Iraganaren itzulera

Ospakizun gutxi espero dira Egipton Anaia Musulmanen kontrako estatu kolpearen urteurrenean. Egun seinalatuan, herrialdearen osasuna nolakoa den eta Al-Sisiren hemendik aurrerako erronkak zeintzuk diren aztertzen saiatu da BERRIA.

Ustezko 183 islamista hiltzera zigortu zituzten egunean, auzipetuen senideak herio batean, Minian. KHALED ELFIQI / EFE.
Ane irazabal
Kairo
2014ko uztailaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urtebete pasatu da milaka, agian milioika, egiptoarrek Mohamed Mursi presidentearen dimisioa eskatu zutenetik. Herritarren protesta uholde horrek militarren estatu kolpe bat bultzatu zuen, eta, orduz geroztik, denbora ez da alferrik igaro.

Anaia Musulmanen kontrako kolpea eman zuen jenerala Egiptoko presidentea da gaur, eta iazko uztailaren 3an ezarritako bidaia orri politikoa hitzez hitz bete du: lehenik, konstituzioa; gero, presidente berria; eta, hurrena, parlamenturako bozak.

Zer galdu eta zer irabazi du Egiptok azken urte honetan? «Ezin dugu esan islamisten garaian baino demokratikoagoak garenik», nabarmendu du nazioarteko harremanetan aditu Khalil al-Nani politologoak. Azaldu duenez, azken urte honetan estatu autokratiko baten itxura hartu du faraoien herriak.

Al-Sisiren lorpenik handiena kaleetako segurtasuna lehengoratzea izan da, egiptoar askoren arabera. Egonkortasun hori errepresioaren bidetik lortu du, ordea. «Protesta eskubidea mugatzen duen lege drakoniarrak mugarri bat ezarri du. Inor ez da manifestazioak antolatzera ausartzen, izan ere, kartzela zigor baten beldur dira», nabarmendu du Al-Nanik. Hain zuzen, Alaa Abdel-Fatta eta Mohamed Maher ekintzaileak, 2011ko iraultzaren sinboloak biak, espetxean daude lege hori ez errespetatzeagatik. Hiru urteko protesta amaigabeen ondotik, gaur nekez antola daiteke manifestazio bat, presidente berria goraipatzeko ez bada.

Errepresio hori argi azal daiteke zenbakitan. Demokratikoki aukeratua, Mursi boteretik kendu zutenetik 2.000 pertsona inguru hil dira, eta 40.000 ekintzaile baino gehiago kartzelatu dituzte. Estatu indarkeriak Anaia Musulmanei erasan die batez ere. Talde terrorista izendatu ondotik, kofradia islamistaren kontrako makro epaiketak hasi dira, eta dagoeneko anaiartearen ustezko 1.200 jarraitzaile heriotza zigorrera kondenatu dituzte. Haien artean, Mohamed Badie lider espirituala dago. Mursik berak ere lau epaiketa ditu, espioitza, indarkeria eta traizioa leporatuta.

Jala Mustafa The Washington Institute erakundeko ikerlariaren ustez, Anaia Musulmanen kontrako kanpainaren barruan ulertu behar da Al-Jazeerako kazetarien aurkako epaiketa: «Egipto eta Qatar etsaiak dira. Al-Jazeerako kazetariei kartzela zigorra ezartzea Qatar zigortzeko modu bat da».

Oposizioa, isilarazia

Al-Naniren aburuz, egungo Egipton «iritzi bakarra» onartzen da: «Ahots kritiko guztiak isilarazi dituzte, baina Hosni Mubaraken garaiko ekintzaileak itzalpetik atera dira». Politologo egiptoarraren iritziz, ez da harritzekoa «Mubaraken gizonen» itzulera. «Harrotasun osoz bueltatu dira, eta mendeku hartzeko prest daude», irizten dio.

Kontrairaultzak ere ekarri du beste errealitate kezkagarri bat: iraganaren berridazketa. «2011ko iraultza nazioarteko konspirazio baten moduan aurkezten hasi dira analista politikoak. Beraz, herri matxinada horretan parte hartu zuten taldeak AEB Amerikako Estatu Batuen espioitzat jotzen dituzte», azaldu du Al-Nanik. Eraldaketa hori ulertzeko ezinbestekoa da hedabide publiko zein pribatuen egitekoa azaltzea. «Sentimendu ultranazionalistak errealitatea desitxuratu du», irizten dio. «Manipulazio maila hau ez dut, ordea, ikusi. Mubarakek, behintzat, hedabide kritiko batzuk onartzen zituen».

Zentsuraren indarra, gainera, esparru guztietara iritsi da. Ospe handiko kazetari eta aurkezle askok utzi egin dituzte haien telebista saioak, «presio itzela» jasaten dutelako. Adierazpen askatasuna galzorian dagoela salatzen azkena Alaa al-Aswany idazlea izan da. The Yacoubian Building liburuaren egileak Al-Masry Al-Youm egunkarian idazteari utzi dio, iritzi zutabea zentsuratu diotelako. Oraindaino, estatu kolpea itsuki defendatu duten intelektual egiptoarren ordezkaria izan da Al-Aswany.

