Uruguai. Diktadurako Iraungitze Legea bertan behera

Inpunitateak preskribatu du Uruguain

Diktadurako krimenak barkatzen dituen inpunitatearen legea bertan behera utzi du Legebiltzarrak, polemika luzearen osteanMilitarren delituak baliogabe geratzeko bost egun falta zirela hartu dute erabakia

Montevideo
2011ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Uruguaiko diktadura militarrean egindako delituak (1973-1985) gizateriaren kontrakoak dira, eta, ondorioz, ez dute preskribatzen. Hori erabaki du Legebiltzarrak. Horregatik, orain arte indarrean egon den Iraungitze Legeak ez du baliorik izango hemendik aurrera, eta haren babesean zigorrik jaso ez duten militarren eta babesleen kasu guztiak auzipetuko dituzte. 1986ko abenduaren 22tik zegoen abian Iraungitze Legea, eta bi erreferendumetan berretsitakoa izan da, 1989an eta 2009an. Legebiltzarrak atzera egin arte, atzora arte, datorren azaroaren 1ean preskribatzeko zorian egon dira delituok, alegia, diktadurako sarraskiak inpunitate osoz geratzeko arriskuan.

Demokrazia ezarri aurretik 1985eko martxoaren 1era arteko delituak preskribatzeko bost egun besterik falta ez direla etorri da hura ordezkatuko duen Legebiltzarraren lege proiektua, baina ez eztabaida sutsua izan baino lehen, Senatuan eta Ordezkarien Ganberan. Fronte Zabala gobernuko koalizioaren legegileen babesarekin soilik egin du aurrera, eta zigorra ezartzeko estatuaren asmoa jasotzen du. Horri esker, botere judizialak diktadurako giza eskubideen bortxaketa kasuekin aurrera jarraituko du.

Oposizioko alderdiek, baina, Iraungitze Legea bertan behera uztearen kontra egin dute, herritarrei egindako bi erreferendumetan erabaki hori hartu dutelako, eta behin eta berriz nabarmendu dute konstituzioaren kontrakoa dela lege proiektua, diktadurak ezarritakoa izanda ere.

Iraungitze Legea ordezkatzera datorrenak Giza Eskubideen Amerikarteko Auzitegiak adierazitako erabakia bete nahi du. Joan den martxoaren 24an Gelman vs Uruguaikasuan, estatuak haren erantzuleak epaitu behar zituela erabaki zuen. Maria Claudia Garcia Iruretagoyena desagerrarazi zuten, eta haren alaba Macarenari nortasuna kendu zioten. Juan Gelman poeta argentinarraren errainaren eta bilobaren kasua da hori, baina, hortik abiatuta, gainerakoei ere eragiten die erabakiak.

Eztabaida historikoa

Luis Puig PVP Herriaren Garaipenaren Alderdiko diputatuak —Fronte Zabala ofizialistakoa bera— uste du eztabaida historikoa bizi izan duela, inpunitatearen legeak mende laurdena indarrean egin ondoren. «Xantaia militarraren pean onartu zuten, eta urte hauetan guztietan, inpunitatearen kultura eraiki dute, gizarte osoa intoxikatu, azken finean, estatu kolpea ematea, torturatzea, hiltzea, umeak bahitzea eta haiei nortasuna kentzea doan ateratzen bada, berriz ere krimena egiteko gonbidapena baita».

Puigek argitu du Amerikarteko Auzitegiak emandako erabakia argia dela, eta Uruguairi behartzen diola oztopo guztiak gaindi ditzala justiziak ekin dezan. «Legebiltzarrak oinarrizko urratsa egin du, 1986an egin ez bezala, egiaren eta justiziaren alorrean, justiziak libreki ekin diezaion bere lanari, konstituzioaren kontrakotzat Gorenak 26 aldiz jotako legea ordenamendutik atera ondoren».

Senatuan eta Ordezkarien Ganberan, eztabaidak tentsio une asko izan ditu, hainbatetan saioak bertan behera uzteraino. Baina Eduardo Lorier Alderdi Komunistako senatariaren parte hartzeak atera ditu batez ere bere onetik oposizioko kideak, hau esan duenean: «Inpunitatea defendatzen dutenek inpuneak defendatzen dituzte, eta baita egindako krimenen erakuskeria egin zutenak ere. Ezin da gauza bat bestetik bereizi, eta ez du balio ez ulertuarena egiteak».

