Korea

Ipar eta Hego Korearen arteko lotura bulegoa suntsitu du Piongiangek

Hego Koreak jakinarazi duenez, Ipar Koreak bien arteko mugatik gertu dagoen komunikaziorako gunea leherrarazi du. Azken egunetan areagotu egin da bi estatuen arteko tentsioa, eta Piongiangek bulegoa suntsitzearekin egin zuen mehatxu.

Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 16a
10:32
Entzun

Hego Koreako Batasun Ministerioak adierazi duenez, leherketa bat izan da bertan 14:49ak zirenean. Seulek jakinarazi du Piogiangek Ipar eta Hego Korearen arteko komunikaziorako bulegoa leherrarazi duela. Ordu batzuk geroago, albistea baieztatu du Ipar Koreak. Ekintza Hego Korearekin «komunikazio ofizial oro» eteteko erabakiaren parte dela azaldu du.

Sinbolismo handiko keinua da, lotura bulegoa bi estatuen arteko komunikazioa errazteko sortu baitzuten 2018an. Mugako Kaesong herritik hurbil altxatu zuten, eta gune erabakigarria izan da Ipar eta Hego Korearen arteko distentsiorako. Urtarrilaz geroztik, hutsik egon da COVID-19aren pandemia dela eta.

Ipar eta Hego Korearen arteko harremanak okerrera egin du azken asteetan, Pioginangen erregimenaren kontrako aktibistak propaganda bidaltzen jardun dutelako Hego Koreatik iparraldera. Asteburuan, bi estatuen arteko komunikaziorako gunea «modu tragikoan» suntsitzearekin mehatxu egin zuen Kim Yo-jong Ipar Koreako Kim Jong-un liderraren arrebak.

Piogiangek Hego Korearen kontrako eraso militarrak abiatuko dituela ere ziurtatu du, Seulek propaganda zabaltzeko ekintzak eragozten ez baditu. Ipar Koreako erregimenaren kontrako taldeek tamaina handiko puxikak eta dronak erabiltzen dituzte propaganda eskuorriak iparraldera bidaltzeko. Hego Korearekin komunikazio ofizial oro etetea erabaki zuen atzo Kim liderrak.

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.