Jongbiongo erreaktorea iragan uztailean itxi zuen Ipar Koreak, energia arloko laguntza eta segurtasun bermeak jasotzearen truke.
Lehenago, AEBekin 1994an eginiko akordio bati jarraiki utzi zuen Ipar Koreak bertan behera arma nuklearrak ekoizteko programa, baina 2002ko krisiaren ondorioz, berriz ekin zion ekoizpen prozesuari. Hala, iazko urrian, lehen leherketa nuklearraren proba egin zuen.
Bien bitartean, Ipar Koreako presidente Kim Jong-ilekin Piongiangen eginiko goi bileraren «emaitzarekin pozik» zegoela esan zuen atzo Hego Koreako presidente Roh Moo-hyunek. Elkarlan ekonomikoa, desnuklearizazioa eta bi estatuen arteko adiskidetzea aztertu zituzten. «Elkarrizketa zintzoak» izan zirela zehaztu zuen Rohek, baina ostirala arte luzatzeko Kimek eginiko gonbitea errefusatu zuen. Bi agintariek gaur azalduko dute, adierazpen bateratuan, zertan adostu diren.
«Ez dugu guztiaz adostasuna lortu. Haatik, argi baieztatu dut [Kimek] bakearekiko borondate irmoa duela; bakerako norabidea erakutsiko duen akordioa lortzeko kontsentsua izan dugu», azaldu du Hego Koreako presidenteak.
HARREMANAK.Bi Koreetako buruak biltzen diren bigarren aldia da. Herenegun hasi zuten oraingo goi bilera. Lehen aldiz 2000an bildu ziren, Piongiangen ere. Bi estatuak teknikoki gerran daude oraindik, 1953ko armistizioaren ondoren ez baitute bake akordiorik sinatu.
«Ipar Koreak oraindik halako eszeptizismoa du Hego Korearekiko, eta ez du horrekiko konfiantza aski. Hori aldatzeko eginahal gehiago egin behar ditugu», esan du Hego Koreako gobernuburuak.
Zapalkuntza bortitza egitea eta milaka herritarren gosetea eragitea egotzi diote Iapr Koreari. Hego Koreari, 1980ko hamarkada hasiera arte diktadura eta gerra legeak ezartzea. 1998an Eguzki-argi Politika hasi zuen Hego Koreak, Ipar Koreari baldintzarik gabe giza laguntza eta ekonomikoa emateko.
Herrialdeen
batasun bideakOraindik nazio ugari libre eta batuak izateko bidean izaki, bi estatuk, Alemaniak eta Yemenek, berreskuratu dute batasuna azken 20 urteetan; Koreari oraino asko falta zaio.
j.m.s.
Arrazoi ekonomiko, politiko eta geoestrategikoak direla eta, beste batzuen uztarpean daude munduko hainbat herrialde oraindik ere. Nazioak ez ezik, estatuak ere zatituta egon izan dira, eta egundaino batzuek batasuna berriz lortu badute ere, Koreak zatituta segitzen du. Azken hamarkadetan berriz batzea lortu dute Yemenek eta Alemaniak. Azken horrek, gainera, berriz batu zenetik 17. urtemuga bete zuen atzo.
Alemaniak hedadura ezberdinak izan ditu historian. Adolf Hitler hauteskundeen bidez boterera iristean (1933), ildo pangermanista segituta, Europa osora zabaldu nahi izan zuen hark nazien kontrola. Alta, Sobiet Batasunak, batetik, eta Londres, Washington eta Parisen koalizioak, bestetik, III. Reich-a izeneko inperioa suntsitu zuten 1945an.
1949an Alemania zatitu zuten II. Mundu Gerrako garaileek. Sobiet Batasunaren kontrolpean geratutako zatian, ekialdean, Errepublika Demokratikoa eratu zuten, haren eraginpean. Mendebaldean, Londres, Washington eta Parisen kontrolpean geratutako zatiek, aldiz, Errepublika Federala osatu zuten. Alemaniako hiriburu Berlin ere zatitu zuten, eta hiria sobietarren eremuan egon arren, zati bat Mendebaldearen menpe geratu zen. 1961ean Berlingo harresia eraiki zuten hiriburua erdibitzeko.
1968an Alemania ekialdeko konstituzioak deklaratu zuen ezinezkoa zela mendebaldekoarekin bat egitea, «hau sozialista bihurtu arte». 1969an Errepublika Federaleko kantziler sozialdemokrata Willy Brandt Errepublika Demokratikoarekin eta Moskurekin harremanak hobetzen saiatu zen. Bi estatuak 1973an sartu ziren NBEn.
Brandten ostpolitik edo ekialdeko politika segitu zuen haren ordezkoak, Helmut Schmidtek. Ekialdeko buruzagi Erich Honeckerrek 1987an egin zion lehen bisita ofiziala mendebaldeko zatiari.
1989an aldaketak bizkor gertatu ziren Errepublika Demokratikoan. Biztanle ugarik Errepublika Federalera emigratu zuten, Hungarian barna. Halaber, Errepublika Federalak Ekialdeko Europan zituen enbaxadetan eserialdiak eginda, Mendebaldera joaten saiatu ziren Ekialdeko milaka alemaniar. Gainera, protesta ugari egon ziren Errepublika Demokratikoan, erreformak eskatzeko. Gutxira dimisioa eman zuen Honeckerrek, eta Gobernuak bere biztanleei Berlingo nahiz Alemaniako mendebaldera igarotzen utzi zien. Berlingo harresia 1989ko azaroan bota zuten, eta 1990eko urriaren 3an bat egin zuten bi Alemaniek.
Bat-egitetik 17 urtera, bi aldeen arteko desoreka ekonomikoa ez da desagertu.
YEMEN. Yemen Arabiako Penintsulako zibilizazio gunerik zaharrenetakoa da. Hamaika zibilizazio eta inperioren menpe egon ondoren, 1918an Yemengo iparraldeak independentzia eskuratu zuen.
1962an Yemengo Errepublika Arabiarra sortu zuten militarrek, eta gerra zibila piztu zen Saudi Arabiak sostengatzen zituen monarkiazaleen eta Egiptok sostengatzen zituen errepublikanoen artean. 1967an Yemengo Herriaren Errepublika Demokratikoa sortu zuten hegoaldean, kutsu marxistarekin; Iparraldeko Yemen, aldiz, tradizionalista zen, islamean oinarritua. 1972 eta 1979 urteetan bi estatuen arteko borrokak izan ziren, eta 1986an milaka lagun hil ziren hegoaldean, barne borrokak zirela eta. Halere, negoziazioen ondorioz, Yemen 1990ko maiatzaren 22a bihurtu zen berriz estatu bakar.
Alabaina, 1994an gerra zibila piztu zen berriz, hegoaldea bereiztu nahi zutenen eta Gobernuaren artean. Gobernua nagusitu zen.
KOREA. Munduko zibilizaziorik zaharrenetakoa da Korea, eta herri frankoren inbasio eta okupazioak jasan ditu. II. Mundu Gerra bukatzean sobietarrek iparraldea okupatu zuten, eta estatubatuarrek hegoaldea. 1948an sortu zuten Koreako Errepublika, ildo komunistakoa, baina hegoaldea (ildo kapitalistakoa) 1950ean bereizi zen. Iparraldeak hegoaldea inbaditu eta gerra piztu zen. 1953ko armistizioak ez zuen batasuna eragin.
Bi Koreen azken jomuga deklaratua penintsula berriz batzea den arren, tirabira ugari izan dituzte gerra amaitu zenetik. Dena den, hurbilketa eta elkarlanari tartea egiten ari zaio pixkanaka.