Iraken mendeko Kurdistanen erasoa egiteko asmoa iragarri du Turkiak

Presio diplomatikoa handitu du Ankarak, Iran eta Irakek PKKren aurkako borrokan lagundu diezaioten

Erredakzioa
2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
«Edozein unetan» Iraken mendeko eskualde kurduaren aurkako erasoa agin dezaketela jakinarazi du Idris Naim Sahin Turkiako Barne ministroak. Erasoa airez nahiz lurrez egin dezaketelagaineratu du. Izan ere, Bagdadekin negoziatzen ari dira operazioa zehazteko. Mugaz bestalde dauden PKK Kurdistango Langileen Alderdiko kideek Turkiari egiten dizkioten erasoak amaitu nahi duela jakinarazi du Ankarak.

Duela egun gutxi, hain justu, Bulent Arinc lehen ministrordeak ere mehatxu bera egin zuen: «Operazio horiek egiteko dira, ez beraiez mintzatzeko». Gobernuak horretarako baimena zuela gogorarazi zuen, gainera.

Irakek nahiz Iranek PKKren aurkako borrokan lagundu diezaioten nahi du Turkiako Gobernuak. Hori horrela, informazioa partekatzeko eskaera egin die bi herrialdeei. Horrez gain, Iraki esku hartze zuzena eskatu dio gatazkan.

Azken hilabetean Turkiako segurtasun indarren aurkako erasoak ugaritu egin dira Irakekin duten mugan, eta hainbat soldadu hil dituzte. Dogan informazio agentziaren arabera, mugan tropak mugiarazi ditu jada Turkiak. Tankeekin Kupeli mendiaren magalean, mugatik oso gertu, maniobrak egiten ari direla ere jakinarazi dute.

Zibilak biktimen artean

2007an Turkiako Legebiltzarrak Irak iparraldean PKKren aurkako erasoak agintzeko baimena eman zion gobernuari. Ordutik hainbat eraso egin ditu armadak, bai lurrez, bai airez. Azken hilabetean, hain justu, Turkiako aire armada sei aldiz sartu da Irak iparraldean. Armadak eraso horietan PKK-ko ehun kide inguru hil dituela jakinarazi du. PKK-k, berriz, datu horiek «kurduen aurkako gerra psikologikoaren parte» direla dio. Firat agentzia kurduak, bestalde, biktimen artean zibilak egon direla dio.

PKK-k 1984an hasi zuen borroka armatua, Turkiak Kurdistanen onarpenik egin nahi ez duelako. Ordutik 40.000 lagun inguru hil dira gatazkan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.