"[Europako] Batasuna eta Erresuma Batua hartuko lituzkeen erregulazio eremu komun bat ezarriko litzateke formalki Ipar Irlandan", azaldu du Michel Barnier EB Europako Batasuneko negoziatzaileak gaur Bruselan. "Erregulazio eremu komuna barne mugarik gabeko eremu bat litzateke, eta produktuen mugimendu askea eta [Irlandako] Ipar-Hego lankidetza babestuko lituzke". Barnierrek erran du Erresuma Batuari dagokiola Irlandako mugari buruzko alternatiba bat proposatzea, eta gauza bera erran du Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroak.
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak parlamentuan egin duen agerraldi batean adierazi du aduana batasuna ezartzea brexit-eko erreferendumaren emaitzari "traizio egitea" litzatekeela. Karen Bradley Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako idazkaria ere mintzatu da auziaz. "Izan gaitezen argiak: Erresuma Batuaren batasun konstituzionala eta ekonomikoa oinarrizkoa da. Argi utzi dugu mugaren auzia konpontzeko bidea Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren harreman orokorraren araberakotzat dugula, eta hori lortu nahi du gobernuak".
Ipar Irlandako alderdi nagusia, berriz, DUP Alderdi Demokratiko Unionista, haserre mintzatu da. "Ez genuen Europako Batasuna utzi, Erresuma Batua hausten ikusteko", erran dio BBCri Niggel Dodds DUPek Westminsterren duen bozeramaileak.