AEBetako segurtasun nazionalerako kupula aldatu du Barack Obama presidenteak, eta aurrez herrialdeko prentsara filtratutakoa berretsi. Robert Gatesek Defentsa idazkari kargua utziko du ekainaren 30ean, eta haren ordez oraingo CIA espioitza agentziaren burua, Leon Panetta, paratuko du karguan. Azken horren lekua hartuko duena, berriz, David Petraeus jenerala izanen da, Afganistango nazioarteko indar militarren burua. Aldaketa horiekin inteligentzia zerbitzuen azken urteetako militarizazio prozesuan sakondu du Obamak.
Afganistango botere trantsizioaren hasierarekin bat etorri dira kargu aldaketa horiek. Iragan abenduan Obamak onartutako estrategiaren arabera, heldu den uztailean hasiko dira AEBetako tropak Afganistandik alde egiten. Etxe Zuriko iturrien arabera, ordea, Asiako herrialdeko egoerak ez du zerikusirik izan erabakiak hartzerakoan. Gatesek Defentsa idazkari karguan bi urtez aritzea hitzartu zuen Obamarekin, iturri horrek dioenez, eta ekainaren bukaeran amaituko da epe hori. Gates 2006tik egon da karguan, George W. Bushen agintalditik. Obamaren presidentetzan, Afganistanera soldadu gehiago bidaltzeko erabakian eta herrialde hartatik erretiratzeko planaren prestaketetan parte hartu du Gatesek.
Afganistanen eragina
Gatesen asmoak gorabehera, Afganistanekin lotura estua dute mugimenduen protagonista izan direnek. Petraeus jenerala, adibidez, AEBetan prestigio gehienetarikoa duen armadako burua da, Afganistango eta lehendik Irakeko (2007-2008) nazioarteko indarren zuzendaritza izan ondotik. Bushek izendatu zuen Irakeko indarren buruzagitzarako.
Petraeusen izendapenarekin, CIAren militarizazioan urrats bat gehiago egin du Obamak, militar batek espioitzaren ardura hartzen duen lehen aldia ez den arren —armadako bertze bortz kidek izan dute kargua—. Petraeusek Afganistanen eta Iraken inteligentziari eman dion erabilerak eta CIAk azken urteetan gehienbat Afganistango eta Pakistango mugan egin dituen ekintzek, ordea, hori ondorioztatzera eraman ditu AEBetako prentsa eta analistak. Alde batetik, Petraeusek ezkutuko ekintzak egiteko tropa bereziak eta segurtasun pribatuko kontratistak erabili ditu maiz; bertzalde, CIAk piloturik gabeko hegazkinekin erasoak egin ditu —gero eta gehiago urteak igaro ahala—, ekintza ezkutuekin batera. The New York Times-en arabera, horren eraginez armadaren ekintzak eta inteligentziarenak «ia bereiztezinak» bihurtu dira anitzetan. CIA lehen espioitza agentzia zela eta orain «erakunde paramilitar» bihurtu dela ere badio egunkariak.
Militarizazio prozesu horren azken arduraduna, ordea, zibil bat izan da: Panetta. Hain zuzen, Defentsa idazkari izendatu dutena. CIAko jarduneko buruak 72 urte ditu, eta Alderdi Demokratari lotuta egon da beti —Bill Clintonen agintaldian (1993-2000) kabinete burua izan zen—. Obama, boterea hartzean, Bushen aroarekin loturarik ez zuen CIAko buru izateko hautagai baten bila hasi zen, Guantanamoko torturen ondorioz zikindutako irudia garbitzeko. Espioitzaren munduan esperientziarik ez zuen arren, Panetta hautatu zuen. Kargu aldaketak Senatuak onartu beharko ditu.
Inteligentzia, militarren esku
Barack Obama AEBetako presidenteak David Petraeus jenerala jarri du CIA espioitza agentziako buru
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu