Ipar Korearekiko harremana «sendotu» eginen du Txinak

Hu Jintao presidentea Piongiangek Pekinen duen enbaxadan izan da, Kim Jong-ilen heriotzagatik doluminak ematekoIpar Koreako telebistak buruzagiaren hilotzaren irudiak erakutsi ditu

mikel rodriguez
2011ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
«Koreako Herri Errepublika Demokratikoko kamaradekin elkar hartuta tradizioz ona izan den harremana sendotu, eraiki eta garatu nahi du Txinak». Hu Jintao Txinako presidenteak Ipar Koreak Pekinen duen enbaxadan berretsi zuen atzo bi herrien arteko aliantza, Kim Jong-il buruzagiaren heriotzagatik doluminak ematera joan zenean. Txina da Ipar Koreak nazioartean duen aliatu bakanetan garrantzitsuena, eta haren sostengua beharrezkoa du irauteko. Kim Jong-ilen seme eta ondorengo Kim Jong-uni bere sostengua agertu dio Huk, eta Ipar Koreako herritarrei eskatu die haien «samina» oinordekoaren «lidergoarentzat indar» bilaka dezatela. Hain zuzen, Piongiangek agindutako doluaren lehenbiziko eguna bete zen atzo. Telebista publikoak Kim Jong-ilen hilotzaren lehenbiziko irudiak eman zituen.

Huk enbaxadara egindako bisitak garrantzi sinboliko handia du, mezu bikoitza eman baitu: alde batetik, nazioarteari —bereziki AEBei eta Mendebaldeari— helarazi dio Piongiangekiko duen aliantza ez duela aldatuko liderraren heriotzak; eta, bertzetik, Kim Jong-un ondorengotzat onartu du, Mendebaldeko eta Hego Koreako hedabideek boterea eskuratzeko lehia egon litekeela erran arren.

Kim Jong-ilek «iraultza eta eraikuntza sozialistaren alde» emandako «zerbitzu hilezkorra» goraipatu du Huk, eta bereziki nabarmendu du Ipar Koreako liderrak Pekinekin izan zuen harremana. Txinaren «lagun min» izendatu du, eta bi herrialdeen arteko harremanak garatzeko «ekarpen garrantzitsua» egin zuela adierazi du. «Txinako herriak beti oroituko du».

Aliantza erabakigarria

Ipar Koreak Gerra Hotzaren amaieratik pairatu duen bakartzea nagusiki Txinak leundu du. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenean (1991), Txina bilakatu zen Ipar Korearen ia sostengu bakarra. 1990eko hamarkadan, Kim Jong-il boterera ailegatu eta gutxira, janari eskasi larria pairatu zuen herrialdeak. Uzta txarrak eta klima hondamendiek bat egin zuten; bloke komunistaren sostengurik gabe, Ipar Korearen ekonomia ahula ez zen gauza izan egoerari aurre egiteko. Mendebaldeko iturrien arabera, milioi bat lagun inguru hil ziren gosez; Piongiangek milaka batzuk hil zirela onartzen du. Txinaren laguntza erabakigarria izan zen krisia gainditzeko. Gaur egun, Ipar Koreak Txinarengandik jasotzen du atzerriko finantzaketa eta giza laguntza gehiena. Pekinek Piongiangi zuzenean helarazten dio, gainera, NBE Nazio Batuen Erakundearen bitartekaritzari muzin eginez. AEBek susta ditzaketen balizko trabak edo zigorrak saihesten ditu horrela. Sostengu horren truke, Ipar Koreako baliabide mineral aberatsak ustiatzeko lehentasuna du Txinak.

