Ben Ali kargugabetzeko balio izan zuen Jasminen Iraultzaren seigarren urtemugan, Tunisiak aurrerapauso historiko bezain berritzailea eman zuen: beste audientzia publiko batEgiaren eta Duintasunaren Instantzian (IVD). Oraingoan, diktaduraren biktimek torturen, umiliazioen eta heriotzen lekukotzak eman zituzten. Udaberri Arabiarren herrialdeetan, justizia trantsizionalaren norabidean pausoak eman dituen herrialde bakarra da Tunisia. Izan ere, erregimen totalitario batetik demokrazia ez-perfektu baterako bidea egin duen herrialde bakarra da.
«Egunero oroitzen naiz Barne Ministerioaren tortura gelan bizitakoarekin... Tortura mota guztiak ezagutu ditut, heriotza desio izateraino», azaldu zuen, malko artean, Meherzia el-Abedek, 90eko urteen hastapenetan atxilotu zuten Ennahda alderdi islamistako militanteak. «Izugarriena zera izan zen: Habib nire senarrari deskarga elektrikoak nola jartzen zizkioten ikustera behartzea», erantsi zuen,herri oso baten kontzientzia astinduz.
Azaroan izan ziren aurreko bi audientzia publikoetan bezala, iragan aste bukaerakoa ere zuzenean eman zuen Tunisiako telebista publikoak, prime time ordutegian. Guztira, hogei biktimak baino gehiagok azaldu dute beren martirioa eta aurkeztu dituzte erreparaziorako beren eskaerak. Batzordetik oso profil desberdineko jendea igaro da: 2011n Poliziak balaz jositako gazteen senitartekoak; ezkerreko militanteak eta militante islamistak; 90eko urteetan Ben Aliren kontra jarduteagatik torturaturiko gizon-emakumeak guztiak; borroka antikolonialaren lider eta gerora independentziaren tirano bilakaturiko Bourguibaren diktaduran, 60ko urteetan, errepresaliaturiko komunistak eta aktibista panarabiarrak...
Yaquin Guermaziren gurasoek ere eman dute beren testigantza. Zazpi hilabeteko besoetako haurra zen Yaquin 2011ko urtarrilean. Gurasoek paseoan zeramatela, gobernuaren kontrako manifestazio batekin topo egin zuten. «Polizia batek iraungita zegoen gas bote bat bota zuen gu geunden lekura. Oso indartsua izan zen; ahal izan genuen bezala egin genuen ihes handik. Uste genuen gure alaba lokartu egin zela. Baina gauean konturatu ginen ez zela esnatzen; kommozioa zuen». Yaquin txikia ordu batzuk geroago hil zen.
«Hainbat irizpideren arabera aukeratu dira biktimak: errepresaliatutako familia politiko desberdinen arteko oreka bilatzea izan da nagusia, baita eskualde, genero eta aldi historiko desberdinetako ordezkariak izatea ere. Norbanakoen sendotasuna ere kontuan hartu dugu», azaldu du Seif Soudanik, IVDren eledunak. Psikologo talde bat egoten da audientzia saioetan, biktimei laguntza ematen. «Aurrez eginiko egiaren batzordeen esperientziak kontuanhartu ditugu: Hegoafrikakoa, kasurako». Audientziak hartu dituen egoitza ere ez da kasualitateaz hautatu, karga sinboliko handia baitu: Club Elyssa izenez ezagutzen da, Bel Aliren emaztearena da, eta luxuzko harrerak antolatzen zituzten han.
Orotara, 1955. eta 2013. urteen artean Bourguibaren eta Ben Aliren diktaduretan estatuen aldetik jasandako era guztietako abusuen biktimek eta senitartekoek aurkeztutako 65.000 dosier baino gehiago jaso ditu instantziak.Justizia trantsizionalaren printzipioen arabera, instantziak ez du aurreikusten diktaduraren krimenen egileakkartzelatzea —auzi larrienen erantzuleentzat aurreikusten dituzte zigorrak—; egia jakitea, biktimei gizarteratze moral eta ekonomikoa ematea, eta erregimen zaharra betiko eraistea nahi dute. Hainbat biktimak gogorarazi dutenari jarraikiz, giza eskubideen urraketa ez zen soilik polizien erantzukizuna, baizik baita autopsiak faltsifikatzen zituzten sendagileena eta ikertzeari uko egiten zioten epaileena ere.
Biktimen jarrerak askotarikoak dira. «Nik ez dut nahi [nire erasotzaileak] jazarriak izatea. Egin zutena aitortzea soilik nahi dut, barkamena eskatzea... eta egia», eskatu zuen Sami Brahimek, zortzi urtez preso politiko izanak. Haatik, 1984an Poliziak hildako gazte baten anaia Jamal Sassik epaiketa bat eta zigorra eskatu zituen. Erregimenaren aldeko hainbat hedabidek hauspotu zutena gezurtatuz, biktima guztiak bat datoz ez dutela dirurik nahi. Erreparazio morala eskatzen dute batik bat, martirien izenak jartzea kaleei, edota desagertuen gorpuzkiak itzultzea lur eman eta hilobi aurrean errezatu ahal izateko.
Lekukoen sendotasuna gorabehera, oraindik ez dago argi lortuko ote duten bilatzen duten katarsi kolektiboa eta, horrekin, adiskidetze nazionala. Izan ere, sortu zenetik, politizazioaren biktima bilakatu da batzordea, baita iraultzaren ondorio negatiboekin ilusioa galdutako biztanleen zati batena ere. Hain justu, gobernuan dagoen Nida Tunis alderdian diktadurarekin lotura duten kide batzuk daude, eta prozesuari trabak jartzenahalegindu dira. Era berean, zenbait estatu erakunde —Polizia, kasurako— ez dira ari ikerketan laguntzen.
Dena dela, Sudani optimista da: «Oraingoz, eragin positiboa izan du. Baita aurka zeuden komunikabideetan ere. Adibidez, audientzia publikoen kontra txioak idatzi zituzten batzuek, hurrengo egunean, zuzendu egin zituzten beren esanak». Inkesta baten arabera, tunisiarren %67k diote ongi ari direla egiten audientziak. Dena dela, asko dago egiteko. Beste ahotsik ez biktimena baino gorago leloa beteta, erasotzaileen lekukotzenak izango dira hurrengo audientziak.
Iraganeko izugarrikeriei hitza
Tunisiako diktaduren garaian estatuaren gehiegikeriak jasan dituzten biktimek beren testigantza eman dute Egiaren Batzordearen aurrean, iragan asteburuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak