'Brexit'-a. Eskozia

Interesen gainetik zalantza da nagusi

EBn jarraitzearen alde daude eskoziar gehienak, baina beldur dira hura uztera behartuko ote dituen Ingalaterrak. Independentziaren inguruko erreferendumarekin alderatuta, ez da oihartzunik izaten ari 'brexit'-aren inguruko kanpaina.

Asier Arrate Iruskieta.
2016ko ekainaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azken bi urteotan eskoziarrek bigarren aldiz bozkatu beharko dute erreferendum batean. Oraingoan, Erresuma Batua osatzen duten gainerako herrialdeekin batera, Europar Batasunean jarraitu edo ez erabakitzeko. 2014ko erreferendumean bizi izandakoarekin eta galdeketa hark Eskoziako gizartean izan duen eraginarekin ez du antzekorik, ordea. Ez da lehia handirik izango. Azken inkesten arabera, %55 jarraitzearen alde daude, %29 aurka, eta %16k ez dakite. Zenbaki horiek ez dira, ordea, Europako Batasunarentzako konfiantzazko botoa; EBren aldekoakbainoago, handik irtetearen kontrakoak dira. Horrek ekarri du kanpaina propiorik ez izatea, eta informazio eta albiste oro Ingalaterratik iristea. Ekonomia eta immigrazioa bihurtu dira, ondorioz, kanpainaren ardatza.

Gai horiei emandako garrantziak bereizten du, ordea, kanpaina Eskozian. James Mitchell Edinburgoko Unibertsitateko poltika zientzietako irakaslearen esanetan, immigrazioa gai zentrala da Ingalaterran eta Galesen, baina ez Eskozian. Ekonomia dela nagusi azaldu dio BERRIAri. Immigrazioa, baina, bigarren mailako auzia da, ez baitu Erresuma Batuko beste toki batzuetako pisu bera. Independentziaren inguruko galdeketarekin alderatuta, brexit-a ren kanpaina «isila» dela dio, eta, ondorioz, parte hartzea independentziaren inguruko galdeketaren %85 baino «askoz txikiagoa» izango dela.

Robin McAlpine Common Weal izeneko think tank-eko zuzendariak ez du alderik ikusten eskoziarrek eta ingelesek Europaren inguruan duten iritzian; bai, ordea, gai bakoitzak gizarte bakoitzean duen garrantziaz: «Konfiantza falta bera dago Europako agenda politikoari, demokrazia galerari edota Bruselak herrialdeetan duen kontrolari buruz». Brexit-aren kanpaina, bestalde, elite politikoetan kokatu du. «Ez dira ageri independentzia erreferendumeko herri mugimendu eta kanpainak». Horren haritik, Eskoziako Parlamentuan ordezkatuta dauden alderdi guztiek Europan jarraitzearen alde egin dute. Eskoziako Parlamentuak jarraitzearen alde bozkatu zuen,eta, 129 parlamentaritik soilik zazpik —sei kontserbadorek eta laborista bakarrak—, uzteko.

Galdeketak urduritasuna eta zalantza sortu du eskoziarren artean. Murdaine Mcleodek Europako Batasunean jarraitzearen alde bozkatuko du, baina galdeketa zentzugabekoa dela dio. «Gobernuak zuria eta beltzaren artean aukeratzea nahi du, baina arazoa hori baino konplexuagoa da». McLeod Lewis uhartean bizi da, eta Eskoziako gainerako eskualdeen aldean EB uzteko kanpaina presenteagoa dagoela dio. Ipar-mendebaldeko uharteak, tradizionalki, Eskozia hegoaldea baino euroeszeptikoagoak izan dira. Mcleod jarraitzearen alde dago, baina bi aukeren artean «hoberena» delako, ez Europako Batasunaren funtzionamenduarekin ados dagoelako. Hiri nagusietan, Edinburgon eta Glasgown ez da eztabaida handirik oraingoz, eta gehiengoa jarraitzearen aldekoa da. Edinburgoko Unibertsitateko ikasle bat da Benjamin Brown, eta, azaldu duenez, Edinburgo «burbuila» bat da, eztabaida ez delako polarizatu. «Gazteak Europako Batasunean jarraitzearen aldekoak direla ikusi dut, eta helduenak, berriz, uztearen alde daude».

Eskozia: giltza?

Emaitza Eskozian nahiko argi badago ere, ez dago horren argi zer gerta daitekeen galdeketaren ostean. McAlpinen esanetan, ezin daiteke aurreikusi Eskozian zer gertatuko den, aurretiaz Erresuma Batuari bere osotasunean eragingo dioten agertoki posibleak ezagutu gabe. «Gure borondatearen aurka Europako Batasunetik ateratzen bagaituzte, eta Westminster Europako giza eskubideen legedia edo antzekoak desegiten hasten bada, seguruenik sentimendu independentista biziagotuko da; hala ere, galdera asko daude argitzeko». Brexit-ak Erresuma Batu osoari eragiten dio, baina Eskoziako botoak osoaren %8 soilik dira; Ingalaterrarenak, berriz, %84.

Bi herrialdeen arteko urruntze horrek bigarren independentzia erreferenduma ekarriko lukeen, hori da galdera nagusia. Bai Mitchellek bai McAlpinek zail ikusten dute, nahiz eta Eskoziak jarraitzeko bozkatu. «Independentziaren aldeko diskurtsoa indartuko litzateke, baina SNPk ez du erreferendumera deituko babes nahikoa duela ziurtatu arte», azaldu du Mitchellek. McAlpine harago doa: «Independentismoa ez da galdeketa baten araberakoa. Ez dago marra zuzenik, brexit-a eta independentziaren aldeko botoa lotzen duenik. Ez da horren erraza. Gauza asko daude gizarte honetan pertsonen erabakietan eragiten dutenak». Gaineratu du okerra dela SNPko eta independentziaren aldeko guztiak Europan jarraitzearen alde daudelakoustea: «Gehienek nahiago dute jarraitzea, baina uste baino gehiago dira Londresen eta Bruselaren kontrolaren aurka daudenak. Besteak beste, gogoan dute Europako Batzordearen jokabidea erreferendum kanpainan zehar».

Bada beste aukera bat,hirugarrena: Ingalaterrak %1 baino gutxiagogatik Europako Batasuna uzteko bozkatzea, baina Eskoziako botoek jarraitzera behartzea. Mitchellek aurkeztu zuen aukera hori, eta aditu askok baztertu zuten. Galdeketarako aste bete falta dela, hirugarren aukera posible bihurtu da. Egoera hori «aukera nuklear» gisa definitu du McAlpinek: «Kanpainan zehar Eskozia brexit-aren albo kalte gisa ikusi da, baina alderantzizkoa gertatzen bada? Zaila izango da Erresuma Batua elkarturik mantentzea». Mitchellen ustez, emaitza horrek nazionalismo ingelesa indartu lezake, eta UKIP izango litzateke onuradun. Emaitza bat edo beste izan, argi dute galdeketak ez duela amaituko Europako Batasunaren inguruko eztabaida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.