Iranek 50.000 zentrifugagailu jarri nahi ditu martxan, uranioa aberasteko

Natanzeko plantan jarriko lituzke martxan bi urteko epean; nazioartea kezkatuta agertu da

2007ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Natanzeko planta nuklearrean uranioa aberasteko 50.000 zentrifugagailu indarrean jarriko ditu Iranek. Golam Reza Agazade Irango Energia Atomikoaren Erakundeko zuzendariak dena prest dutela iragarri du. Bi urteko epean egongo lirateke martxan zentrifugagailuak eta misilentzako buru nuklearrak egitea ahalbidetuko lukete. Mahmud Ahmadinejad presidenteak prozesu nuklearra «fase industrial batean» sartu dela ziurtatu du. Iragarpenak nazioarteko komunitatearen kexa handitu egin du.

Energia nuklearra maila industrialean ekoizteko, gutxienez, hiru mila zentrifugagailu behar dira. Ali Larijani Irango auzi nuklearraren negoziazio taldeko zuzendariak, jakitera eman du jada UF6 gasa uranioa injektatu dutela hiru mila zentrifugagailutan. Natanzeko plantaren lurpean daude. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren arabera gune horretan mila gailu ditu. Reza Agazad Irango Energia Atomikoaren Erakundeko buruzagia haratago joan da: «Errepublika islamikoaren helburua ez da 3.000 zentrifugagailu indarrean jartzera mugatzen; pentsatuta duguna da 50.000 zentrifugagailu jartzea indarrean». Uranioaren aberastea fase industrial batera eramateko, zentrifugagailuak «masiboki» jarriko dituztela martxan iragarri du Reza Agazadek: «Iran islamiko oparo batera iristeko urrats bat gehiago da».

Mahmud Ahmadinejadek herenegun ziurtatu zuen errepublika islamikoak erregai nuklearra maila industrial batean ekoizteko ahalak dauzkala honezkero: «Harrotasun handiz iragartzen dizuet erregai nuklearra maila industrial batean ekoizteko ahalmena duten herrialdeen artean gaudela» aldarrikatu zuen Ahmadinejadek. Natanzko planta nuklearrean bertan egin zuen agerraldia. Gaurtik aurrera hiru mila zentrifugagailuak martxan ditu Iranek.

Alabaina, teknologia nuklearraren aditu batzuek zalantzak azaldu dituzte iragarpen hauen kontura. Hauek gogorarazi dute agintariek orain dela urtebete iragarri zutela iragan martxoaren amaierarako hiru mila zentrifugagailu indarrean jarriak izango zirela. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarte Agentziarekiko lankidetza murriztu aurretik, Teheranek jakinarazi zuen 600 zentrifugagailu zituela indarrean.



NAZIOARTEAN, GAITZESPEN UHOLDEA.Iranen ahalmen nuklearrak kezka eragin du berriz ere nazioartean; izan ere, hiru mila zentrifugagailu aski dira, sei hilabete eta urte baten arteko epean, bonba nuklearra ekoizteko nahikoa den uranio aberastua lortzeko. Teherango Gobernuak azken bi egunotan egindako adierazpenek gaitzespen oldea eragin du nazioarteko komunitatean. AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Europako Batasunak susmoa dute, programa nuklear zibil batean aitzakian, bonba nuklearraz jabetzeko asmoa duela Iranek. Gordon Johndroe AEBetako Segurtasun Nazionaleko Kontseiluaren eleduna gogor mintzatu da: «Bere programa nuklearraren garapenean aurrera eginda, nazioarteko komunitateari axut egiten jarraitzen du Iranek».

Europako Batasuna ere kritiko agertu da. NBEren Segurtasun Kontseiluak onartutako 1737 eta 1747 ebazpenekin guztiz kontrajarria liteke, bere hitzetan, erregai nuklearraren ekoizpena fase industrial batera eramatea. Irani, «bere programa nuklearrak piztutako auzia konponbidean jartzeko», nazioarteko komunitatearen eskariak aintzat har ditzan eta negoziazio mahaira bueltatu egin dadin eskatu dio, agiri baten bidez, Bruselak. Frantziak eta Erresuma Batuak ere kezkak plazaratu dituzte. Erresuma Batuko Atzerri Ministerioak «Iranek ez ditzan garatu arma nuklearraz jabetzeko bitartekoak» jarrera bateratu bat izateko eskaera egin zion nazioarteari

Errusiak, baina, ez zuen gaitzespen hauekin bat egin: «Iranek uranioa maila industrial batean ekoizteko aurrerakuntza teknologikoak dituela ez da berria».

IAEAko ordezkariek ez zuten iragarpenaren inguruko iritzirik eman «isilekotasuna» mantendu behar dutela argudiatuz. Natanzeko plantan aste bat iraungo duen bisita bat abiatu zuten atzo nazioarteko erakundeko bi ikuskatzailek. IAEAk eta Teheranek berak ere ikuskapen hau «ohikoa»bezala aurkeztu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.