Iragan otsailaren 29an Ipar Koreak eta AEBek lortutako akordioa bi hilabete bete aitzinetik ezerezean gelditzeko zorian dago. Piongiangek iragan astean misil bat jaurti zuela-eta Washingtonek hitzartutako elikagai laguntza bertan behera utzi ondoren, Ipar Koreak ez ditu IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako begiraleak onartuko. Japoniako Yomiuri Shimbun egunkariak eman du horren berri, «iturri diplomatikoak» aipatuz. Herenegun, ordea, Ipar Koreako KCNA agentziak argitaratu zuen Piongiangek ez duela bere jarrera aldatu otsailean egindako akordioaren inguruan, eta bere «fideltasunaren» adibidetzat paratu zuenIAEAko ordezkaritza herrialdera gonbidatzea.
Otsaileko hitzarmenaren arabera, Ipar Koreak bertan behera utzi behar zuen Yongbyongo instalazio nuklearrean uranioa aberasteko jarduera, eta baita proba nuklear oro eta misil jaurtiketak ere. Horren truke, AEBek 240.000 tona elikagai helaraziko zizkion. Era berean, IAEAko ordezkaritza batek herrialdea bisitatzea onartu zuen Piongiangek, praktika nuklearren etetea gainbegiratzeko.
Unha-3 misilarekin proba bat egiteko asmoa zuela agertu zuenean, ordea, AEBek laguntza bertan behera utziko zutela ohartarazi zioten; iragan ortziralean, Piongiangek misila jaurti zuenean, erabakia berretsi zuen Washingtonek. Ipar Korearen arabera, misila «helburu zientifikoekin» jaurti zuen, satelite bat orbitan paratzeko helburua baitzuen. AEBentzat eta inguruko aurkarientzat, ordea, entsegu militar bat izan zen, eta otsaileko akordioa haustea egotzi zioten. Jaurtigaia aireratu eta gutxira desegin zen.
IAEAk ez zuen emana Ipar Korearako bidaiaren berririk.AEBek eskatu zioten erantzunik ez emateko Ipar Koreak misila jaurti arte. Hego Koreako Atzerri ministro Kim Sung-hwanek adierazi du IAEAko ikuskatzaileen bisitak ez duela zentzurik «oraingo egoeran», otsaileko akordioa hautsitzat jo baitu.
«Aukera guztiak aztertzen»
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak herenegun Ipar Korearen misil jaurtiketa gaitzetsi zuen, baina adierazpen presidentzialaren formula erabili zuen, hau da, ebazpen batek baino maila juridiko eskasagoa duen formula, Txinaren aldeko botoa eskuratzeko. Batzorde bati hamabortz eguneko epea eman dio Ipar Korearen aurkako zigor gehiago zehazteko.
Seulen, AEBetako Ozeano Bareko buruzagi militar Samuel Locklearri galdetu diote ea Ipar Koreako misilen baseei eta eraikin nuklearrei erasotzea pentsatzen ari diren. «Ez dut uste egokia denik etorkizunean egin ditzakegun ekintza militarrei buruz mintzatzea, baina erranen dizuet aukera guztiak aztertzen ari garela», erantzun du.
Ipar Koreak ez ditu onartuko IAEAko behatzaileak, laguntzak eteteagatik
Japoniako egunkari batek argitaratu du berria; KCNA agentziak, ordea, ez du jarrera aldaketarik iragarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu