Salaheddin probintzian ÐSamarra da hiri nagusiaÐ atzo hasitako oldarraldian esku hartzen dute AEBetako Aire Armadako 101. Brigadak eta Irakeko Armadako 1. Brigadak. Lurreko erasoan parte hartzen duten militarrez gain, gerrako 200 ibilgailu eta 50 hegazkin sartuta daude oldar egite horretan. AEBetako Armadaren arabera «zenbait egun» irautekoa den ekitaldiaren lehen egunean arma eta lehergailu gordetegiak aurkitzeko eta gerrillaren babeslekuak deuseztatzeko helburuak dauzkaten araketa operazioak Banat Hassan, Bukadu, Jilam eta Mamalaha herrien inguruetan burutu dituzte. Arma eta lehergai ugari atzeman dituztela zehaztu du AEBetako Armadak.Bagdadetik ehun bat kilometro ipar-mendebaldera kokatutako eskualde hau erresistentzia indarren gotorlekua den triangelu sunita-ren erdigunean dago. Ez da lehen aldia, baina, okupazio tropek eta Irakeko segurtasun indarrek Samarra eskualdean erasoaldirik egiten dutela. Hil honen hasieran ere, maila txikiagokoa izan zen lehen oldar egite bat gertatu zen eta honetan arma gordailu andana atzeman zela ziurtatu zuten. Irakeko jarduneko Atzerri ministro Hoshiar Zebarik adierazi zuen atzo erasoaldiaren helburua dela erresistentziak ez dezan lortu babesgune indartsu bat finkatzea Samarra eskualdean, Falujan egitea erdietsi zuten bezala. Iragan otsailaren 22an Samarrako santutegi xiita baten aurka gertatu zen atentatuaren ostean, xiiten eta suniten arteko indarkeriak areagotzean, Iranen eskuhartze bat salatu du behin eta berriro Washingtonek. Auzi honez Washingtonekin hitz egiteko prest dela jakinarazi zuen atzo Irango segurtasuneko kontseilu goreneko idazkari Ali Larijanik. «Iraken egon daitezkeen arazoak konpontzeko xedez, estatubatuarrekin berba egiteko prest gaude», adierazi zuen Larijanik, «hori egingo dugu, gure anaia Abdel Haziz al Hakimek [Irakeko alderdi xiita nagusiko buruzagia, SCIRIkoa] egin digun eskariari erantzutearren eta Iraken gobernu independente bat eratzen laguntzeko».
AEBen baiezkoa
Abdel Haziz al Hakimek, hain zuzen, «Irango Errepublika Islamikoko agintaritza zuhurrari» eskatu zion «AEBekin hizketaldi bat abian jartzeko eta Iraken inguruko ezadostasunak elkarrekin aztertzeko».
Etxe Zuriak ere baietsi zuen atzo AEBek Iranekin hitz egingo dutela, baina Iraki lotutako kontuak baino ez direla hizpide izango nabarmendu zuen Scott McClellan eledunak. «Bagdadeko gure enbaxadore Zalmai Khalilzadek baimena dauka irandarrekin hitz egiteko Iraki lotutako gaiez», esan zuen McClellanek, «baina Irango aginteaz dauzkagun ikusmolde eta kezkak geratzen dira, eta Irakeko auziaz bereiz dauden kontuak dira. Hala, auzi nuklearra Segurtasun Kontseiluan dago gaur egun». Azken hamarkadetan bi herrialdeen artean izandako lehenengo elkarrizketaldi publikoa izango da. Ezen, 1979an ikasle talde batek AEBetako 66 diplomatiko eta herritar bahitu zituenean Washingtonek harreman diplomatikoak eten zituen. Iraultza Islamikoa indarrean jarri zen urte hartan Iranen eta Khomeini aiatolak AEBen aurka protestak egiteko eskatu zien herritarrei. Bahituak 1981eko urtarrilean askatu zituzten. Irakeko Legebiltzarrak lehen saioa egin zuen atzo, baina ordu erdi besterik ez zuen iraun. Diputatuek karguari zin egin bazioten ere, indar politikoen artean dirauten ezadostasunek ezinezkoa egin zuten Legebiltzarre- ko burua aukeratzea.
KURDISTAN
Istiluak Halabjan, sarraskiaren 18. urteurrenean
Istiluak gertatu ziren atzo Iraken menpeko Kurdistanen kokatutako Halabja herrian. Liskarrak piztu ziren Halabjak 1988. urtean pairatu zuen sarraskia gogoratzeko ekitaldian. Urte hartan, Halabjako 5.000 biztanlek bizia galdu zuten Saddam Husseinen armadak gas hilgarriak jaurtita. Sarraskiaren oroigunearen inguruan hasi ziren istiluak. Ehunka kurduk gogor salatu zituzten ekitaldira joan ziren agintariak, eskualdeak pairatzen dituen giza egitura eskasietan erantzuletzat jota eta dirutzak desbideratzen dituztela akusatuta. Gazte bat hil zen borroketan.