Azkar iritsi da aldaketa. Iazko abenduaren 17an, Kim Jong-il Ipar Koreako buruzagi komunista hil ostean, Kim Jong-un semeak hartu zuen herrialdearen gidaritza. Bi hilabete behar izan ditu buruzagi berriak urteetan arerio izandako potentziarekin bildu eta akordio bat lortzeko. Joan den astean bildu ziren Washingtongo ordezkariak eta Piongiangekoak, Txinako hiriburuan, Ipar Korearen desnuklearizaziorako sei aldeko elkarrizketak berrabiarazteko asmoz. Oraingoz ez dute lortu helburu hori, baina beste lorpen baten berri eman du KCNA informazio agentzia ofizialak: Piongiangek uranioaren aberastea, irismen handiko misilen jaurtiketak eta proba nuklearraketetea erabaki du. Trukean, 240.000 tona janari bidaliko dizkiete AEBek.
Gainera, Ipar Koreak baieztatu du prest dagoela jarduera nuklearraren etenaren kontrola IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren behatzaileen esku lagatzeko. Hartara, behatzaileak herrialdeko zentral nuklear handienera joan ahal izango dira, Nyongbyoneko zentralera, uranioa aberasten ez direla ari bertatik bertara ziurtatzera. NBE Nazio Batuen Erakundearen menpeko agentzia nuklearrak begi onez ikusi du akordioa. «Oso aurrerapauso garrantzitsua» dela nabarmendu du Yukiya Amano IAEAko zuzendari japoniarrak.
Bestalde, Etxe Zuriak adierazi du Ipar Korearen «zenbait jarrerak» oraindik ere ardura eragiten diotela, baina Piongiangen keinu berria «aurrerapen garrantzitsua» dela aitortu du, «mugatua izan arren». AEBetako Gobernuak, nolanahi ere, bi herrialdeen arteko harremanak hobetzeko pauso gehiago emateko prest dagoela esan du. Eta elikagai bidezko laguntza justifikatzeko, programa nuklearra dela-eta egun Ipar Korearen kontra dituen zigorrak ez direla zibilen kontrakoak gogorarazi du Washingtonek.
Sinatutako itunaren arabera, «Koreako penintsulan bakea eta egonkortasuna bermatzea bi herrialdeen interesekoa da. Eta baita bi estatuen arteko harremanak hobetzea eta desnuklearizazioa elkarrizketaren eta negoziazioen bitartez bideratzea ere».
Elkarrizketei begira
Joan den asteko Pekineko bileraren jatorrizko helburua sei aldeko elkarrizketak berrabiaraztea zen. AEBek, Errusiak, Hego eta Ipar Koreek, Japoniak eta Txinak hasi zituzten sei aldeko bilerak 2003an, Ipar Korearen desnuklearizazioa adosteko asmoz. Urtebete lehenago egin zuen eztandaPiongiang eta Washingtonen artean lehendik ere gaiztotutako harremanak. AEBek «gaizkiaren ardatzean» sartu zuen Asiako herrialdea 2002aren hasieran, eta urte bukaeran sekretupeko programa nuklear bat garatu izana aitortu zuen Ipar Koreak; Kim Jong-ilek berehala kanporatu zituen IAEAko behatzaileak herrialdetik.
Sei aldeko elkarrizketen xedea desarmea energia eta finantza laguntzaren eta aitorpen politikoaren truke adostea zen, baina bilerak 2008an eten ziren. Harrezkero ez dira seiak mahai berean jartzeko gai izan. Bai Washingtonek eta bai Seulek uranioa aberasteko programa ezabatzea eta IAEAko behatzaileak onartzea eskatzen diote Ipar Koreari elkarrizketak hasteko aurrebaldintzatzat. Piongiangen erabakiak, beraz, etorkizunean elkarrizketei ekiteko bidea erraztu dezake. Horregatik hartu du Japoniak «pozez» Piongiangen jarrera berria, Ipar Korearekin zerikusia duten auziak konpontzeko bidean «pauso garrantzitsu bat delako».
Ipar Koreak jarduera nuklearra etengo du, janaria jasotzearen truke
Washingtonek 240.000 tona elikagai bidaliko ditu, eta IAEAk kontrolatuko du zentral nuklearren jarduna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu