Iparraldeko pasabidea EBn integratuta

Baltikoko herrialdeak hazkunde handia izan du azken urteetan eta euroeszeptizismoari garapen promesekin egin diote aurre agintariek

2003ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Estoniako herritarrak euroeszeptikoak eta agintariak europazaleak izan dira, iraileko erreferendumean gehiengoak Europako Batasunean sartzeari baietz esan zion arte parte-hartzea %63koa eta baietza %66,9koa izan zen. Badirudi, beraz, alderdi politikoen mezuak eragina izan duela iritzi publikoan. NATO kide ere izango da. Arnold Ruutel presidenteak garapena agindu zien estoniarrei erreferendumean baiezkoa bozkatuz gero: «Emaitza 'ez' izanez gero, egoera berria izango dugu. Baiezkoa bada, garapen bide egonkor batean sartuko gara».

EBn sartuko diren beste herrialdeetan gertatzen den bezala, elite politiko eta ekonomikoa zein gazteak bat-egitearen aldekoak dira gehiengo handiz; zaharrak, nekazariak eta erreforma ekonomikoen ondorio kaltegarriak jaso dituztenak, berriz, kontrakoak.

Iazko azaroan Emor inkesta etxeak argitaraturiko datuen arabera, estoniarren %57 zeuden bat-egitearen alde; Europako Batzordeak kaleratzen duen Eurobarometroaren arabera, berriz, soilik %32 ziren aldekoak. Sistema politiko eta ekonomikoa hain epe laburrean aldatzeak sortu zituen kezkak herritarrengan, adituen iritziz 1997an eskaini zion EBk kide izateko negoziazioak hasteko. Subiranotasuna galtzea eta bigarren mailako tratua jasotzea dira beste kezketako batzuk.

Garapena

Hamabi urte dira Tallinnek Sobiet Batasunarekiko independentzia aldarrikatu zuenetik, nahiz indar sobietarrek 1994. urtera arte han jarraitu zuten. Merkatua liberalizatzeko neurriak hartzen hasi zen orduan, eta EBk exijitutako erreformak azkarren bete dituen kide berrietakoa da. Hazkundea ere handienetakoa izan du; 2001-2004 bitartean BPG %5,8ko haztea aurreikusten da. Martxoaz geroztik, Juhan Partsek zuzentzen duen zentro-eskuineko koalizioa dago gobernuan.

Estoniaren kokapen geografikoagatik, Europa iparraldeko pasabide garrantzitsua izango da Errusia eta Finlandiaren artean dago. Baltikoko Errusiar Ikasketetarako Zentroko zuzendari Marko Mihkelsonen hitzetan, «ekialdearen eta mendebaldearen arteko mugan» izan da beti, nahiz mendebaldeko ohiturak izan.

Nekazaritza ekoizpenari ezarritako mugak izan dira EBrekiko negoziazioen arantzetako bat, nahiz nekazaritza sektorea txikia den beste herrialde batzuekin alderatuta. Soviet Batasunean gainprodukzioa saritzen zen; Bruselak, berriz, horixe saihestu nahi du.

Beste arazo bat herritartasunik ez duten jatorri errusiarreko biztanleena da. Askok ez dute horretarako ezinbestekoa den estoniera ikasi edo ez diote herritartasunari garrantzia eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.