Senatariak oposizioari leporatu dio delituen egile guztiak defendatzea: «Umeen bahitzaileak, bortxatzaileak, torturatzaileak, hiltzaileak eta gizakien desagerrarazleak», eta ondorioz, «zintzilikarioak eta beharrezko gailu guztiak, jipoiak, bortxaketak, drogen erabilera eta fusilamendu itxurazkoak». Horiek denek ezin dute amnistiarik lortu, eta derrigor epaitu behar dira, senatariaren ustez. Oposizioak zauriak irekitzea dela defendatu duenean mintzatu da horrela Lorier.

Konstituzioaren kontrakoa

Oposizioak esan du lege proiektua konstituzioaren kontrakoa dela, eta horri erantzun dio Eduardo Lorierrek: Uruguaik hainbat itun onartzerakoan, giza eskubideen ingurukoak bereziki, itunak bere legedian barneratzen ari da, eta horiek ezagutu eta bete egin behar dira. Lorierrek bat egiten du Puigek dioenarekin, alegia, konstituzioaren kontrakoa Iraungitze Legea bera dela ohartarazi du hark, Giza Eskubideen Amerikarteko Auzitegiak agindutakoa betetzeko oztopoa hori bera, oro har, giza eskubideen kontrako krimen guztiak epaitzeko eta zigortzeko oztopoa.

Giza eskubideen aldeko abokatu Pablo Chargoniak azaldu du Amerikarteko Auzitegiaren erabakia Uruguaiko Estatuaren kontrakoa izan dela; giza eskubideen bortxaketen kasuak ikertzeko betebeharra jarri diola justiziari, kasu guztiak berraztertzeko, eta, hortaz, legegileak erabaki dezake Iraungitze Legea ez dela oztopo izango auzitegiak dioena betetzeko, eta gizateriaren kontrako krimenek ez dutela preskribatu, agindutakoa bete nahi bada.

Uruguaiko Estatuak lege baten bidez Amerikartzeko Auzitegiak dioena betetzea besterik ez duela egin uste du Chargoniak, eta, beraz, ez dago konstituzioaren kontrako ezer ekintza horretan; alderantziz, giza eskubideak babesten ari da, auzitegiak ulertzen duelako ez zigortzeko arauek Costa Ricako San Jose Ituna urratzen dutela.

Aro berria

Uruguaiko Legebiltzarren erabakiak aro berria zabaldu du, Pablo Chargoniaren ustez; salaketa zeharrek ez dute oztoporik izango, eta berriei bidea irekiko zaie. Arazo berriak ere egongo dira, ohartarazi duenez, sistema judizialak ez duelako nahiko bitartekorik eta laguntzarik diktaduraren aparatuak egindako krimenen egitura konplexua deusezteko, bereziki Condor planaren harira estatuen koordinazioa egon zen kasuetan. Litekeena da egungo tresna judizialak ez izatea egokienak.

Aukera askoren garaia ere izango da Uruguain, inoiz ez delako tortura auzirik egon, nahiz eta diktadura amaitzearekin batera kasu asko salatu zituzten. Horietako asko, baina, artxibatu egin zituzten Iraungitze Legearen babesean. Uruguain tortura izan da gehien erabilitako jazarpen neurria, eta zalantza asko argitu beharko dira bide berrian.

Eduardo Lorier senatariaren ustez, hasi berria den bideak «diktaduraren zauriak ixten lagunduko du, ahanzturaren bideak ezin izan dituelako zauriak itxi».

Aurrera egiteko bidea egiarena eta justiziarena dela uste du Lorierrek, diktadurak ezarri zituen «arantza faxista» guztiak eraitsiz. «Demokrazian aurrera egin nahi badugu, eta bizi dugun gaixotasun kronikoa amaitu, demokraziari xantaia egiten dion zigorgabeen gaixotasuna, halabeharrez eman behar diogu lekua askatasunari, eta hori justizia eginez etorriko da, ezinbestean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.