Iran

Iranek bertan behera utziko ditu EBrekin adostutako lankidetza akordioak

Batasunak beste urtebetez luzatu ditu Irango agintari militar eta politikoen aurkako zigor ekonomikoak. Israelgo Gobernuak fiskaltzari eskatu dio igandeko erasoaren inguruko filtrazioak ikertzeko.

Irango Atzerri ministro Mohammad Javad Zarif. ERRUSIAKO ATZERRI MINISTERIOA / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko apirilaren 13a
12:55
Entzun

EB Europako Batasuneko Atzerri Gaietarako bozeramaile Peter Stanok atzo adierazi zuen Irango Natanz zentral nuklearraren aurkako erasoa «gaitzesten» duela, baina baita Batasunak ez duela neurririk hartuko gertatutakoa argitu arte ere. Hori bakarrik ez, EBk Teherani ezarritako zigor ekonomikoak beste urtebete luzatuko ditu. Horri erantzunez, Irango Atzerri Ministerioak «bertan behera utziko ditu EBrekin dituen giza eskubideen inguruko elkarrizketa guztiak, baita horietatik eratorritako lankidetza mota guztiak ere, bereziki terrorismoaren, legez kanpoko drogen eta errefuxiatuen ingurukoak».

Atzerri Ministerioko bozeramaile Said Jatibzadehren esanetan, zigorrek ez dute «sinesgarritasunik», eta «arrazoi politikoengatik» hartu dira. Izan ere, haren arabera, Batasuna «isilik» dago AEBek ezarritako «legez kanpoko zigor ankerrek» Irango herritarren giza eskubideetan izan duen eraginaren aurrean. Hala, EBren aurkako neurriak hartzea aztertzen ari da.

Bruselak giza eskubideak urratu izana leporatzen dio errepublika islamikoari, 2019ko azaroan Iranen eginiko manifestazioetan parte hartu zuten herritarren aurka erabilitako «indarkeriagatik». Erregaien prezioaren igoerak eragin zituen protestak, eta horietan 230 lagun hil ziren, Teheranen arabera; 300 inguru, Amnesty Internationalen esanetan.

Halere, EBk Irango herritarrei ezarritako zigorrak ez dira berriak. 2011n hasi ziren, eta ordutik gora egin du kaltetuen zerrendak. Hala, egun herrialdeko 89 laguni eta lau erakunderi eragiten diete; iaztik zortzi herritar eta hiru instituzio gehitu dituzte zerrenda beltzera. Horien artean daude Poliziako eta Guardia Iraultzaileko —herrialdeko talde militarrik garrantzitsuena— hainbat buruzagi; besteak beste, Hossein Salami komandanteburua, Hossein Ashtari Polizia burua eta Mohammad Pakpour lurreko indar armatuen komandantea. Erakundeei dagokionez, berriz, Evin, Fashufuye eta Payai Shahr espetxeak gehitu dituzte.

Horiei EBren lurretan sartzeko bisak eskatzeko aukera debekatu zaie, eta aktiboak ibilgetu. Horrez gain, ezingo dira herrialde hartara esportatu «errepresiorako erabili daitezkeen ekipamenduak» eta «telekomunikazioak zelatatzeko tresnak».

Albistea 2015eko akordio nuklearra berritzeko negoziazio mahaira itzultzeko lehen elkarrizketen ostean iritsi da. EBren EEAS kanpo ekintzarako zerbitzua ari da horiek koordinatzen, eta han daude ordezkatuta Errusia, Txina, Frantzia, Erresuma Batua eta Alemania. Haien helburua Iranek eta AEBek akordio bat adostea da, azken horrek mahaira itzultzea erabaki ostean. Washington 2018an altxa zen, Donald Trump presidente ohia agintean zela, baina egungo presidente Joe Bidenek negoziazioei berriz ekiteko asmoa adierazi du.

Horiek aurrera egiteko, baina, beharrezkoa da AEBek Irango Gobernuaren aurka ezarritako zigor ekonomikoak ezabatzea, Teheranen arabera. Mohammad Javad Zarif Atzerri ministroa Washingtoni zuzendu zaio, esanez beharrezkoa dela hark uko egitea «terrorismo ekonomikoa» negoziazio tresna gisa erabiltzeari. Zigorrak bertan behera uztea da Teheranek «neurri zuzentzaileak» baztertzeko modu bakarra, gehitu du Atzerri Ministerioko bozeramaileak, eurek eginiko akordio nuklearraren hausteei erreferentzia eginez. Halakorik gertatu ezean, neurri horiek «jauzi esanguratsu bat emango dute, azken sabotaje terroristaren ostean».

Etxe Zuriko bozeramaile Jen Psakik, berriz, adierazi du eurek ez dutela zerikusirik izan igandeko erasoarekin, eta gehitu «bide diplomatikoan» zentratuta daudela: «Ez zaigu jakinarazi elkarrizketetara agertzeko planen inguruko aldaketarik».

«Gerra krimena»

Izan ere, zigor ekonomikoak ez dira akordioaren etorkizuna zalantzan jartzen duten bakarrak. Igandean Natanz zentralaren aurka eginiko erasoa «gerra krimen» gisa kalifikatu du Zarifek, eta gaineratu ez dela «zigorgabe» geratuko: «Nahita instalazio nuklear bati eraso egitea, material erradioaktiboa isurtzeko arrisku handiarekin, terrorismo nuklearra da».

Irango Gobernuak uste du Israel dagoela erasoaren atzean. Izan ere, Teheranek argudiatu du Tel Avivek agindu zituela zentral hark 2010ean eta iazko uztailean jasaniko erasoak ere. NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresi bidalitako mezu batean, bozeramaileak gaineratu du Israelek akordio nuklearraren berriztapena eragoztearekin mehatxu egin zuela, eta orain «harro» ageri dela bide horretan neurriak hartu izanaz. Halere, sabotajearen egilea nor izan den argitzeko «ikerketa lan sakon bat» egiten ari direla gehitu du, eta ordura arte Iranek ez duela emango «egiletzaren inguruko azken epairik».

Israelgo Gobernuak herrialdeko hedabideek Tel Aviven usteko egiletzaren inguruan argitaratutako filtrazioak ikertzeko eskatu dio Avichai Mandelblit fiskal nagusiari. Horiek publiko egin dute Mossad inteligentzia zerbitzua egongo litzatekeela erasoaren atzean. «Ezin ditugu halako keinuak eta mendebaldeko iturrien istorioak onartu», azaldu du Benny Gantz jarduneko Defentsa ministroak. Hala, gobernuak ez du erasoaren egiletza onartu, baina Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroak adierazi du Israelek ez duela «onartuko» Iranek arma nuklearrak izatea.

Natanz zentral nuklearrak 100.000 metro karratu ditu, eta Irango programa nuklearreko gunerik garrantzitsuena da. AEBetako inteligentzia zerbitzuak aipatuta, The New York Times egunkariak argitaratu du erasoak eragindako kalteak konpontzeko bederatzi hilabete inguru beharko dituela Teheranak. Izan ere, kolpea uranioa aberasteko zentrifugatzaile berriak martxan jarri ostean iritsi da, eta horiei eragin die nagusiki. Zentrifugatzaileek lehengaia %20 aberasteko ahalmena dute —lehergai atomiko bat egiteko %90 aberastu behar da—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.