Talde horrek Internet bidez hartu du bere gain erasoa, eta bi ekintzaile suizidek egin dutela azaldu du. Hala ere, Irakeko behin-behineko agintariek zein AEBetakoek ez diote sinesgarritasun handirik aitortu aldarrikapen horri. Irakeko Atzerri ministro Hoxiar Mahmoudek adierazi du oraindik goiz dela erasoaren egileak nortzuk diren jakiteko, eta AEBetako iturriek, berriz, Al Kaedaren ustezko buruzagi Abu Musab Al Sarkuiri egotzi diote ardura.
Nolanahi ere, erasoa Bagdadeko eremu berdera sartzeko guneetako batean gertatu da. Eremu berdea Irakeko Gobernu Kontseiluak zein AEBek gidatzen duten Koalizioak egoitza nagusiak dituzten ingurua da, eta hara sartzeko kontrol zorrotzak igaro behar dira. Hain zuzen ere, Ezzedin Salim presidentea eta haren segurtasunaz arduratzen den segizioa kontrol horietako bat pasa eta eremu berdera sartzera zihoala bonba-autoa haien kontra lehertarazi dute, ustez ekintzaile suizidek.
Leherketa oso handia izan da: Bagdad osoan entzun da, eta zortzi lagun hiltzeaz eta beste sei zauritzeaz gain, kalte material handiak eragin ditu.
Ezzedin Salim, berriz, Basorakoa zen eta xiita; zehazki, Saddam Husseinen garaian errepresio handia jasandako buruzagi xiiten familia batekoa: haren sendiko 17 kide exekutatu zituzten Husseinen agintealdian, eta bera, Iranen erbesteratuta bizi izan zen 1980tik iazerregimena erori zen arte.
Salimek gogor kritikatu zuen azken egunetan Moktada Al Sadr buruzagi xiitak gidatutako errebolta.
Iraken okupazioa