Al-Naniren ustez, ez dago espaziorik oposizioarentzat: «Ekintzaile liberal eta laiko gehienak erregimen militarrarekin lerrokatu dira, eta oposizioa bitan banatuta dago: Anaia Musulmanak eta gazte iraultzaileak». Iritzi berekoa da Hasan Nafah analista politikoa. Haren iritziz, «ezinezkoa» da islamistek eta gazte iraultzaileek indar bateratu bat sortzea: «Biak estatu kolpearen aurka daude, baina interes desberdinak dituzte. Nola hezurmamituko dute proiektu politiko bat?». Nafahek eta beste pentsalari politiko batzuek islamistekin adiskidetzeko proposamen bat egin zuten iragan udazkenean. Orain, ziur da adiskidetasuna ez dela posible: «Anaia Musulmanak desagerrarazi nahi dituzte. Kito».

Adituek argi dute parlamenturako bozetan oso ahulduta aterako dela oposizioa. Hauteskunde lege berriaren arabera, aulkien %80 hautagai independenteentzat izango dira. «Alderdi politikoek ez dute ia ordezkaritzarik izango; beraz, manipulatzeko errazagoa izango da ganbera berria», irizten dio Al-Nanik.

«Tunel iluna»

Politikan zorrotz jardun duen arren, krisi ekonomikoari aurre egitea zailagoa zaio Al-Sisiri, izan ere, arazo zaharrak oinordetzan hartu ditu. Egipto burua altxatu ezinik dabil 2011ko iraultzatik: inflazioak %11ko muga gainditu du, eta oinarrizko produktuen gaineko diru laguntzek BPGaren %40 zurrupatzen dute. Haatik, 80 milioi biztanleen %45 eguneko bi dolar baino gutxiagorekin bizi dira, atzerriko dibisen erreserbak erdira jaitsi dira, eta turismo sektoreak %39 egin du behera. Eta horri guztiari krisi energetikoa gehitu behar zaio. Estatu kolpearen lehen urtemugan, egunean bi orduko itzalaldiak jasaten dituzte egiptoarrek.

Al-Sisik estatu kolpea eman zuenetik Golkoko herrialdeen laguntza handia jaso du, baina ez da nahikoa. Presidenteak ez du ezkutatzen garai zailak datozela, eta bi urteko epea eskatu die egiptoarrei «tunel ilunaren amaieran argia ikusten hasteko».

Zeintzuk dira, ordea, krisiari aurre egiteko hartuko dituen neurriak? Gutxi da jakina Al-Sisik alor ekonomikoan ezarri nahi duen ereduaz. Halere, bi asmo ezagutzera eman ditu: lanpostuak sortzeko eraikuntzaren industria bultzatu nahi duela eta deszentralizazio politikari ekingo diola. Izan ere, Egiptoko populazioaren gehiengoa herrialdearen azalera osoaren %6an bizi da, hau da, Nilo ondoko eskualde emankorrenetan. Hala, Al-Sisik banaketa administratibo berri bat iragarri du, gobernazio gehiago sortuz.

Testuinguru horretan, egitasmo faraoniko bat bilakatu da rais berriaren proiektu kutunena: 1980ko hamarkadako plan estrategiko bat berreskuratu du, eta basamortuan ehunka hiri berri sortu nahi ditu.

Hortik aurrerako guztia misterio bat da, Al-Nanirentzat: «Ez dauka ikuspegi edo plan zehatz bat egitasmo horiek aurrera eramateko». Mustafak ez du gauza bera pentsatzen: «Al-Sisik badaki defizita gainditzeko oinarrizko produktuen subsidioak kendu behar dituela. Baina matxinada berri baten beldur da».

Agian, horregatik, bere soldataren erdiari uko egingo diola iragarri du presidenteak. Hilero jasotzen duen 42.000 libera egiptoarren (4.300 euro inguru) erdia Egiptoko estatuari emango dio, egitasmo ekonomiko berriak abiarazteko. Etsenplu emateko erabakia, edo neurri populista? Kasu honetan ere, aditu beste iritzi topa daitezke. «Aurrerantzean gerrikoa estutu beharko dugu, eta Al-Sisik herritarren eredu izan behar du», esan du Mustafak.

Herritarren pazientzia

Eginbehar horretan AEB Ameriketako Estatu Batuen eta nazioarteko komunitatearen babesa berreskuratu du Egiptok. Izan ere, presidentetzarako hauteskundeak irabazi ostean, zilegitasun politiko guztia eman dio Washingtonek Al-Sisiri. Etxe Zuriak 420 milioi euroko laguntza desblokeatu du, eta «demokrazia babesteko» eskua luzatu dio Kairori. «Iraken eta Sirian nagusi den ezegonkortasuna dela eta, AEBek Egipto egonkortzeko apustua babestu dute. Estatu kolpetik urtebete pasatu da, eta, harremanak normaltzeko prest dago Obama», uste du Al-Nanik.

Mustafak ere ondo ezagutzen du AEBen praxi politikoa, izan ere, Condoleezza Rice Estatu idazkari ohiaren Ekialde Hurbileko aholkularietako bat izan zen: «Anaia Musulmanak iragana dira. Al-Sisi, berriz, oraina».

Edonola ere, presidenteak barne politika zaindu beharko du, aditu gehienen iritziz. Egiptoko gizarteak irakiten jarraitzen du, eta, Al-Sisik babes zabala daukan arren, banaketa soziala eta belaunaldi apurketa gero eta agerikoagoak dira. Mustafa ez da oso baikorra: «Gazte egiptoarrak haserre daude Egiptoren norabide politikoarekin. Hauteskundeetan ez dute bozkatu».

Zenbateko epea emango diote egiptoarrek Al-Sisiri? Noiz arte iraungo du herritarren pazientziak? Al-Nanik argi dauka: «Erregimen berriak botere guztien babesa du, baina errepresioari amaiera ematen ez badio, eta bizi-mailak hobera egiten ez badu, herritarrak berriz ere kalera aterako dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.