Errepublikanoak errepublikanoen kontra; demokratak demokraten kontra. Iowa izan da lehen hitzordua, eta errepublikanoen taldean hiru hautagai atera dira sendo; demokraten artean, bi. Uztailean dituzte konbentzioak bi alderdietan, alderdi bakoitzeko hautagaia nor izango den erabakitzeko, azaroaren 8ko presidentetzarako hauteskundeetan. Ordura arte 50 estatu dituzte ibiltzeko.
Iowakoan, lehena izateagatik, bereziki da garrantzitsua han irabaztea. Horregatik, errepublikanoen artean, Donald Trump fenomenoaren indarra norainokoa den neurtzeko balio izan du, hein handi batean: Iowako caucus edo herri batzarretako protagonista nagusia izan da: galdu egin du, nahiz eta beti irabazten duela esan duen orain arte. Emaitza jakin eta berehala eman du hitzaldia, labur, eta leundu egin du entzulea ohituta daukan tonu erasokor eta xenofoboa, lehiakideak zorionduz. Ez du esan nahi harenak egin duenik; Etxe Zurirako lehia hasi besterik ez da egin, eta badu oraindik ibilbidea, baina oinak lurrean jartzeko balio izan dio.
Bazirudien inork ezin ziola irabazi. Ted Cruz Texasko hautagai errepublikanoa izan da hori. Eskuineko katolikoen babesa duen kontserbadorea, Kubako immigranteen semea, baina immigrazioaren kontrako mezuen eragilea. Trumpi irabazi dio, botoen %28rekin; Trumpek, berriz, %24 jaso du, eta hirugarren Floridako Marco Rubio izan da, botoen %23rekin. Dudarik gabe, hori ere nabarmentzekoa da, bete-betean sartu baitu Washingtonerako lehian, eta estatu gehiago lehian sartu ahala, pisua irabaziz joan daiteke.
Demokratak, berdinduta
Demokraten artean, Hillary Clintonek ez du lortu 2008an Iowan jasandako porrotaren zama erabat kentzea; orduan, Barack Obamak irabazi zion, eta sekulako astindua jaso zuen. Orain, Bernie Sanders sozialista atera zaio bidera, AEBetan oso ohikoa ez den jarrera ezkertiarreko hautagaia. Sanders eta Clinton berdinduta atera dira, eta Clintonek kezkatzeko moduko arrazoiak dauzka aurrera begira, Sandersen aldekoak diren estatuak baitauzka orain epe laburrera.
Iowakoa bukatu bezain pronto jarriko dira datorren asteko hitzorduari begira. New Humpshiren primarioak dituzte, eta Donald Trump eta Bernie Sanders dira faboritoak.