Kasta politikoak nagusi diren herrialdean, Vadnagar hiriko familia txiro baten altzotik ateratako kalekume ohi batek irabazi ditu hauteskundeak. Ezerezetik abiatuta, arrakasta erdietsi duen gizona dela errepikatu du hauteskunde kanpainako mitinetan. Eta ideia horrek, bere kopetako izerdiaz inperio bat eraikitzen duenaren mitoak, arrakasta handia izan du beti. Kudeatzaile bikainaren eta politikari zintzoaren ikurra dela esan izan da ere, baina Narendra Modiren biografia arretaz irakurtzea nahikoa da curriculum bikain hori ubeltzen duten itzalez jabetzeko.
1950. urtean jaio zen Modi, familia ugari batean. Indiak hiru urteko historia laburra zuen herrialde independente gisa. Haurra zela, te saltzaile lanetan aritu zen tren geltoki batean, eta handik zenbait urtera, sekretuan ezkondu zen, gurasoen nahiei —eta ordurako hitzartua zioten ezkontzari— bizkarra emanda.
1971n, RSS Rashtriya Swayamsevak Sangh eskuin muturreko taldean izena eman zuen Modik. Nazien Alemania miresten du erakunde hinduista horrek, eta, hauteskundeetan ofizialki parte hartzen ez duen arren, eragin handia du BJPren jardunean, lobby gisa aritzen baita azpilanean. Nathuram Godse, Mahatma Gandhiren hiltzailea, RSSko kide izan zen. Hamalau urtez talde horren militante izan ostean, BJP alderdian sartu zen Modi.
RSS baino moderatuagoa izan arren, eskuin mutur hinduistaren aldarrikapen asko bere egiten ditu BJPk. Modik berak «hinduista fundamentalista» gisa definitzen du bere burua, eta horrek arazo asko sortu dizkio Indiako gutxiengo erlijioso eta etnikoekin; musulmanekin, batez ere.
Alderdiaren barruan, Modiren ibilbidea meteorikoa izan da: alderdiaren barne egituran gora egin du etengabe, eta 2001ean, Gujarat estatuko bozetarako hautagai izendatu zuten. Probintziako hauteskundeak irabazita, Gujarateko lehen ministro bihurtu zen, eta kargu hori izan du orain arte —lau hauteskunde irabazi ditu jarraian—.
Enpresaburuek, gainera, estimu handia diote, hamahiru urteotan, Gujaraten «mirari ekonomikoa» lortu duela uste baitute. Izan ere, estatu horren hazkunde ekonomikoak parekorik ez du herrialde osoan. Mundu osoan bizi diren indiarren diasporak ere herrialdearen egoera aldatzeko aukera ikusi du Modiren hautagaitzan, gandhitarren gisako dinastia politikoei egozten zaien ustelkeria errotik erauziko duela zin egin baitu.
Boterea eta kargu politikoak familiaren bitartez oinordetzen dituztenak gogor kritikatu ditu BJPren hautagaiak kanpaina osoan, baina bere alderdian ere nepotismoa praktikatzen dela gogorarazi diote askok. Zenbait analista politikoren arabera, gainera, kasta politiko berri bat sortu du Modik, baina karguak senideen esku utzi beharrean, konfiantzazko lagunei eman dizkie, Gujarateko Gobernuan izan den urteetan. Hala ere, haren aginteak jaso dituen kritika zorrotzenak ez dira auzi ekonomikoetan edo ustelkeria salaketetan oinarritu, fundamentalismoan baizik.
Musulmanen eta gutxiengo erlijioso nahiz etnikoen kontrako diskurtso gogorra izatea egozten diote Modiri eta, Indiako gobernura iritsita, estatuaren laikotasuna baztertu nahi izatea.
Teoria horren defendatzaileek 2002an gertatutako sarraski bat jartzen dute adibide gisa: urte horretan, 59 erromes hinduista sute batean hil ziren Gujarat estatuan. Fundamentalista erlijiosoek probintziako musulmanei egotzi zieten gertatutakoaren ardura, eta, mendeku gisa, izugarrizko triskantza egin zuten eskualde osoan. Guztira, 1.000 musulman baino gehiago hil zituzten, eta segurtasun indarrek deus gutxi egin zuten istiluak amatatzeko. Indiako justiziak auzibidean jarri zuen Modi. Zenbait lekukoren arabera, musulmanen sarraskiari bizkarra emateaz gainera, agindu zehatzak eman zizkion Poliziari, esku har ez zezan. Epaileek ez zuten, ordea, frogarik topatu, eta Modi libre utzi zuten, baina gutxiengo etnikoek kezkaz hartu dute haren garaipena.
Ikusteko dago, ordea, gobernu berriak zer jarrera izanen duen. Aditu batzuen ustez, hinduismo ideologikoa aplikatuko du, eta orain arte indarrean izan den estatu laikoa baztertu; beste askoren esanetan, baina, Modik ezin izanen die bizkarra eman gutxiengo erlijiosoei —Indiako populazioaren %20 dira— eta estatu erlijioso bat inposatu nahiko balu, zailtasun handiak aurkituko lituzke.
Oraingoz, behintzat, Modik nahiago izan du auzi erlijiosoa bazterrean utzi eta hauteskunde kanpaina ekonomian oinarritu.•
Soslaia. Narendra Modi
Iragan iluneko hinduista sutsua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu