Saddam Hussein Irakeko presidente kargutik haizatu zutenetik, egun odoltsuena pairatu zuen atzo Irakek, Bagdad hiriburuan eta erdialdeko Kerbala hirian xiiten kontra zuzendutako eraso andanak gutxienez 182 hildako eta 460 zauritu eragin baitzituzten. Ekitzaile suiziden eta bestelako erasoen bitartez eragindako leherketa hauek Iraken gehiengoa diren xiitentzako Ashura egun sakratuenean gertatu ziren. Irakeko Gobernu Kontseiluak hiru eguneko dolualdia agindu du.
Agintariek atzo iluntzean zabaldutako behin-behineko balantzeen arabera, 112 lagun hil ziren eta 240 zauritu Kerbalan, bederatzi leherketen ondorioz, eta Bagdaden gertatutako erasoak, berriz, 70 hildako eta 220 zauritu eragin zituen.
Askotariko erasoak
Kerbalan dozenaka mila xiita elkartuta zeuden Hussein imamaren hilobian eta inguruetan, leherketak gertatu ziren unean. Irakeko Poliziak zabaldutako datuen arabera, 9 eraso izan ziren eta guztiak ekintzaile suizidek burutu zituzten, baina Ameriketako Estatu Batuetako Armadako bozeramailea den Mark Kimmit jeneralak adierazi zuenaren arabera, eraso suizida bakar bat egon zen.
Gainerako atentatuak, aldiz, urrundik agindutako lehergailuen edo mortero jaurtitzeen bitartez eginak izan ziren, Kimmiten hitzetan.Bagdaden, berriz, beti ere Kimmiten arabera, hiru eraso egile suizidak ekin zuten xiitak gehiengoan diren Al-Khademia auzunean. Erasoetatik bata Mussa Al-Kassem meskitaren barruan gertatu zela zehaztu zuen okupazio indarren bozeramaleak. Bagdaden zein Kerbalan leherketek izualdia sortu zuten, jende gorpuzkinak alde guztietarat sakabanatuta eta odol isuriak ageri zirelarik. Bi hirietan hildako edo zauritutakoen artean, berrogeita hamar bat lagun Iranetik joandako beilariak zirela zehaztu zuten agintariek.AEBetako Armadako agintariek zein ere Irakeko buruzagi xiitek Al Kaeda islamista ekintza sarearekin ustez lotutako Abu Mussab al-Zarkaui jordaniarraren bizkar jarri zuten atentatu olde honen erantzukizun nagusia. Mark Kimmitt jeneralarekin bat etorrita, Iraken Iraultza Islamikoaren Kontseilu Gorena alderdi xiita nagusiko eledun Hamid al-Baiatik Al Jazeera telebista katean zera adierazi zuen: «Ezin dugu baztertu Al Kaeda edo Abu Mussad al-Zarkauiren taldekoak izan daitezen errugabeak hil dituzten krimen itzel hauen atzean».
Al Zarkaui, lehendik ere erantzuletzat jota
Jordaniar hau zen dagoeneko Irak okupatzen duen koalizio militarrak herrialdean azken hilabeteotan gertatutako eraso odoltsuenen agintzaile nagusitzat jotzen zuena. Hala, al-Zarkauiri leporatuta izan zaio Najaf xiitentzako beste hiru santu batean 2003ko abuztuan gertatutako atentatuaren eta Bagdaden Nazio Batuen Erakundeko egoitzaren kontra burututako erasoaren antolatzaile nagusia izatea. Hortaz, Washingtonek 10 milioi dolarreko saria eskaintzen du al-Zarkaui harrapatzen laguntzen duenarentzat.
Irakeko Gobernu Kontseiluaren izenean, Adnan Patxatxi buruzagi sunitak gogor kondenatu zituen Kerbalako eta Bagdadeko erasoak atzo. «Krimen itzel hauek irakiarrak are gehiago bat egiterat eta Irak berri bat eraikitzearen alde tematuko dituzte», aditzerat eman zuen Patxatxik. «Terrorismoak lortu nahi duena da irakiarren batasuna haustea eta zatiketak areagotzea», nabarmendu eta gero, zera gaineratu zuen Adnan Patxatxik: «Herritarrek lasaitasunez eta pazientziaz iharduki behar dute gure herrialdeari min egin nahi dieten etsaiei aurpegi emateko gisan».AEBek «demokrazia desbideratu nahi duten eraso anker» bezala salatu zituzten atzo atentatuak. Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak, Egiptok eta Liga Arabiarrak , besteak beste, gaitzespena adierazi zuten.
IRAKEKO OKUPAZIOA. Kerbala eta Bagdaden gutxienez 182 hildako, xiiten aurkako erasoetan
Buruzagi xiitek eta AEBek Al Kaedarekin ustez lotutako Abu Mussab al-Zarkaui jordaniarra jo dute atentatuen agintzaile
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu