Al Kaedak Iraken duen taldeak bere gain hartu zituen, atzo, asteazkenean Jordaniako Amman hiriburuan luxuzko hiru hoteletan izandako bonba erasoak. «Gure taldeko lehoirik onenek beste eraso bat burutu zuten atzo, hainbat gordelekuren aurka». Interneteko webgune islamiko batean zabaldu zuen Al Kaedak mezua. «Jordaniako hainbat hotel aukeratu genituen erlijioaren etsaientzako juduentzat eta gurutzatuentzat gune bilakatu dituztelako. Traidoreentzako leku higuingarria eta prostituziorako gunea dira», adierazi zuen Al Kaedak oharrean. Era berean, AEB Ameriketako Estatu Batuei ere zuzentzen zitzaien mezua. «Gurutzatuen armadaren gune horiek gerlari santuen jomuga dira orain», ohartarazi zieten.
Grand Hyatt, Radisson etaDays Inn hotelen aurka izan ziren asteazkeneko atentatu suizidak. Hotel horien aurrean bildu ziren atzo ehunka jordaniar, atentatuak gaitzesteko. Al Kaedak erasoak bere gain hartu zituela jakinik, honakoa oihukatu zuten, besteak beste, hotelen aurrean bildutakoek: Erre zaitez infernuan Abu Musab al Zarkaui Irakek Al Kaedan duen taldeko ustezko buruzagia. Jordaniako hamalau talde profesional eta sindikatuk antolatu zituzten protestak. Erakunde horiek kritikoak dira Jordaniako Abdala II.a erregearekin. Jokabide moderatua izatea eta Mendebaldearen alde egitea leporatzen diote agintariari, besteak beste.Gobernuko eledun Bassel Taraunek jakinarazi zuenez, gutxienez 57 pertsona hil eta 115 zauritu ziren hotelen aurkako erasoetan. Biktima kopurua, hala ere, behin-behinekoak da oraindik. Jordaniako lehen ministrorde Maruan Muasherrek jakinarazi zuenez, hildako eta zauritu gehienak jordaniarrak ziren. Taraunek emandako datuen arabera, hildakoen artean 15 jordaniar, bost irakiar, palestinar bat, indonesiar bat eta hiru txinatar zeuden. Gainerako hogeita hamarrak ez dituzte oraindik identifikatu.
Lau palestinar daude hildakoen artean
Palestinako enbaxadore Attala Kherik, ostera, erasoetan lau palestinar hil zirela adierazi zuen. Horien artean segurtasun indarretako bi kide. Bashin Nafe jenerala eta Abed Alun koronela, Grand Hyatt hoteleko erasoan hil ziren. Israelgo enpresaburu palestinar bat ere hil zen erasoetan, Tel Aviveko Atzerri ministroaren arabera. Palestinako Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak Ammango erasoak gogor salatu zituen.
Israelgo Haaretz egunkariak hasieran adierazi zuenez, Jordaniako segurtasun indarrek hainbat israeldar aterarazi zituzten Radisson hoteletik leherketa gertatu baino lehenago. Berehala, baina, zuzendu egin zuen informazioa. Jordaniako segurtasun indarrek, erasoak gertatu ostean, eskoltatu zituzten israeldarrak, zuzenketa horren arabera.
JORDANIA
Irakeko Al Kaedak hartu ditu bere gain Ammango hoteletako erasoak
Ehunka jordaniar bildu dira atentatuak izandako tokietan, atentatuak salatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu