Iranek esan du laguntzarik gabe garatu duela erreaktore nuklearra

Teheranek gogoratu du Europarako petrolio esportazioak eten eta beste herri batzuetara bidera ditzakeela

Erredakzioa
2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Nazioarteak jarritako zigor ekonomikoei entzungor eginez, Irannek aurrera jarraitu du bere programa nuklearrarekin. Alde batetik, erreaktore nuklearra martxan jartzea lortu du herrialdean sortutako erregaia erabilita, Mahmud Ahmadinejad Teherango gobernuburak esan duenez. Analisten esanetan, arriskutsua da Iranek aurretik probatu gabeko erregaiak erabiltzea erreaktorean. Bestetik, zentifugagailu belaunaldi berri bat sortu du, uranioa %20 aberastuko duena. Bonba nuklearra sortzeko %90 aberastu beharko lukete uranioa, baina, Israelen eta AEBen ustetan, Iranen helburua arma nuklearrak egitea da. Iranen esanetan, ordea, zaharkiturik zegoen sistema berregiteko sortu dute belaunaldi berria. Horrekin batera, Iranek adierazi dio Catherine Ashton EBko diplomaziabururi prest dagoela negoziazioei berrekiteko Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorrekin —AEB, Txina, Errusia, Frantzia, Erresuma Batua— eta Alemaniarekin. Hala ere, atzo Iranek Europarako petrolio esportazioak gelditu zituela esan zuen Irango Press TVk, baina gobernuak ondoren albistea ukatu zuen.

Teheranek adierazi du ez diola Europari petrolioa bidaltzeari utzi, baina esportazioak ekainaren 1a baino lehen eten eta beste herrialde batzuetara bidera ditzakeela gogoratu du. Irango Atzerri Ministerioak Europa mendebaldean duen ordezkari Hasan Tayiken esanetan, zigorrek Europari eragingo diote, «egoera ekonomiko zailean dagoelako». Iranen zigorrak batez ere Greziari egingo dio kalte, petrolioaren %14 erosten diolako.

Israel, Irani begira

Bestalde, Israelek Irani leporatu dizkio Thailandia, India eta Georgiako azken asteko erasoak. Malaysian Masoud Sedadghatzadeh Thailandiako erasoaren ustezko egilea atxilotu dute. Thailandiaren esanetan, erasoaren helburua pertsona jakin batzuk hiltzea zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.