Ipar Korean Langileen Alderdiko buruzagitza hartu du Kim Jong-unek

Parlamentuak bihar Defentsa Nazionalerako Batzordeko presidente hautatzen badu, «lider gorena» bihurtuko da

mikel rodriguez
2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Kim Jong-un ezustekorik gabe betetzen ari da aitarengandik jasotako boterearen oinordekotza prozesua. Horretarako pauso garrantzitsua eman zuen atzo Langileen Alderdiak, Ipar Koreako alderdi bakarrak, «lehenbiziko idazkari» izendatu baitu bere kongresuan. Kim Jong-il aita iazko abenduaren 17an hil zen, eta semeak hartu zuen estatuko buruzagitza. Ipar Korearen itxitasuna dela eta, atzerritik hainbat gobernuk botere aldaketaren inguruan espekulatu zuten, bereziki Hego Korean, armadako eragin handiko sektoreek Kim Jong-un semearen agintea onartuko ez zutelakoan. Bihar Batzar Gorenak (parlamentuak) Defentsa Nazionalerako Batzordeko presidente hautatzen badu, aitak zituen botereak hartuko ditu Kim Jong-unek, eta Koreako Herri Errepublika Demokratikoko «lider gorena» bihurtuko da.

KCNA Ipar Koreako agentzia ofizialak eman du Kim Jong-unen izendapenaren berri. Langileen Alderdiko buruzagiarentzat «lehenbiziko idazkari» izendapena ez da existitu orain arte. «Badirudi Kim Jong-unek lehenbiziko idazkari postua sortu duela umiltasuna erakusteko Langileen Alderdiko guardia zaharrari, horrekin batera alderdian botere eraginkorra hartuz», azaldu dio Yoo Ho-yeol Koreako Unibertsitateko irakasle eta Ipar Koreako politikan adituak Hego Koreako Yonhap agentziari. Yook nabarmendu du alderdiko zuzendaritzako kide gehienak Kim Jong-ilen belaunaldikoak direla; horregatik, egungo buruzagiaren aita zena Langileen Alderdiko «betiereko idazkari» izendatzea ere zaharragoei egindako keinutzat ulertu behar da, Yooren ustez.

Koreako Langileen Alderdia 1949an sortu zen, Ipar Koreako eta Hego Koreako bi alderdiek bat egin zutenean. Ordutik agindu du Ipar Korean. Historiako laugarren kongresua du atzokoa. Horren aitzinekoa duela bi urte egin zuen, eta garrantzi berezia izan zuen Kim Jong-unen ondorengotza segurtatzeko prozesuan, armadako lau izarreko jeneral hautatu baitzuten, bere lehenbiziko goi kargua.

Iazko abenduan, berriz, armadako «komandante gorena» izendatu zuten, eta, bihar Batzar Gorenak urteroko saioan espero bezala Defentsa Nazionalerako Batzordeko presidente izendatzen badu, ondorengotza prozesua beteko luke. Ipar Koreako Konstituzioaren 91. artikuluaren arabera, Batzar Gorenak du Defentsa Nazionalerako Batzordeko burua hautatzeko eskumena, eta, 100. artikuluaren arabera, batzorde horren presidentea izanen da herrialdeko «lider gorena».

Bertze goi kargu batean ere aldaketa izan da Piongiangen. Kim Jong-gak armadako administrazioaren eta antolakuntzaren arduradun zena Indar Armatuen ministro izanen da hemendik aitzinera. Kim Yong-chung buruzagi historikoa ordezkatuko du, 1956tik karguan egon dena. Kim Jong-ilen hiletaren segizioan Kim Jong-unen ondoan zihoan armadako goi ofizialetako bat zen Indar Armatuen ministro berria.

Misilari erregaia ematen

Mugimendu horiek guztiak Kim Il-sung Ipar Korearen sortzailearen eta egungo buruzagiaren aitatxiren jaiotzaren ehungarren urteurrena betetzear dela egin dituzte —igandean izanen da—. Urteurren horren harira jaurtiko du Piongiangek Unha 3 misila, «helburu zientifikoekin». Ipar Korearen arerioek eta Errusiak ere uste dute entsegu militar bat dela, eta jaurtiketa gaitzetsi dute. Piongiangek, ordea, ez du gibelera egiteko asmorik, eta atzo jakinarazi zuen misila erregaiarekin betetzen hasi dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.