Iraken eta Kurdistanen ehun lagun inguru hil dituzte urteko eraso sail handienean

Agintariek Al-Qaedari egotzi dizkiote erasoak, eta herrialdean «gerra sektario odoltsu bat» sortu nahi duela adierazi duteBotere esparru nagusiak xiitek dituzte, eta horren aurka borrokan ari dira talde sunitak

mikel rodriguez
2012ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Iazko abenduan atera ziren AEBetako azken soldaduak Iraketik, eta orduz geroztik nazioartearen arreta gutxiago izan du Irakek, eta ahaztutako gatazka bat bihurtzeko arriskua areagotu du horrek. Okupazio indarrek herrialdea utzi arren, indarkeriak eguneroko kontua izaten segitu du, hein handi batean inbasioaren ondorioz sortutako ezegonkortasun politikoarengatik. Erasoak bereziki gogorrak direnean, mundu zabalean berriz ere oihartzuna hartzen du Irakeko egoerak, atzo gertatu zen bezala. Urteko atentatu sail handiena egin zuten Irakeko eta haren menpeko Kurdistango hamahiru hiri eta herritan, eta hildakoak 91 eta 107 artean dira.

Aitzineko kasuetan bezala, agintariek Al-Qaedari egotzi diote eraso horiek egitea, eta erakunde horrek Iraken «gerra sektario odoltsu bat» sortu nahi duela adierazi dute. Eraso gogorrenak Tajin, Dhuluiyan, Bagdaden eta Kurdistango Kirkuk hirian gertatu dira. Tajin, dozena erdi lehergailu zartarazi dituzte; horietako bat, Polizia bertaratu denean. Hainbat iturriren arabera, 32 eta 41 lagun artean hil dituzte; horietako hamalau, poliziak. Bagdadetik hogei kilometro iparraldera dago Taji, eta herritar gehienak sunitak dira. Triangelu Sunita deitutako eremuan dago Taji, inbasio garaian atzerriko tropen aurkako erresistentziaren gotorlekuetako bat izan zen tokian.

Bagdaden, berriz, auzo xiitetan zartarazi dituzte lehergailuak. Leherketa larrienaren berri Sadr City barrutian eman dute, hamasei hildakorekin. Atentatu gehienak lehergailu bidez izan diren arren, Dhuluiya hirian (Bagdadetik 70 kilometro iparraldera) talde batek suzko armekin eta granadekin eraso dio base militar bati, eta hamasei soldadu hil ditu, armadako iturrien arabera.

Hildako gehien eragin dituzten bertze erasoak Iraken menpeko Kurdistanen izan dira. Kirkuken gutxienez bortz bonba auto leherrarazi dituzte, eta horien eraginez sei lagun hil. Mosulen, berriz, bederatzi lagun hil dituzte erasoetan, horietako sei militarrak. Kirkuk eta Mosul Kurdistan historikoaren parte diren arren, ez daude Kurdistango Eskualde Autonomoan.

Uztailean, 330 hildako

Iaz, inbasioaren azken urtean, 4.087 lagun hil zituzten atentatu eta borroketan, Iraq Body Count analisi proiektuaren arabera. Talde horrek emandako zifrei begiratuta, ezin daiteke erran atzerriko indarren etxeratzeak indarkeria murriztu duenik, urteko lehen zazpi hilabeteotan iazko hildako kopuruaren erdia erruz gainditu baita. Hilabete odoltsuena ekaina izan da, 472 hildakorekin. Uztaila ere bide beretik doa, atzoko kopuruak berretsiz gero, 330 inguru izan baitaitezke 23 egunetan hildakoak.

Indarkeriak Irakeko botere banaketaren borrokan du arrazoia, eta okupazio aldian bertan lehertu zen gatazka. Botere esparru nagusiak gehiengo xiitaren ordezkarien esku gelditu dira, Saddam Husseinen agintaldian (1979-2003) diskriminatuta egon zen sektorearengan, hain zuzen. Horregatik, nagusiki talde sunitak dira gobernuaren aurka borrokan ari direnak. Horien artean, bi sektore nagusi bereiz daitezke: Husseinen Baath alderdi arabiar sozialistaren inguruan antolatutakoak, eta Al-Qaedaren inguruko islamistak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.