Dena den, diputatu eta senadoreek Bushi argi berdea emango baliote, Iraken zein Afganistanen izandako esku hartze militarren eta hauen ingurukoen kostuak 500.000 milioi euro gaindituko luke. Bushen asmoa AEBetako arlo militarrari bideratutako dirua handitzea da, eta 2012rako defizit fiskala ezabatu nahi duenez, beste arlo batzuetan -bereziki zaharrei eta txiroei bideratutako osasun programetan- proposatu ditu murrizketak. «Aurrekontu orekatu bat lortzeko nire formulak historiaren une honetan gure herrialdeak dituen lehentasunak islatzen ditu: aberria babestu eta terrorismoaren kontra borrokatu, ekonomiaren sendotasuna zerga baxuen bidez mantendu eta gastua kontrolatu», esan zuen.
Aitzitik, oso kritiko agertu zen Kent Conrad ordezkari demokrata: «Presidentearen aurrekontuak zor eta engainuz beteta daude, errealitatetik deskonektatuta, eta AEBak norabide okerrean eramaten segitzen dute».
Bitartean loteslea ez den ebazpen bat eztabaidatzen zebilen bart Kongresua, Bushek Irakerako duela aste batzuk aurkeztu zuen estrategia berriaren ingurukoa.
Hain justu, estrategia hori albait bizkorren gauzatzeko esperantza agertu zuen Irakeko presidenteordeetako bat den Tarik Hashimik. Izan ere, Washingtoni eskatu zion Irakera bidali nahi dituen beste 21.500 soldadu estatubatuarren hedapena bizkor dezala.
Horri erantzunez, Bushek esan zuen «seinale ona» iruditzen zaiolaBagdadek bere plana sostengatzea eta hau lehenbailehen gauzatzeko eskatzea. «Horrek erakusten du beren herritarrak babesteko beharrezkoa dena egiteko unea dela ulertzen dutela».
Halere, hilabeteak igaro daitezke AEBetako soldadu gehiagoren bidalketa martxan jartzeko, Bushen erabaki hori Kongresuan eztabaidatzen ari direlako.
INDARKERIAK, ETENIK EZ. Hashimik ohartarazi zuen Bushek agindutako tropak laster hedatu ezean, egoera are gehiago okertuko dela. Agintari sunitaren iritziz, Irakeko Gobernuak ez dio «behar bezala» aurre egiten herrialdean nagusi den indarkeriari, eta Gobernuak «motel eta ez oso era profesionalean» jokatzen du eremu horretan. Azkenaldian izandako erasoen gorakadaren erantzukizuna Irango Gobernuari leporatu zion, azken egunotako bonba erasoen kopuru handiaren atzetik gobernu bat egon behar duela argudiatuta.
Joan den astean gutxienez 1.000 pertsona hil zituzten bonba eta bestelako erasoetan.
AEBetako eta Irakeko Gobernuaren indar armatuak erasoaldi bateratua prestatzen ari dira, batez ere hiriburua kontrolatzeko eta erresistentziaren zein beste taldeen ekintzei aurre egiteko. Elkarlana koordinatzeaz arduratuko den bulegoa atzo zen lanean hastekoa, baina lanak atzeratu egin zituzten eta ez dago argi noiz hasiko dituzten. 1991n AEBek eta honen aliatuek Iraken kontra ekin zutenean haien aurkako defentsa gidatu zuen jeneral irakiar xiita batek, Abbud Gambarrek, gidatuko du orain Bagdadeko koordinazio zentroa.
Bien bitartean, etenik gabe gertatzen ari dira erasoak Iraken barrena. Atzo gutxienez 30 lagun hil eta 110 baino gehiago zauritu zituzten Bagdaden, bi bonba-auto eta kamioi-bonba bat eztandarazita. Irakeko Barne Ministerioak eman zituen datuak.
Gainera, 25 lagun gorpu agertu ziren Bagdadeko hainbat auzotan. Hilotzek bala zauriak zituzten. Azken egunotan 60 gorpu aurkitu dituzte, bala eta tortura arrastoekin, auzo sunita eta xiitetan.
Erresistentziak Basora inguruko errepide batean jarritako lehergailu batek soldadu britainiar bat hil, eta hainbat zibil irakiar zauritu zituen. Dagoeneko 131 dira Iraken hil dituzten soldadu britainiarrak. Londresko gobernuak 7.500 soldadu inguru ditu gaur egun Iraken, gehienak hegoaldean, Basora hirian edo inguruetan.
Bestalde, AEBetako tropek Muktada al Sadr buruzagi erlijioso xiitaren aliatu bat, Ali Kadhem, hil zuten Dijala hirian. Shahid Sadr (Sadren Martiriak) bulegoaren zuzendaria zen Kadhem.