Saudi Arabiara joan da Zine El Abidine Ben Ali, atzo Tunisiako presidente kargua utzi eta arratsaldean herrialdea laga ostean. Herritarren hilabete bateko matxinadak haren 23 urteko agintaldia amaitu du.
Hasieran zabaldu zen Mohamed Gannutxi lehen ministroak ordezkatuko zuela behin-behinean, baina gaur goizean Tunisiako Auzitegi Konstituzionalak Legebiltzarreko burua jarri du behin-behinean herrialdeko presidente: Fued Mebaza. Arratsaldean hartu du kargua. "Inor ez da geratuko prozesu politikotik kanpo", esan du.
Gannutxik segituko du lehen ministro. "Honen zeregina batasun nazionaleko gobernua eratzea izango da, hori baita herriaren egoerak eskatzen duena", esan du Mebazak.
Konstituzionalak erabaki duenez, presidentetza hauteskundeak 60 egunen buruan egin beharko dituzte.
Militarren presentzia handia dago Tunisiako kaleetan. Agintariek, dena dela, aire eremua zabaldu dute gaur.
Ben Ali nora joan den ez zegoen garbi iluntzean, eta Frantziak ukatu egin zuen harrera egingo ziola. Saudi Arabiak hartu du, herrialde horrek berak gaur goizean jakinarazi duenez. Tunisiako buru ohia familiarekin joan da, eta parteek ez dute argitu zenbat iraungo duen egonaldiak. Yedda kostako herrian daude.
Europako Batasunak eta AEBek harrera ona egin diote Tunisiako erregimen aldaketari, nahiz eta hainbat urtez Ben Ali babestu duten.
Langabezia eta errepresioa
Matxinada duela hilabete piztu zen. Mohamed Buazizi 26 urteko langabe batek bere buruari su eman zion Sidi Bou Said hiri turistikoan, Poliziak debekatu egin ziolako kalean fruta saltzea. Buaziziren ekintzak Tunisiako gazte sektore handi baten desesperazioa erakutsi zuen; hark bezala goi ikasketak izanda ere, langabeziara eta bizimodua nola edo hala ateratzera behartuta daude milaka gazte, krisi ekonomikoaren ondorioz. Buaziziren ekintzak eragindako haserreari batu zitzaion janaria garestitzeak sortutakoa ere, eta protestak hiri askotara hedatu ziren. Buazizi urtarrilaren 4an hil zen, Ben Aliren beraren bisita jaso eta astebetera. Erregimenak bortizkeriaz erantzun dio matxinadari, eta dozenaka hildako eragin ditu. Kopuru ofizialek 23 biktima izan direla diote, baina oposizioak eta giza eskubideen elkarteek gutxienez 67ren berri eman dute. Horietako 13 ostegun gauean bertan Tunis hiriburuan hildakoak, Ben Alik manifestariei ez zietela tiro egingo agindu eta ordu gutxira.
mundua
"Inor ez da geratuko prozesu politikotik kanpo", esan du Tunisiako behin-behineko presidenteak
Tunisiako presidentetza hauteskundeak 60 egunen buruan egingo dituzte. Ben Alik atzo utzi zuen Tunisiako kargua, herritarren matxinadagatik, eta Saudi Arabiara joan da. 23 urtean izan da agintean. Auzitegi Konstituzionalak Legebiltzarreko lehendakaria jarri du behin-behinean Tunisiako presidente: Fued Mebaza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu