IRAK. KIRKUK HIRIAREN ETORKIZUNA. Kirkuken estatusa jokoan

Iraken heldu den urteko urtarrilean egingo diren hauteskundeak erabakigarriak izan daitezke Kirkuk hiriaren etorkizunean; Hauteskunde Legean kurduen eskaerak aintzat hartu dituzte.

urtzirrutikoetxea
Kirkuk
2009ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Kirkuk hiriaren auzia dela eta, bozak bertan behera gelditzekotan egon dira Iraken. Kurduek bozak normal egitea eskatzen zuten, arabiarrek eta turkomanoen zati batek jokoaren arau bereziak galdegiten zituzten. Hauteskunde Legea azken orduan onartu zuten -igandean-, eta irakiarrek diputatu berriak hautatuko dituzte urtarrilaren 21ean. Baina, berriz ere, agerian gelditu da hiriko arazoa, kurduen auzia konpondu ezean herrialde osoak ezegonkortasun handia izango duela.

Hegoaldeko kurduek beren hiriburu historikotzat daukaten hirira hurbildu ahala, berehala geratzen da agerian Kirkuken garrantzia. Sugarrak nagusitzen dira urrunean paisaia idorrean; Kirkuketik egunero ateratzen diren milioi bat upel petrolio ustiatzen diren hobiak dira. Arbil Kurdistan autonomoko hiri nagusitik iritsita, segurtasun agenteen uniformeak ere desberdinak dira, bietan peshmerga borrokalari kurduak izan arren.

Ez da aldaketa bakarra: Kurdistanen segurtasuna ia erabatekoa da; Kirkuken, baina, bizkartzainak ezartzen dizkiote kazetariari hiriko aginte nagusia daukaten kurduek. «Auzo kurduetan arazorik gabe ibil daiteke, baina arabiarrak arriskutsuak dira», gaztigatu digu poliziaburuak. Neurri zorrotzek, txarrantxa hesiek eta hormigoizko harresiek ez dituzte erabat eragotzi atentatu odoltsuak. Azken hiletan egoerak hobera egin du; asteon bertan, baina, lagun bat hil dute tiroz. Eta hauteskundeak hurbildu ahala indarkeriak okerrera egingo duen beldurra ageri du askok hirian.

Erreferenduma egiteko

Kirkuken estatusa estatubatuarrak erretiratu aurretik bideratu beharreko auzia da. Konstituzioak argi adierazten du bidea teorian: 2007. urterako erreferenduma egin behar zen hiriaren etorkizunari buruz; Kurdistanen sartu edo ez erabakitzeko, alegia. Ez da galdeketarik izan bi urteotan, aurretik egin beharreko urratsak falta direlako. Normalizazioa-Saddam Husseinek kanporatutako kurduak hirira itzultzea eta hegoaldetik ekarritako arabiarrak, hala nahi izatera, beren sorterrira bueltatzea- eta errolda berria dira urrats horiek. Hauteskunde Legean kurduen gaia erraz uler daiteke: Kirkuken gehiengoa direla jakitun, bozen emaitzek ere hori islatzea nahi dute. Arabiar eta turkomanoek salatzen dutenez, bertakoak ez diren kurduekin puztu dute hiriko biztanleria. Azken akordioa kurduen aldekoa izan da neurri handi baten: hauteskundeak beste hirietan legez egingo dira, baina alegazioak aurkeztu eta kanpoko kurduen kopurua %15etik gorakoa bada, berriz egin beharko dira hauteskundeak.

Azaletik ikusita, blokeatutako egoera dirudi, baina futbol zelaira hurbiltzea aski da auziak bere bidea egin duela ikusteko. Gerra amaituta etorri eta duela aste gutxira arte hor biltzen ziren presidente ohiak kanporatutako dozenaka familia. Asteon, hutsik dago zelaia, berriz ere futbolean aritzeko marra zuriak egiten ikusi ditugu langileak. Kurdistango Gobernuaren diru laguntza onartuta alde egin dute familiek.

Bazarra da, ziur aski, hiriko izaera multietnikoa agerien dagoen lekua. Kurduek argi eta garbi adierazten dute beren borondatea. «Kurduen hiriburua gara», dio Akil gazteak, eta lagunaren berbak berretsi ditu Hassanek ondotik. Turkiar jatorriko herritarrak zatituago daude, «elkarrekin bakean bizitzea da garrantzitsuena», dio Ali ikasleak; Jemil, erosketetan diharduen agure bizarzuria bat dator, baina «Kurdistango parte izan behar dugula uste dut, denon bizimodua hobea izango da», gaineratu du. Arabiar gutxik babesten dute ideia hori, nahiz eta badakiten azokan gutxiengoa direla, eta, hartara, ondo neurtzen dituzte euren berbak. «Kurdistan edo Bagdad, denok eskubide berberak izatea da garrantzitsuena»,dio Ismail saltzaileak.

Kurduen garaipen txikia

Abu Ibrahim elkarlana bultzatzen duen arabiar erakunde bateko burua da, Saddam Husseinek ekarritako arabiarrak hegoaldera itzultzearen arduradun izan da. Gehienek alde egin dutela dio, baina hirirako konponbidea erdiesteko denbora gehiago behar dela deritzo. «Kurduak eta arabiarrak auzoak izan dira luzaroan; orain etsaitasuna da nagusi, eta laguntasuna egonda ere, ez da aski, idatzitako bermeak behar ditugu». Kurdistan autonomoan dauden gutxiengo etniko eta erlijiosoek Irak osoan ez daukaten askatasuna gozatzen dutela esanda ere, ez dela aski erantzuten du Ibrahimek. «Arabiarrak orain bertan ez daude prest Kurdistango parte izateko, berriz diot, denbora eta bermeak behar dira». Epea jarri dio Ibrahimek konponbideari, ordea: «2010eko urtarrileko hauteskundeen ostean, urrian errolda egingo da, ordurako oinarri sendoak jarri behar dira odol gehiago isur ez dadin».

Hauteskunde Legea onartzea garaipen txikia baina garrantzitsua da kurduentzat. Estatu Batuen aliatu leialena izan dira Iraken, baina Washingtonek orain arte emandako babesa nabarmen murriztu baitie Kirkukeko auzian. Turkiaren atzaparrak honaino iristen dira; inoiz inbasioaren mehatxua erabili izan du, eta orain jarrera baretu badu ere, Ankararen amesgaiztoa da Kirkuk Kurdistanen irudikatzea. Egunero punpatzen dituzten milioi bat upel petrolio aski eta sobera dira Kurdistan independentea ekonomikoki sostengatzeko.

Sadi Ahmed Pire PUK Kurdistango Batasun Patriotikoko bozeramaileak ukatu egiten du Kirkuk Kurdistanera sartzeak petrolioarekin zerikusirik izatea. «Fede txarrez egiten dira akusazio horiek. Kirkuken auzia Konstituzioak zehazten du, eta berdin petrolioaren kudeaketa. Petroliotik datorren dirua Irak osorako den poltsara doa, eta hortik %17 jasotzen du Kurdistango Gobernuak. Horrela gertatzen da dagoeneko Kurdistango lurretan dauden petrolio hobietan, Bagdadera doa dirua eta gero jasotzen dugu guk, ez da dolar bakar bat zuzenean gugana iristen. Berdin gertatuko da Kirkukek Kurdistanekin bat egiten duenean. Salaketa horiek erabat funsgabeak dira». Pire PUKeko eledunak auziaren konponbide demokratikoa behar dela ere nabarmendu du: «Herritarren borondateari jaramon egin behar zaio, Bagdadekin egotea erabaki zein Kurdistanekin bat egitea; hori da demokrazia, eta hori dio Konstituzioak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.