, Libanotik, erbestetik. «Eraso diezaguketela uste badute, guk ere gauza bera egin dezakegu». Egoeraren larritasuna ikusita, Hadi presidenteak bisita sinboliko bat egin zuen Adenera, eta handik gogor erantzun zion Al-Baidhi. «Kaosa Libanotik zuzendu beharrean, ausarta bada etor dadila karrikara».

Hego Yemengo Mugimendua 2007an sortu zen, eta ordutik eraso anitz egotzi dizkio gobernuak. Mugimenduak, baina, aldarrikatu du orain arte bere estrategia nagusia karrikako mobilizazioan eta indar metaketan oinarritu dela. Sanako gobernuaren diskriminazioa salatzen du, arlo anitzetan: baliabide ekonomikoen banaketan, aginte eta funtzionario postuen banaketan, iparraldeko herritarren «kolonizazioa»... Mugimendua anitz hedatu da hegoalde osoan, eta jarraitzaileek Hego Yemengo izar gorridun bandera hartu dute ikurtzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.