Bi herrialdeen arteko harremanak, ordea, erro historiko sakona du. Bi Koreen arteko gerran (1950-1953), Ipar Koreak ia penintsula osoa kontrolpean zuenean, AEBek hegoaldearen alde esku hartu, eta egoera irauli zuten. Komunistak iparraldean zokoratuta gelditu ziren, baina 1950eko urrian Txina Ipar Korearen alde sartu zen gerran. Komunistek lurraldea berreskuratu zuten, eta gerra 38 paralelo inguruan —gaur egungo mugan— trabatuta gelditu zen, 1953an armistizioa sinatu zuten arte. Txinak iaz gerraren hasieraren 60. urteurrena ospatu zuen, eta Huk ekitaldietan parte hartu zuen. «Munduko bakearen» eta «giza aurrerapenaren» alde lortutako «garaipen handia» izan zela aldarrikatu zuen.

Mao Zedong Txinako buruzagi komunistaren babesean sortu zen Ipar Koreako estatu komunista. Ordutik, baina, Txina anitz aldatu da, eta horrek Ipar Koreari eragin dio. Txina ekonomia kapitalistan integratu denetik etengabe hazi da, eta merkatuak hedatzea bilatu du. Horren ondorioz, Seulekiko harremana aldatu da, eta gaur egun Txina da Hego Korearen bezero nagusia, Japoniaren eta AEBen aitzinetik. Zabalkunde ekonomiko horren ondorioz, Koreako penintsula bare egotea komeni zaio Txinari, eta, horregatik, Ipar Korearen programa nuklearra ez du inoiz ongi ikusi, eskualdean tentsiorako motibo bihurtu baita. Azken urteetan liskar larriak egon direnean —iaz Piongiangek Hego Koreako Yeonpyeong irlari eginiko erasoan, adibidez—, Txinak Ipar Korea baretu behar izan du, eta, aldi berean, AEBek eskualdean duten eraginari aurre egin. Washingtonen ustez, baina, Pekinek komeni zaionean erabiltzen du Piongiang eskualdean tentsioa sortzeko.

Korearen batasuna

Ofizialki alde guztiak daude bi Koreak batzearen alde. Batasunak boterean daudenei mesede eginen dien, ordea, ez dago hain argi. Hegoaldea iparraldea baino anitzez aberatsagoa da, eta egungo baldintzetan elkartuz gero, batu baino gehiago Hego Koreak Ipar Korea fagozitatu eginen luke, Gerra Hotzaren amaieran Alemanian eta Yemenen gertatu bezala. Beraz, Ipar Koreako sistema desagertu eginen litzateke berehala. Mugak irekita, iparraldeko immigrazio oldea jasoko luke hegoaldeak, eta baita Txinak ere. Korea batua desoreka larriekin jaioko litzake, eta Txinari mugan ezegonkortasuna sortuko lioke. AEBek, berriz, bere presentzia militar zabala —30.000 soldadu ditu Hego Korean— mantentzeko aitzakia galduko lukete, eta Txinak ez luke onartuko tropek han jarraitzea. Batasuna arrakastaz gauzatzeko bi helburu nagusi erdietsi beharko dira: auzi nuklearrean akordioa lortzea eta bi Koreetako bizi maila parekatzea.

Beraz, Ipar Korean aldaketa politikorik gertatu ezean, guztientzat garrantzitsua da Kim Jong-ilen ondorengotza barne gatazkarik gabe gertatzea. Horregatik, Pekinek sostengua agertu dio Kim Jong-un semeari. Gainera, Txinako eta Hego Koreako Atzerri ministroek telefonoz hitz egin zuten atzo, eta penintsulan «bakea eta egonkortasunari» eusteko konpromisoa berretsi.

«Herriari» dolumina

Kim Jong-ilen gorpua Piongiango Kumsusan Oroimenaren Jauregian erakutsi zuen atzo telebista publikoak, hainbat guardiaz inguratuta. Haren aita eta herrialdearen lehen buruzagi Kim Il-sung jauregi horretan dago baltsamatuta. Hego Koreako Gobernuak uko egin dio Piongiangi dolumin mezu ofizial bat helarazteari, baina atzo «Ipar Koreako herriari» mintzatu zitzaion dolumina agertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.