Giro ezkorra nagusi zen atzo Moskun, Iranen eta 5+1 Taldearen arteko bilera hasi aitzinetik. Bai taldea osatzen duten sei herrialdeetako ordezkariek, bai Irangoek ez zuten espero azken horren programa nuklearraren inguruan parekoaren jarreran eragitea. Irango ordezkari batek bilera hasi aitzinetik erran zuen aurrerapenen bat lortzeko aukera «hagitz txikia» zela, «gutxienekoa», Ria Novosti agentziaren arabera. Bileraren ondotik, ordea, Ali Bagheri negoziatzailea bertzelako aldartearekin atera zen, eta, xehetasunik eman ez bazuen ere, «negoziazio eraikitzaileak» izan zituztela adierazi zuen. Gaur dira amaitzekoak bilerak Moskun.
Bagherik jarrera positiboa agertu duen arren, Iranen aurka hartutako edozein ebazpen «legez kanpokoa» eta «zilegitasunik gabea» litzatekeela erran du. Bileraren aitzinetik, bi aldeek ez dute jarrera aldatzeko asmorik agertu: «Seiko taldeak gure proposamenak onartzen baditu, guk haienak onartzeko prest egonen gara», erran du Teheranen ordezkari batek. Catherine Ashton Europako Batasuneko diplomazia buruaren bozeramailea Michael Mannek, berriz, erran du mahai gainean dagoen aukera bakarra Bagdadeko bileran hitz egindakoa dela, eta Iranek «puntuz puntu» onartu behar duela adierazi du. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko bortz kide iraunkorrek —AEBek, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak—eta Alemaniak osatzen dute 5+1. Ashton dute bozeramaile.
Iranek gustura bukatu du 5+1 Taldearekin dituen bileren lehen eguna
Teheranen ordezkariak erran du elkarrizketa «eraikitzailea» izan dutela; gaur jarraituko du bilkurak Moskun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu